Kalean da Maiatz aldizkariaren 63. alea

Ohiko moduan mamitsu dator Maiatz aldizkariaren ale berria: poesia, saiakera laburra, itzulpena, narrazioa, kronika, liburu iruzkinak… Gainera, maiatzean Baiona eta Iruñea artean antolaturiko jardunaldietan hainbat idazlek idatzi eta irakurritako testuek ere bildu dituzte. Datorren maiatzean 35 urte beteko ditu aldizkariak.

2235_maiatz

Ohikoan bezala, mamitsu bezain anitz dator Maiatz aldikariko ale berria, bai literatur generoei bai estiloei dagokionez. Ohiko kolaborazioen atalean aipatzekoa da bi ahots berriren poemak jaso dituztela: Rakel Pardo eta Igor Uranga (ikus amaieran ale bana). Honatx beste kolaboratzaileen zerrenda: Jon Maia, Charlotte Chorhy, Mirentxu Auzki, Luixa Giltzu, Marikita Tambourcin, Eric Dicharry, Joseba Aurkenerena, L. Otegi, Jakes Sarraillet, Xan Goenaga, Marttin Artzaina, Jakes Lafitte, Txomin Peillen, Itxaro Borda, Amaia Iturbide.

Baiona eta Iruñea artean antolatu zituzten aurten Maiatz jardunaldiak. Horren harira hainbat idazlek idatzitako lanak jaso eta argitaratu dituzte ale honetan: Lucien Etxezaharreta, Jon Alonso, Joseba Aurkenerena, Josetxo Azkona, Xanti Begiristain, Inma Errea, Jose Angel Irigaray, Aitzol Lasa, Josu Jimenez Maia, Juankar L. Mugartza, Ainara Maia, Joxemari Sestorain, Mikel Taberna eta Auxtin Zamora.

Izen ugari parte hartzaileen zerrendan, eta baita ere aldizkariak zabaltzen duen testuan: Jon Maiak martxoaren 3an Donostiako Belodromoan irakurritako “Kantu bat gara” testu ezagunarekin zabaldu dute Maiatzekoek alea. Eta horren parean, aitzin solasa:

“Aldizkari berri honek betiko itxura hartzen du, aniztasuna eta burujabetasunaren haritik. Toki berezia, hala ere, Baiona eta Iruñaren arteko idazle topaketarentzat. Zerbait argi bada, hau da: elkarrekin hartzeko nahia eta harresien botatzea. Euskal literaturak ez ote ditu bere sustrai sakonenetarik Nafarroan eta mugaz honaindian? Ainarak idazten zuen bezala, Maiatz zubi izatea, urteko berri onetarik da. Ongi etorri Rakel Pardo eta Igor Uranga idazle berriei.

Munduko basakeri eta erokeriaren akzelerazioa ohargarria da hilabete hauetan eta Frantzia edo Estatu Batuetako hauteskundeen giro zitalak, bazter askotako gerla guneen dorpearen gainera ahalgea sortzekoa badu. Milaka, milioika gure ateei joka ari direnak ere hor ditugu. Hilketa tristeek eta iheslari direnen gaiek badute pentsaraztekorik: menperatzaile kolonizatzaileek badutela ardura nagusi bat, munduak suntsituz, bazterrak fundituz eta miseria sortuz, luzarako errefera heldu zaigu. Eta literaturak? Euskal literaturak? Poesia etorkizunez bete arma zela zion Gabriel Celaya donostiarrak. Hitzak zubi baina ere salatzaile eta kontsolagarri izan bitez.

Aldizkaria sortzean dugun atsegina agian irakurle zarenak sendituko duzu. Literatura bizia da, bizi nahia ere eta horren apaingarri eta atsegin”.

maiatz-63

Hogeita hamabost urte beteko ditu Maiatz aldizkariak otsailean, Maiatzekoen esanetan “eskertzen ditugun hainbeste idazle eta lagunen lanari esker irauten dugu, guziei zorionak!”.

Honatx Inma Erreak aipatu jardunaldirako idatzitako testu bat:

Periferiatik

Periferian gaudela, toki zehaztugabe horretatik ari

garelarik, bazterretik, zerbaiten ertzetik, erdigunetik

ere bagara, periferiaren erditik.

Periferiatik ari garela zerbaiten hegitik ari gara, baina

hegi hori ez da erabat (h)egia, (h)egiak berak baitu

bere erdia, eta horregatik periferiaren periferiatik ari

garenean ere, erdigune batetik ari gara, muinetik.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.