Agosti Xaho oroituz

Urriaren 4an eta 5ean, hainbat ekitaldi egingo dira Donostian

Agosti Xaho jaio zela 200 urte beteko dira urriaren 10ean. Urteurrena ez da oharkabean pasako. Izan ere, hainbat ekitaldi iragarri dira eta, horien artean, Euskal Idazleen Elkarteak datorren asterako prestatu dituen jardunaldiak. Era honetan, Donostiako Koldo Mitxelena kultur aretoa hitzaldi zein mahainguru ezberdinen lekuko izango da. Ekimen honen bitartez, Zuberoako idazle zein politikariaren ibilbidea ekarri nahi da gogora. Hori horrela izan dadin, aditu ezberdinek Agosti Xahoren bizitza eta obra aztertuko dute.



XIX. mendeko izen handi horietakoa da. Idazle, ikerlari, hizkuntzalari eta kazetari lanak egin zituen. Baina bere ekarpena ezin da letren mundura mugatu. Politikagintzan ere aritu zen. Zinegotzi izan zen Baionan baina Napoleon IIIak estatu kolpea jo zuenean ihes egin behar izan zuen.
Kazetari gisa, L’Ariel aldizkaria sortu zuen eta, adituen esanez, Xahori zor zaio inoiz izan den euskarazko lehen egunkaria, Uskal Herriko Gaseta izenekoa. Karlistaldiari buruzko Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques izango da akaso bere lanik ezagunena.

Euskal abertzaletasunaren aitzindari
Zuberotar idazleak (Atarratze, 1810 – Baiona, 1858) Maulen, Oloroen eta Paben egin zituen ikasketak. Hemeretzi urte zituela, Parisa joan zen sortaldeko hizkuntzak ikastera, eta Charles Nodier-ekin harremanetan hasi zen. 1838an, Okzitaniako Tolosara joan zen bizitzera; han, Revue des Voyants izeneko aldizkari bat sortu nahian ibili zen. Handik bi urtera, Euskal Herrira itzuli eta L’Ariel egunkaria sortu zuen. Egunkari hartan eztabaida ugari izan zituen, eta bere teoria bereziak plazaratzeko leku egokia aurkitu zuen. 1848ko Iraultza piztu zenean, L’Ariel-ek izena aldatu eta, Le Republicain de Vasconie bihurtu zen. Euskarazko astekaria ere egin nahi izan zuen, baina bi ale besterik ez zituen atera: Uscal-Herrico Gaseta (1848).
Zinegotzi izendatu zuten, Goardia Nazionaleko komandante eta Basses-Pyrénées-ko kontseiluko kide. 1852an, egunkaria ateratzea eragotzi zioten, eta Xaho erbestera bidali zuten. Belgikan sartzen ez zioten utzi eta, Gasteizen hartu zuen bizilekua. 1854an, Baionara itzuli eta Safer ou les houris espagnoles eleberria argitaratu zuen. Euskaraz, Azti-begia, Agosti Chaho Bassaburutarrak Ziberou herri maitiari Parisetik igorririk beste hanitchen aitzindari argui-bidian goiz izarra (1834) izeneko liburuxka idatzi zuen. Baina, frantsesez liburu anitz plazaratu zituen; horien artean: Paroles d’un voyant, Paroles d’un Biscaien aux Liberaux de la reine Christine (1834); Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques (1830-1835) (1836); Etudes grammaticales sur la langue euskarienne (1836); Histoire primitive des Eusqueriens-basques, langue, poésie, moeurs et caractère de ce peuple (1847); Biarritz entre les Pyrénées et l’Océan: Itinéraire pittoresque (1855); Dictionnaire basque, français, espagnol et latin (1856).
Armiarma web orriko biografian aipatzen denez, “bere burua agnostikotzat, azti edo igarletzat eta ezkertiartzat jotzen zuen. Xahok, bere izpiritu erromantikoari jarraituz, asmatu zuen, besteak beste, Aitor elezaharreko pertsonaia. Kantu zaharrak biltzen ahalegin handiak egin zituen. Zumalakarregirenganako miresmen handia agertu zuen bere idazlanetan, eta gisa askotara euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat jo daiteke”.

Fermin Santxez Agurruza:
“Xahoren egitasmo nazionalean, euskara ardatza zen”
Irakaskuntzan dihardu Fermin Santxez Agurruzak eta gertutik ezagutzen du Agosti Xahoren ibilbidea. Euskal Idazleen Elkarteak Donostian antolatu dituen jardunaldietan hartuko du parte, Agosti Xaho XXI. mendean izeneko mahainguruan (urriaren 5ean, Donostiako Koldo Mitxelena, 19:00etan). Santxez Agurruzak Hitzen Uberan web orrirako egin dizkigun adierazpenetan aitortu digunez, “Xahok bazuen proiektu integral bat Euskal Herriarendako, eta XIX. mendeko ekaitzetan barrena aitzina eramaten saiatu zen, ahal bezala, bat ere kontzientzia nazionalik ez zuen populu bat lozorrotik esnarazten”.

Beste arlo batzuetan bezala, literaturan zein kazetaritzan ere Xahoren ekarpena handia izan zen. Bere garaikoen artean, emankorrenetakoa izan zen akaso?
Fermin Santxez Agurruza. Egia erran, nik garaia ez dut aski ezagutzen horrelako iritzia izateko, baina bai erran ahal dudala Xaho gogotik saiatu zela Ariel aldizkariaren bidez Errepublikaren aldeko sentimendua pizten euskaldunen artean. Horretarako euskaraz argitaratu zituen artikuluak, baita frantsesez, espainolez eta gaskoiaz ere. Aitzindaria izan zen arlo aunitzetan, eta euskal kazetaritzan ere bai. Euskalduna zen osoki, euskaltzalea eta kontzientzia etnolinguistiko sendo baten jabe, eta ondorioz Euskal Herrian argitaratu zen lehen euskarazko aldizkariaren sortzailea, “Uskal-Herriko Gaseta”. Pentsa, hori 1848an egin zuen, Marx eta Engelsek “Manifestu Komunista” argitaratu zuten urtean! Eta ez hori bakarrik, honela amaitzen zen bigarren alea: “Biba independentzia! Biba Errepublika! Biba Euskal Herria!”. Atera kontuak.

Euskara ere aztergai izan zuen. Anton Abbadiarekin batera, euskarari buruzko ikerketa gramatikalak plazaratu zituen. Hori ere zor zaio Agosti Xahori, ezta?
Fermin Santxez Agurruza. Xahok bazuen proiektu integral bat Euskal Herriarendako, eta XIX. mendeko ekaitzetan barrena aitzina eramaten saiatu zen, ahal bezala, bat ere kontzientzia nazionalik ez zuen populu bat lozorrotik esnarazten. Euskal nazioaren etsaiek -nazionalista espainol eta frantsesak, oro har- beti azpimarratuko dizkigute Xahoren kontraesanak, eldarnio eta espantuak, bere baitan nabari den hari gorria ebaki eta eten nahian. Baina Xahok, ororen gainetik, Euskal Herria maite zuen, lurraldea eta populua, eta bere alde ahal zuen guztia egin zuen, ikuspegi errepublikazale, sozialista eta iraultzaile batetik.
Proiektu integral honen bihotza euskara zen, eta honetan ere aitzindaria izan zen dudarik gabe, euskararen zein ortografiaren batasuna proposatuz, gramatika landuz, euskararen jatorria ikertuz… Xahoren egitasmo nazionalean euskara ardatza zen, eta euskarazko irakaskuntza ere aldarrikatu zuen. Ene ustez, euskal nazioaren, hots, nazio euskaldunaren aita dugu zuberotar miresgarri hau.

Utopiaren aitzindari izan zela esan izan duzu inoiz. Baina ez du beste erreferentzia politiko zein kulturalek duten oihartzunik gure artean. Euskal Herriaren hegoalde honetan akaso ez zaio behar adina erreparatu?
Fermin Santxez Agurruza. Xaho aski atzendurik izan da urte luzez, erabat ahantzita egon ez bada ere. Orain iritsi da unea bere bizitza eta pentsamendua berreskuratzeko, zeren XXI. mendeko kapitalismoaren krisi global honetan, “Azti Begia” behar izanen dugu euskaldunok, aske eta euskaldun biziko bagara. Xaho artizarra izan daiteke guretako, hau da, artzaiaren izarra, eta aldi berean aztirra, aztiaren izarra. Heldu diren asteetan ekitaldi franko izanen dira Euskal Herrian, eta haietara joateko eskatzen dizuet bihotz-bihotzez. Bere iragana ahanzten duen herriak bere geroa galtzen baitu.


Patri Urkizu

Kantu zaharrak berreskuratzen lan handia egin zuen Xahok
Kantu biltzaile lanetan ere aritu zen Agosti Xaho eta, honen harira, gogora ekartzeko modukoa da 2006an Patri Urkizuk argitaratu zuen liburua, Agosti Chahoren kantutegia (Susa-2006). 101 abesti batu zituen bilduma horretan: gerra kantuak, amodiozko kantuak, baladak edota itsasoari lotutako abestiak. Liburu horren aitzin-solasean, Xahok egindako ahalegina nabarmentzen du Patri Urkizuk: “Agosti Chaho, erromantizismoaren lekuko eta gurean aitzindari aparta izan zen atharraztarra, XIX. mendearen erdi aldean prestatzen hasi zen garai hartan ederrena eta oparoena izan zitekeen kantu bilduma, euskal kantak pairatzen ari ziren galera eta hondamenditik salbatzearren. Leku berezia eman zien egile ezagunen (Jean Diharce `Pudes´, Erle Galarragakoa, Jean Martin Hiribarren, Hohi Xohütakoa, Jose Maria Iparragirre, Agustin Iturriaga, Juan Ignazio Iztueta, Jean Baptiste Larralde `Bordaxuri´, Jean Robin, Pierre Topet Etxahun…) poemei eta kantei, hala nola ahoz aho eta herria sortzaile zutenei”.
Baina zailtasunak ere topatu zituen bidean Agosti Xahok. Patri Urkizuk dioenez, “badirudi beti eztabaidatsu diren ortografia arazoak izan zirela, tamalez, euskal kantu bilduma honen moldiztegiratzea oztopatu zutenak”, 1845ean Xahok kantutegiko bigarren kanta plazaratzearekin batera L’Ariel literatura aldizkarian adierazitakoari erreparatzen bazaio behintzat.
Bildumako hamar kantu besterik ez zituen argitaratu ahal izan berak zuzendutako L’Ariel aldizkarian. “Gazte hiltzearen ondorioak, agian; Chahoren heriotza 1858an gertatu baitzen eta orduz geroztik ia mende eta erdi iragan behar izan du kantutegiaren eskuizkribuek plazara bidea ediren dezaten”, Patri Urkizuk hala esana, Agosti Chahoren kantutegia (Susa-2006) liburuko aitzin solasean.

Patri Urkizu izango da, hain zuzen, Xahoren inguruko jardunaldietan parte hartuko duen adituetako bat. Euskal Idazleen Elkarteak prestatu duen egitarauan ikusiko duzuen moduan:

Agosti Xahori buruzko jardunaldiak
Urriak 4 asteartea
Agosti Xahoren bizitza. Fermin Arkotxaren eskutik.
Agosti Xahoren obra. Patri Urkizuren eskutik.
Donostiako Koldo Mitxelena aretoan. 19:00etan.

Urriak 5 asteazkena
Agosti Xaho XXI. mendean. Mahaingurua.
Partehartzaileak: Jean Louis Davant, Fermin Arkotxa, Fermin Sanchez Agurruza.

Xahorekin jolasean: bere obran oinarritutako hiru Kamishibai (ipuin tradizionalak).
Aitor Txarterina, Josu Jimenez, Adur eta Asisko Urmenetak sorturikoak.
Donostiako Koldo Mitxelena aretoan. 19:00etan.
Antolatzailea: Euskal Idazleen Elkartea.

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>