Alardearen bidean ikasitakoak kontatu ditu Arantxa Urretabizkaiak

Bidean ikasia argitaratu du Arantxa Urretabizkaiak, Pamiela argitaletxearen eskutik: Hondarribiako Alarde Parekidean parte hartu du hasieratik Urretabizkaiak, eta han bizitakoei buruzko kontakizuna osatu du. Urretabizkaiak argi utzi du, hala ere, ez dela testigantza, edo ez hori bakarrik: liburua, oroz gain, literatura da.

bidean-ikasia

Bidean ikasia argitaratu du Arantxa Urretabizkaiak, Pamiela argitaletxearen eskutik: Hondarribiako Alarde Parekidean parte hartu du hasieratik Urretabizkaiak, eta han bizitakoei buruzko kontakizuna osatu du. Urretabizkaiak argi utzi du, hala ere, ez dela testigantza, edo ez hori bakarrik: liburua, oroz gain, literatura da.

Urretabizkaia bere osotasunean

Orain bi urte abiatu zen Arantxa Urretabizkaiaren eta Pamiela etxearen arteko harremana, eta orduko hartan ere, memoria-ariketa bat egin zuen idazleak, Pello Elzaburu editoreak gogora ekarri duenez. “Desagertu zen mundu edo garai baten erretratua erakutsi nahi zuen Zuri-beltzeko argazkiak liburuak. Honek, ordea, oraindik desagertu ez den mundu bat islatzen du, eta, gainera, pentsatzen genuena baino askoz gehiago luzatzen ari dena, hainbat jarrera eta ideologia uste duguna baino askoz errotuago baitaude gure gizartean”.

Elzaburuk azpimarratu du Urretabizkaia bere osotasunean agertzen zaigula liburuan: kazetaria, idazlea eta pentsalaria; izan ere, kronika, fikzioa eta hausnarketa txirikordatzen dira kontakizuna osatzeko. Gainera: “berehala ezagutzen da betiko Arantxa, bere prosa itxuraz zuzena, garbia eta aldi berean oso-oso gardena hemen ere topa daiteke”.

“Mina eginda dago; orain, ikasi behar”

“Aurkeztu nahi dudan liburuak Hondarribiko Alardearen inguruko gatazka du abiapuntu eta oso haurdunaldi luzea izan du. 1996ko irailaren 8ko eguerdirako banekien egun hartan gertatutakoa kontatuko nuela, ez nekien noiz, nola, baina banekien kontatuko nuela”. Hain zuzen ere, 20 urte behar izan ditu Urretabizkaiak kontakizunaren tamaina eta forma egokia asmatzeko.

Duela 15 bat urte, Urretabizkaia pentsatzen hasi zen mina hartua zegoela, eta  aukera bakarra zela hortik zerbait ikastea: “Urteotan egiaztatu dut zein den gure jokaera nagusia desadostasun baten aurrean. Iritzi desberdina duena etsai bilakatu. Hiru urtez jardun genuen eskaera bideratzen udalari Alardean parte hartzeko baimena eskatuz. Ea lor zitekeen Hondarribian beste herri batzuetan ere lortu zena. Alferrik izan zen, eta 1996ko irailaren 8an egin genuen salto kalera. Hortxe ikusi genuen maioriak ukatzen zituen eskubide baten defentsan jarduten ginen minoria ginela. Handik oso gutxira ikusi genuen, baita ere, maioria gobernatzen zutenek erabaki zutela etsaia ginela eta etsaia txirtxilatu egin behar dela”.

Hondarribian bizitakoak Hondarribitik kanpo ere balio dezakeelakoan idatzi du Urretabizkaiak, eta pentsatzeko ea zer egiten dugun desadostasunen aurrean. Bidean izan da mikatzik, hala ere, lagunak egiteko balio izan diola aipatu zuen autoreak (“eta suposatzen da hori ez dagokiola nire adineko jendeari”), bai eta beldurrak gainditu eta kemena fabrikatzeko ere.

Itxaropentsu amaitu du liburua: ez ote gauden bukaeraren hasieran. Urretabizkaiak argi utzi du liburu hau ez dela Hondarribian gertatutakoaren kronika bat, ez dela historiagile baten lana, ezta Jaizkibel konpainiaren lan kolektibo bat ere. Literatura da, eta horrexegatik eraman dio hainbeste urte.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.