Erein argitaletxearen nobedadeak

Azokaren atarian, bost liburu aurkeztu zituen Erein argitaletxeak, lau nobela eta saiakera bat. Hauxek dira: Jon Arretxeren Sator lokatzak, Aitziber Etxeberriaren Nomada, Joseba Lozanoren Herioren mandataria, Toti Martinez de Lezearen Esne eta eztizko lurra, Xabier Etxaniz Rojoren Waterloo-n galdutakoak eta Ibon Sarasolaren Bitakora kaiera.

portada1199

Durangoko Azoka aurreko zurrunbiloan ezin bildu argitalpen guztien berri; hala ere, liburu aurkezpen ugari izan ziren azaroko azken asteetan, besteak beste, Erein argitaletxeak sei liburu aurkeztu zituen, bost nobela eta saiakera bat, hurrenez hurren: Jon Arretxeren Sator lokatzak, Aitziber Etxeberriaren Nomada, Joseba Lozanoren Herioren mandataria, Toti Martinez de Lezearen Esne eta eztizko lurra, Xabier Etxaniz Rojoren Waterloo-n galdutakoak eta Ibon Sarasolaren Bitakora kaiera.

Sator lanetara derrigortu dute Toure

Jon Arretxek Toure sagaren bosgarren nobela aurkeztu du: Sator lokatzak (Erein). Koakzio bidez, poliziaren laguntzaile izatera behartuko dute Toure. Eleberriari buruzko xehetasunak kronika honetan bildu genituen, pasa den astean.

Sobiet Batasuna, Vietnam eta Euskal Herria lotzen dituen intriga

Hirugarren eleberria aurkeztu du Aitziber Etxeberria idazle zarauztarrak. Aurrez, inguruko gaien bueltan ibili zen, Tango urdina (Erein, 2004) eta 31 baioneta (Erein, 2007) lanetan. Lehenengoa, emakumeen aurkako indarkeria hartu zuen hizpidean, bigarrenean, berriz, 1813an Donostia erre zutenekoan ipini zuen arreta. Oraingo honetan, urrutixeago garamatzate gertakari historikoek. Etxeberriak bidaia bat egin zuen Vietnamera, eta herrialdearekin guztiz maitemindu. Horren harria, zerbait idazteko gogoa piztu zitzaion, eta misteriozko eleberri hau ondu du. Nikolay Zaitsev da protagonista, Hanoin bizi den errusiar bat. Artista da eta Txotxongilo Antzoki bat zuzentzen du.  Sobietar Batasuneko enbaxadore berria Vietnamera iritsi eta orduantxe hasten dira Zaitseven komeriak. Argitu gabeko misterio bat dago bere haurtzaroaren inguruan. Eleberriak badu Euskal Herriarekin loturarik, liburuaren azalak berak iradokitzen duenez.

Hemen irakur dezazkezue liburuaren lehen atala.

Errealitatea eta ametsak nahas-mahasean

Bigarren eleberria aurkeztu du Joseba Lozanok. Oscar Miller idazlea eta Marco Berling medikua dira eleberri honetako protagonistak. Millerrek, osasun-arazoak baititu, Berling kontratatzen du, eta, handik gutxira, Berlingi loa eskasten zaio: amesgaiztoak ditu etengabe. Amesgaizto horietako mundua kontatzen digu eleberriak, bi pertsonaien egunerokoaz gainera, eta aurrera egin ahala, ametsen mundua eta errealitatea nahasi egingo dira.

Lozanoren helburua zen liburu gozagarri bat egitea. Ereineko editore Inazio Mujikaren arabera, batzuen arabera bi literatura mota daude, ona eta txarra; Lozanoren hau, berriz, irakurtzen hasi eta aulkira lotzen zaituen literatura da, amaitu arte ezin baituzu utzi.

Hemen irakur dezakezue liburuaren lehen atala.

Aspaldiko garaietara bidaia

Toti Martinez de Lezea idazle emankorra da eta aurtengo neguan ere eleberri berri bat argitaratu du: Esne eta eztizko lurra. Aldi berean publikatu dira lanak euskaraz eta gaztelaniaz. Koro Navarrok egin du euskarazko itzulpena. Esne eta eztizko lurraldera egingo du bidaia Ianitz Ruiz protagonista, 1238ko udaberrian. Palestinara joan, eta pentsatu ez bezalakoak topatuko ditu.

Hemen irakur dezakezue liburuaren lehen atala.

Hizketan ikasten berriz

Xabier Etxaniz Rojok Waterloo-n galdutakoak eleberria aurkeztu zuen. AEKako irakasle bat da protagonista: iktus bat jasan du, eta, horren ondorioz, hizkuntza galdu.

Hemen irakur dezakezue liburuaren lehen atala.

Orain hogei urteko ajeen ifrentzua

Euskara batuaren ajeak liburua kaleratuz geroztik hogei urte igaro diren honetan, liburu horren ifrentzua kaleratu du Ibon Sarasola hizkuntzalari eta hiztegigileak. Bere buruarekin kontuak garbitzeko ahalegin bat dela aipatu du hitzaurrean, eta liburuaren hastapeneko aipuek argi islatzen dute autokritika egiteko gogo hori. Besteak beste, J. M. Keynesek esandako hau: “Egitateak aldatzen direnean, iritziak aldatu egiten ditut”. Umore kutsu handiagoarekin, txiolari baten zirtoa ere bildu du, Xabi Zalbiderena, hain zuzen: “Ondo Sarasola, baina barkamena eska dezala entrega diezazkiola hiztegiak desarme batzorde bati”. Sarasolak adierazi zuzenez,  “hitzak ez dira hiztegietan bizi, hitzak testuetan bizi dira, esaldian”, ondorioz, “filologiari gutxiago begiratu eta idazle onei gehiago erreparatu beharko genieke”.

Hemen irakur dezakezu liburuaren lehen atala.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.