Bob Dylan euskaratzeko erronka

Ahitzear den 2016 honetan, Bob Dylan kantagile iparramerikarrak irabazi du Literaturako Nobel saria. Bere kantu sorta bat euskaratzea izango da Jokin Zaitegi Sariketaren helburua. Lanak aurkezteko epea Urtarrilaren 9an amaituko da.

bobdylan

Epaimahaia Iñigo Roque eta Maialen Berasategi itzultzaileek eta Jon Basaguren musikariak osatuko dute. Parte hartu nahi duten itzultzaileek lagin bat euskaratu beharko dute. Itzuli beharreko testuak ondoko helbide honetan eskura daitezke: www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi

Sariketan nagusitzen denak, Bob Dylanen 100 kantako sorta bat itzuli beharko du 2017ko urriaren 30erako.


Jokin Zaitegi Sariketa

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Jokin Zaitegi beka saria. Aurtengoan ere, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso dute.

Deialdi honen bidez, Jokin Zaitegi arrasatear idazleak literatura unibertsala euskaratzen egindako ahalegina gogora ekarri eta bere jardunari jarraipena ematea dute xede. Nobel sariak itzultzeko lehiaketa denez, edizio honetan Bob Dylan kantariaren abestiak itzuli beharko dira. Hauek dira oinarriak:

1. 2016an Suediako Akademiak Bob Dylan kantagile iparramerikarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Bob Dylanen100 kantako sorta bat itzularaztea da.

2. Bilduma hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako bi kanta hautatuak euskaratu beharko ditu, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 9an amaituko da.

3. Itzuli beharreko testuak antolatzaileek jarriko dituzte partehartzaileen esku. Testuak Internet bidez lor litezke, ondoko helbide honetan: www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi

4. Jon Basagurenek, Maialen Berasategik eta Iñigo Roquek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2017ko urtarrilaren amaiera baino lehen.

5. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

6. Irabazleak 2.000 euroko saria irabaziko du Bon Dylan-en kantak itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2017ko urriaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

7. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko ditu Bob Dylan-en kantak euskaraz, eta 2017ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

8. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:

liburuak@elkar.com  943310267

aed@aedelkartea.eus 943771228


Aurrekariak

Juan Garziak Bob Dylanen kantuetariko batzuk itzuli zituen 1999an. The Times They Are A-Changin’, A Hard Rain’s A-Gonna Fall, Blowin’ in the wind, Forever young… “Euskaraz eta kantu, helburu hori baitute bertsiook: jatorrizkoari ahalik eta hurbilenetik jarraiki, kantatzeko modukoak izatea”, halaxe zioen Juan Garziak itzulpenen hitzaurrean. EIZIEren web orrian topatuko dituzue jatorrizkoak, eta Garziak berak eginiko itzulpenak. Esteka honetan, hain zuzen: Bob Dylan-en poemak euskaraz. Itzultzaile: Juan Garzia.


nobel-prize-medal-584

Jokin Zaitegi sariketari buruzko erreportajea

Bob Dylani Nobel saria eman ziotela profitatuz,  Jokin Zaitegi sariari buruzko erreportajea eman genuen argitara. Beka modukoa 2002az geroztik dago martxan, eta Nobel saridunen lanak euskaratzea du xede. Jokin Zaitegi Sariketari esker euskaratu diren liburuen errepasoa egin genuen urrian plazaratu genuen erreportaje honetan: Nobel saridunak euskaraz

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.