Markez-Aristik eta Ainara Gorostitzuk jaso dute Tene beka

Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarlanean aurkeztutako proiektuak eta Ainara Gorostitzuk aurkeztutakoak jaso dute Tene beka. Benito, plazer bat izan duk da Mikel Markez eta Pako Aristik elkarlanean aurkeztu duten proiektuaren izena. Benito Lertxundi kantariarekin urtetan egindako bazkari eta bazkalosteko solasetan oinarrituta, haren testigantza eta gogoetak modu literario batean jaso nahi dituzte bi egileek. Ainara Gorostitzuren EtorkiZUnak egitasmoa da beste irabazlea, immigrazioaren errealitatea etorkinen euren ikuspegitik kontatu nahi duena.

Kultura zaleek ezagunak izango dituzte aurretik ere irabazleak:
Ainara Gorostitzu Mujika (Ataun, 1981) euskal filologian lizentziatua da, euskal prentsa idatzian ibilia: Euskaldunon egunkarian aurrena, eta Berrian gero; gaur egun, ZuZeu albistari digitaleko kolaboratzailea da. Liburu bat ere badu argitaratua, Nerea Eliasekin batean: Eta gerra etorri zen. 36ko gerraren eragina Ataungo eguneroko bizimoduan (2008).
Pako Aristi (Urrestilla, 1963) idazle, kazetari eta gidoigilea da. Mikel Markez (Errenteria, 1971) kantari gisa da batez ere ezaguna, bai kantaldi bai diskoengatik, baina bestelako lanak ere egin ditu, betiere musikaren zabalkundean, hala nola Trikitixa Elkartean, Herri Irratian esatari gisa, baita prentsako kolaborazioetan ere.
Tene Sariaren ibilbidea
Egileek urtebete izango dute beren proiektuak gauzatzeko, eta 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak liburu biak.
Historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak… bultzatzeko sortu zuten Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sari hau, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez. Hauxe izan da sariaren orain arteko ibilbidea:

- I. deialdian, 2005ean, Ramon Olasagasti izan zen irabazlea, eta sariaren laguntzaz idatzi zuen Mendiminez liburua (goi mendietan hildako euskal mendizaleen kronika eta biografia, 2007an kaleratu zena).

- II. urtean hutsik geratu zen saria epaimahaiaren erabakiz.

- III.a, Alberto Barandiaranek eskuratu zuen 2007an, eta 2009an kaleratu zen haren emaitza: Postkronikak izeneko liburua (lehendik landutako zenbait erreportajeri bigarren buelta bat edo bigarren aukera emanez, itxi ezin den ate bat edo itxi ezin den zauri bat bezala).

- IV. urtean Imanol Murua Uria kazetaria suertatu zen irabazle, eta berehala kaleratuko da haren lana: Loiolako hegiak (EAJ, PSE eta Batasunaren artean izandako elkarrizketa eta negoziazioen historia).

- V. urteko sariduna Mikel Garzia kazetaria izan zen, eta aurki kaleratuko da hark egindako liburua: Zeluloidezko begiradak, Euskal Herriko 13 zinemagirekin egindako elkarrizketaliburua.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>