Kafe Bilbaok Sarituak

2010ean ere antolatu zuen Kafe Bar Bilbaok Teatro Laburreko Gidoien saria, eta dagoeneko badakigu zeinztuk diren azken deialdiko saridunak: euskarazko atalean lanik onenak Pako Aristiren Azken neuronaren heriotza eta Xabier Lopez Askasibarren Erre gabeko zigarroak izan direla erabaki du epaimahaiak. Zortzi urteotan haibat izan dira lehiaketa honetan saritutako autoreak, Aizpea Goenaga, Galder Perez, Patrizia Muñoz Pipaon eta Oier Guillan, besteak beste.

Pako Aristiren Azken neuronaren heriotza komedia bat da eta errudun faltsuaren gaia du oinarri. Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaizki-ulertu bategatik, baina kuartelean egoera nahasten joango da. Errugabea zirudiena gaizkile bihurtuko da hasieran, kale-borrokako liderra hurrena eta ETAko buruzagi ospetsua azkenean. “Polizi-galdeketen absurdoa” salatzen da, eta “zein arriskutsuak izan daitezkeen teorian gu zaintzen gaituzten indar armatu hauek”. Komedia guztietan bezala, bukaeran ezustekoa agertuko da.
Xabier Lopez Askasibarren Erre gabeko zigarroak, berriz, Edipo mito greziarrean oinarritutako testu klasikoa da. Gaur egungo edozein hiritako kale ilunetan kokatzen da akzioa, kalezulo abandonatuetan jazotzen den enkontruaren narrazioa da. Bi bakarrizketaren bidez, pertsonaien bizitzetako istant laburra azaltzen zaigu, une bera bi ikuspegi ezberdinetatik kontatua. Hirian pertsonaia guztiak bakarrik daude, bizitzak eskainiko dien aukeraren zain, sekula helduko ez den aukera hori; poltsikoan lehortzen ari diren piztu gabeko zigarro ahaztuak bezala. Istorioak gizakion bakardadeaz eta idatziak dauden gure bizitzak aldatzearen ezintasunaz hitz egiten du.
Antzerkirako idazketa bultzatzeko asmoz, Mikel Martinez aktoreak sustatzen ditu urtero banatzen diren sari hauek. Honakoa zortzigarren edizioa izan da. Irabazleek 1.200 euro (gaztelaniazko atalean) eta 1.400 euro (euskarazkoan) jasoko dituzte. Horrez gain, testuaren irakurketa dramatizatua prestatu eta Café Bar Bilbaok berak antolatzen duen BILBOKI antzerki programazio barruan taularatuko da. Gidoiak, gainera, taberna honen webgunean argitaratuko dira berehala, eta Artez argitaletxeak kaleratuko ditu ondoren. Aurten 100 urte betetzen du Bilboko Plaza Berrian kokatuta dagoen taberna enblematiko honek. Hori dela eta, beste hainbat ekitaldi antolatuko ditu urtean zehar; hala nola, liburuak argitaratuko ditu, film labur batzuk ekoiztu, fanfarria eta trikitixatabar-eko erakustaldia eta lehiaketa antolatu, edota saskibaloiko erakustaldia bultzatu Plaza Berrian, Bizkai-Bilbao Basqueten parte hartzearekin.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>