Hitzen Uberanen urte osoan zehar erreparatzen diegu nobedadeei liburu aurkezpenen berri ematearen bitartez, eta liburuetan murgiltzen gara egileak sakonean elkarrizketatuz. Gatzetan gordeak atala duzue horren erakusgarri. Durangoko Azokan berriz, bestelakoa izan ohi da gure ahalegina. Titulu, izen eta albiste oldeak laguntzen ez dituen proiektuei begirada luzatzen saiatzen gara, ahal dugun neurrian: izan generoak, ekimenak, autoedizioak edo lerro arteko dantzak. Prismatikoak, lupak, teleskopioak oparitzen ditugu. Hauxe da egun hauetarako proposatzen dizuegun plana:
Abenduaren 2an
Maiatz aldizkariaren 63. alea ezagutu ahal izango dugu aurtengo azokan. Horrez gain, Maiatzek aurten argitaratu dituen liburuen zerrendari luzatuko diogu begirada.
Abenduaren 3an
Itzulpengintza da fruitu ugari eman arren, argazki bakar batean sartzea kostatzen den literatur arlo bat. Argazki hori ematen saiatuko gara, titulurik berrienak erreferentzien mapan kokatuz.
Abenduaren 4an
Saiakeraren arloan egon diren azken nobedadeak zerrendatuko ditugu, literatura gogoetagai edo gogoetabide.
Abenduaren 5ean
Poesiak ez du askorik saltzen, hori esan ohi da, baina urtero dago poesia titulu berri ugari. Genero honen baitan egon diren nobedadeak ekarriko ditugu gogora, egileek egin izan dizkiguten adierazpenak ere bildumatuz.
Abenduaren 6an
Haur eta gazteentzako lanek stand ugari hartu ohi dituzte Durangoko Azokan, sarritan irudiz ondo horniturik. Baina helduei zuzenduriko lan grafikoek… badute espaziorik? aurtengo eskaintzari erreparatuko diogu.