Elkar argitaletxeak bi liburu berri aurkeztu ditu aste honetan

Udazkena interesgarri dator. Asko dira iragarri diren argitalpenak. Baina dagoeneko, liburu berri batzuk hasi dira ohiko saltokietara iristen. Aste honetan bertan, esate baterako, Elkar argitaletxeak bi liburu plazaratu ditu: Markos Zapiainen saiakera, Etakideen ametsak; eta Joan Mari Irigoienen nobela berria, Ur arreak, ur garbiak. Hau hasi besterik ez da egin. Gainontzeko argitaletxeek ere laster aurkeztuko dituzte liburu berriak.

Ur arreak, ur garbiak (Elkar, 2011) nobela aurkeztu zuen atzo Joan Mari Irigoien idazle donostiarrak. Nafarroa lehorrean kokaturiko balizko herri baten istorioa da nobela berrian jaso duena. Antza denez, nobela berri honen sustraia duela urte asko Joan Mari Irigoienek berak Egunkarian idatzi zuen ipuin batean kokatzen da. Elkar argitaletxeari eskainitako elkarrizketan dioenez, “hasieratik konturatu nintzen ipuin hura nobela baten hazia izan zitekeela, eta horretan saiatu nintzen. Lehen ahaleginean, eskasa zela esan zidaten argitaletxean, kopla handirik gabe. Baina nik banekien nobela eskas hark bazuela nobela on edo baleko baten oinarria, argi eta garbi izan dut beti hori. Eta orduan, erabakirik onena hartu nuen: kaxoian sartu, eta itxaron. Aurten, hamar urte igaro ostean, berriro hartu dudan arte”.

Joan Mari Irigoien Donostian, liburu berria aurkezten
Nafarroan kokatzearen zergatia azaltzerakoan, nobelako beste hari bat ere uzten du idazleak agerian: 36ko gerraren itzal luzea. Hori uler daiteke Joan Mari Irigoienen adierazpenetan: “Nik, izan ere, banuen osaba bat, frankistek Ezkaba mendian hil zutena, 1936ko gerran. Hil ez: garbitu egin zuten. Akabatu. Halako batean, libre zegoela esan zioten, eta gero, ra-ta-ta…! Bizitza osoan ibili zait itzal hori buruan, modu batean edo bestean. Azken urteotan, berriz, memoria historikoaren aferarekin, injustizia asko dagoela iruditzen zait. Gezurra besterik ez ia. Ikusten dut, Nafarroa eta Espainiaren arteko mendeetako era bateko edo besteko gerran, garaileei guztia barkatzen zaiela. Non daude nire osabaren garbiketaren arduradunak? Non daude kuneteroak? Galtzaileei, berriz, luparekin begiratzen zaie etengabe…! Jende inmoralenak moralaren salbatzailetzat du bere burua, hala agertzen da behintzat. Eta abar. Baina, gaiari berriro helduz, zera: egun batean Humbertino Ayape-ren Las tardes en la Bardena irakurri nuen -Antonio Zavala handiak Auspoa-n argitaratua-, eta orduan, nobela inguru hartan kokatua egon zitekeela bururatu zitzaidan”.

Etakideen ametsak, Markos Zapiainen saiakera liburua
Asteak utzi duen esaldi handi horietakoa izan da ondorengoa. Hedabide ezberdinetan nabarmendu dutena: “ETAren ekarpenik garrantzitsuena Euskal Herriari, ETAri buruzko euskal literatura izan da”. Markos Zapiainen hitzak dira. Etakideen ametsak (Elkar, 2011) saiakera liburua aurkeztu zuen astelehenean Bilbon eta testuinguru horretan eginak daude adierazpen horiek. Euskal literaturan, eleberrietako protagonista etakideek egiten dituzten ametsak aztertu baititu Zapiainek, “hogeita bost inguru, eta ametson inguruko gogoeta batzuk. Argiagoa eta mamiari lotuagoa litzateke Euskal eleberrietako etakideen ametsak, baina luzeegia da”. Hitzok Elkar argitaletxearen web orrian jasoak daude.
Elkarrizketa horretan bertan liburuaren abiapuntuaz mintzo da. Antza denez, enkargu batetik abiatu zuen gerora liburu itxura hartu duen saiakera hauxe. Hala azaldu du Markos Zapiainek berak: “Ibon Egañak eta Edu Zelaietak UEUtik deitu zidaten `Euskal literatura eta gatazka´ ikastaroan hitzaldi bat emateko. Ez nekien nola bete ordu eta erdi hura. Hitzaldietan polita izaten da lantzean behin kontakizunen bat tartekatzea, disertazioa eta mitina goxatze aldera. Eta ametsak ipuin perfektuak izaten dira. Gainera, ia urtero irakatsi behar baduzu Psikologia, astean lau ordu, berez sortzen zaizkizu harreman estuak ametsekin eta Freudekin. Dena den, hitzaldia eta gero, liburua idatzi ahala, sumatu dut etakideen ametsei hobeki egokitzen zaizkiela Gaston Bachelard-en edo James Hillman-en ideiak Freudenak baino”.

Markos Zapiain, Bilboko Elkar dendan
Liburuaren izenburua irakurri eta berehala dator hurrengo galdera. Nolakoak izango ote dira amets horiek? Idazlearen beraren azalpena duzue hauxe: “Ia amets guztiak dira amesgaiztoak. Ilunak dira, erorikoak, heriori lotuak. Sailkapen batzuk: Hamaika pauso-ko ametsak neurotikoari dagozkio, senide eta maitasun harremanetan daude kateaturik; Lagun izoztua-koak zein Pasaia blues-ekoak, berriz, eskizofrenikoagoak dira, psikotikoagoak, nortasuna zatitu egiten zaie eta zatiek ihes egiten diete zeinek bere aldetik, deabrua eta Camaron de la Isla ageri dira, galdu egiten dira basamortu izoztuetan… Atxagaren etakideak dira lo dauden inguruko zaratei eta sentipenei ametsetan sartzen uzteko orduan eskuzabalenak, esna daudenean berez aski autistak badira ere”.
Aztertu dituen nobelak
Markos Zapiainek aztertu dituen eleberrien arten dira Bernardo Atxagarenak (Gizona bere bakardadean, Zeru horiek, Soinujolearen semea); eta beste sei idazleren nobela bana: Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria, Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Harkaitz Canoren Pasaia Blues, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua eta Txillardegiren Labartzari agur.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>