Irati Jimenezekin solasean

Irati Jimenez idazleak hiru liburuxka kaleratu berri ditu Txalaparta argitaletxearen eskutik: Odola, Gatza eta Musua. Hiru liburueta hiru ideiaren inguruko testu laburren kateaketa, Nabarra aldizkarian egindako artikuluak gogoan. Idazle begiradaz, kazetari ahotsez sortutako hiru liburuxka. (Argazkiaren iturria: Naiz).

irati-jimenez

odola-gatza-musua-aurkezpen-irati-jimenez-ona-e1478090018207-225x300

 

Odola, Gatza, Musua. Hiru kontzeptu, hiru liburuxka. Zergatik hiru hauek, eta ez beste batzuk?

Odola izan zen Nabarra aldizkarirako idatzi nuen erreportaje sortaren lehen atala eta ideia honen oinarrian hura zegoenez, horixe hartzea erabaki nuen. Gatza oso egokia iruditzen zitzaidan, egunero-egunero ikusten eta dastatzen dugun elikagaia izanik nekez konturatzen garelako izan duen garrantzia historiko harrigarriaz. Hirugarrenarekin musura jo genuen zerbait oso desberdina egiteagatik, bildumaren zabalera erakusteko. Beste hiru ere izan zitezkeen baina nahiko konforme geratu gara hiru hauekin.

Batera argitaratu dituzun heinean, gauza bat bota dugu faltan: hiruen arteko lotura… musu gatzatuen inguruko irudiak erraz datozkigu burura (From here to eternity, kasu), baita odola eta musuaren artekoak ere (dramara joko bagenu)… baina, odola eta gatzaren arteko loturarik okurritzen zaizu?

Osasunaren arloan lotura erraza dago, odoletan gatz gehiegi eramateak kalte handia egiten digulako. Gatz gehiegi hartuta hipertentsio arriskua dugu eta horrek esan nahi du arteriak gogortu egiten direla eta bihotz-hodietako arazoak izateko arrisku gehiago dugula. Beste loturarik ere badago. Adibidez, Sangre salada izeneko liburua. Sebastian Hacher idazle argentinarraren fikziozko lana da eta La Salada izeneko azokan gertatzen da. Jantzi azoka omen da, Hego Ameriketan egiten den handiena.

Hiru liburuxka hauek hartzeak ezinbestean garamatza Nabarra aldizkariaren azken garaira, zeinean zu izan zinen zuzendari eta kazetari. Testuen estiloagatik, kasu. Nabarran sarritan egiten zenituen kontzeptu baten inguruko ariketak, katalogo subjektiboen modukoak, ideien kateaketak… zer eman zizun horrelakoak egiteak?

Nire lankide batek beti esaten du kazetari bat zera dela, bost edo hamar minutuz edozeri buruz hitz egiteko gai den norbait. Baina bost edo hamar minutuz soilik! Neuk ere horixe uste dut eta konbentzituta nengoen hortik zetorrela nire joera hau, gai batetik bestera ibiltzearena eta anekdotatik honetatik beste horretara. Izan ere, kazetaritzak horixe ematen dizu, gaur honekin eta bihar harekin egoteko aukera, gai batetik bestera jauzika. Baina, antza denez, ez da hori gertatzen zaidana. Edo ez hori bakarrik! Neure joera delakoan nago. Gustatu egiten zaizkit datu absurdoak eta hitzen arteko loturak. Galtzerdi batekin erotzen den txakurra etortzen zait burura. Emango diozu galtzerdia eta hor ibiliko da ero moduan bost minutu, munduan besterik ez balego bezala. Gero etorriko da eulia eta akabo galtzerdia! Badu entretenitzeko beste txotxolokeri bat!

  odola

Nabarra aldizkarian handia zen ariketa horiekin egiten zenuen ahalegina, aldizkari baten filosofian oso zentzuzkoa eta irakurleentzat segur aski esker onekoa. Baina liburura ekarrita… zer lirateke hauek, literatur kutsuko kazetaritza, edo kazetaritza kutsuko literatura? Erreportajetik harago doaz?

Niretzat gehiago izan dira kazetaritza. Gehiago ahalegindu naiz datu bilketan eta datu horien arteko harremanak osatzean beste ezertan baino. Zehaztasuna eta zorroztasuna ezinbestekoak dira zientziaz edo historiaz jardungo bazara, oso modu azalekoan bada ere. Literaturan ahaleginik handiena, niretzat, abstrakzioan dago, emozioan eta estiloan.

Edukiez aparte, argazkiak erabiltzeko moduagatik eta maketazioagatik ere etortzen da berehala Nabarra gogora. Maila horretan, imajinatu zenitzake liburu hauek beste estilo batean, edo irudirik gabe testuarekin soilik publikatuak? Zer garrantzia du Esteban Montorioren lanak?

Ezinbestekoa. Montik jarri zizkien hegoak Nabarrako testuei eta bere lanak egin du posible bigarren hegaldi hau. Argitaratutako lanaz hitz egiten dugunean hitzak jarri ditugunok joera dugu gutaz bakarrik hitz egitearena. Injustoa da, gure ondoan beti egon behar delako argitaldaria, editorea, maketatzailea, ilustratzailea… jende talde bat. Baina kasu honetan are injustoagoa litzateke, liburuxka hauek egin baditugu Monti hor zegoelako izan delako. Bagenekielako Nabarran ze lan ederra egin zuen eta konbentzituta geundelako alde grafikoa bikaina izango zela.

Beti tristatzen gaitu komunikabide baten bidearen amaierak, baina agian beranduegi jabetzen gara horretaz… Liburuxka hauek publikatuta, Nabarrarekin itxi beharreko etapa bat itxi duzu, nolabait?

Baietz esango nuke. Nabarra itxi behar izan genuenean ixtearen lana bera ongi egitea zen lehentasuna eta ia ez nuen denborarik hartu azken bi urteei patxadaz begiratzeko. Argi neukan ikasitakoa neuretzako zela eta bizitzan ez direla horrenbestetan halako ikasgaiak hartzeko aukerak izaten baina, beharbada, itxieraren zauriagatik edo, ez nuen tartetxo bat hartu ikasitakoaz gain egindakoari erreparatzeko. Eta gauza ederrak egin genituen azken tarte hartan ere, harpidedunen konfiantzari esker eta azkenean ahalegina egin zuen lan talde txikiari esker.

gatza

Idazlearen ahotsa

Zure lana jarraitu duenak erraz topatuko ditu zure idazle ahotsaren aztarnak. Zein neurritan da pertsonala triptiko hau?

Estiloan ez naiz gehiegi literaturara joan, nik uste. Nahiz eta estiloa norberarena den neurrian, ezin da gaur bat jantzi eta bihar beste bat. Uste dut pertsonalak direla jolasa diren neurrian. Beste pertsona bati hiru hitz hauei tiraka mosaiko edo puzzle bat egiteko eskatuko bagenio oso bestelako koadroa osatuko lukeela uste dut. Ez baita ariketa zientifiko bat edo asmo entziklopedikoa duena, jolasa baino. Hitz bakar batean dagoen munduari begiratzean geure munduak agertzen dira.

Zinemazaletasuna, kasu, presente dago; hiru liburuetan azaltzen dira erreferentziak (Nabarran azaldu ohi zirenak baino gutxiago hala ere, segur aski). Filma eta telesailetako erreferentziak bilatu egiten dituzu, edo etorri egiten zaizkizu erraz?

Etorri egiten zaizkit! Duela 100 urte bizi izan banintz beti esaera zaharren bat ahoan daukan herriko andre astuna nintzateke. Baina esaera zaharren ordez beti bururatzen zaizkit esaldietako eta bestelako aipuak. Pentsa. Bururatzen zaizkidan guztien erdiak edo esaten ditut eta hala ere gehiegi dira!

Liburu hauek badute dibertimendutik zerbait, baina ez zaio sekula uko egiten erreferentzia eta lotura politikoak egiteari… Dibertimenduari beste dimentsio bat ematen dio horrek?

Asmo entziklopedikorik gabe idatzi ditudala esan dut eta egia da baina zorroztasuna kazetari bati egin ahal zaion gutxieneko eskakizuna da eta zorroztasun horrek eskatzen du gatza aipatuko badut Gandhiren gatzaren martxa aipatzea, Mandelak gatzari buruz esandakoak edo Mandelak baino denbora gehiago pasa duela Gatza izeneko presoak kartzelan. Naturaltasunez egin ditut era horretako aipamenak, baina ezinbestean ere bai. Euskal Herrian politikak daukan lekuarekin berez ateratzen dira halakoak, ez? Ez dakit ze mailataraino aldentzen den dibertimendutik. Kontutan izanda gure inguruan jendeak politikari eman dion lekua, egin dituen ahaleginak eta ordaindu duen prezioa… gutxieneko erreferentzia batzuk ez egitea arraroagoa litzateke!

musua

Literaturan -zentzu hertsian- ezagutu zaituenak, asko itxaron beharko du zure narratiba lanen bat irakurtzeko? Baduzu asmorik edo proiekturik?

Horretan nabil! Nora ez dakizun hori idatzi nuenean sentsazioa izan nuen ordurarte bizitako guztiaren laburpen gisako bat zela eta haren emaitza. Barrenak hustu nituen, neurri handian. Esango nuke oraintsu arte ez naizela berriz halako beste proiektu bat hartzeko bezain beteta egon. Nahiko nuke aurten literaturari emateko beste denbora izan baina hortik bizi ez garenok beti ibili behar gara denborarekin herrestan. Ea. Badut eleberri baten proiektu bat buruan eta hasita ere bai… horixe bukatzea da 2017rako nire asmo nagusietakoa.

Hiru liburuxka. Izango dira beste batzuk? Hasiera bat da proiektu hau?

Irakurleek erabakiko dute. Bilduma luze bat egiteko moduko gogoa badugu eta lanaren parte handi bat aurreratuta ere bai. Irakurleek gustura hartzen badituzte hiru hauek egongo dira beste batzuk. Eta bestela pentsatuko dugu esperimentuak egiteak beti merezi duela eta besteren bat egingo dugu!

Gatza liburuan Hitzen Uberaneko “Gatzetan gordeak” atala duzu aipagai, poz-pozik gordeko dugu han beraz elkarrizketa hau. Bada, orain eta hemen, gatzetan gordeko zenukeen beste zerbait, elkarrizketa honekin batera gatzetan gera dadin?

Ba, begira, Hitzen Uberan izeneko proiektua martxan zegoela jakin nuenean Nabarra egiten ari nintzen eta gatzetan gordeko nuke orduan egin nizuen elkarrizketa, Oier Guillan eta Uxue Alberdiri. Ederra izan zen proiektua ze argi zenuten ikustea eta are ederragoa orduan agerikoa zen profesionaltasunak eta gogoak ematen duten emaitzak arrantzan jarraitzen duela, hitzen itsasoan barrena, sotoak gatzez beteta.

Elkarrizketa honen uberan:

Ahotseneako aurkezpenaz Bilbo Hirian

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.