Irati Eguren ilustratzailea: “Ipuin txiki bat egitea da tailerraren helburua”

Irati Egurenek ilustrazio tailer bat eskainiko du Bilboko Foru Liburutegian. Otsailaren 13tik martxoaren 20ra, astelehenero. Izen ematea ordea, lehenago egin behar da: otsailaren 9a baino lehen. “Pintzelada teorikoak izango dituen tailer praktikoa izango da”, artista bizkaitarrak adierazi digunez.

IratiEguren2

Marrazteko ohitura duenarentzat nahiz ezagutzarik ez duenarentzat. Ikastarora animatzen den orok, ilustrazioaren kontzeptu garrantzitsuenak ikasi eta erabiltzen diren teknika ohikoenak ezagutuko ditu.

 

Izena ematen duenak oinarrizko ezagutzak jasoko ditu. Dena den, zenbat izango du teorikotik? Eta zenbat praktikotik? 

Irati Eguren. Tailerra nahiko praktikoa izango da, datorrenari marrazteko eta marraztuz zerbait kontatzeko tresnak ematea baita helburua. Beraz, pintzelada teorikoak izango dituen tailer praktikoa izango da.

 

Ikastaroko azken saioak ‘Album ilustratuaren proiektua’ du izenburu. Modu progresiboan antolatu al duzu tailerra?

Irati Eguren. Pertsonaia sortu, bere barne mundua ezagutu, eszenarioan kokatu eta sekuentzia bat pentsatu eta irudikatu ostean, ipuin txiki bat egitea da tailerraren helburua.

 

Ilustratzailea dena, kasu honetan, irakasle lanetan arituko da. Ohikoak dira horrelako lanak egin behar izatea? 

Irati Eguren. Jada badaramatzat urte batzuk marrazketari loturiko tailerrak eskaintzen. Aurreko urtean tailer berbera eman nuen foru liburutegia bertan. Arrakasta izan zuenez, eta jendea kanpoan geratu zenez, aurten berriz eskaintzea pentsatu dute.


Egitasmoak begibistan

Miren Amurizarekin batera, Bainera bete itsaso (Elkar) album ilustratua aurkeztu zenuen iazko azaroan. Zer nolako proiektuak dituzu oraintxe  bertan esku artean?

Irati Eguren. Une honetan, album ilustratu piloto baterako ilustrazioak egiten ari naiz. Irakurzaletasuna sustatzeko kartel baterako irudia osatzen, aldizkarietarako kolaborazio txikiak egiten eta, beti bezala, proiektu pertsonalak aurrera eramaten. Oraindik ze bide hartuko duten oso ondo ez dakit, baina bizipoz izugarria ematen didate.


Ilustrazio mundurako sarrera, xehetasunak

Irakaslea: Irati Eguren.

Tokia: Bilboko Foru Liburutegia (2. solairua), Tailerren Gela.

Datak: otsailaren 13tik martxoaren 20ra arte, astelehenero.

Ordutegia: 18:00-20:00.

Izena emateko epea: otsailaren 9ra arte. Liburutegian bertan ala webguneko formularioaren bidez.

Plaza kopurua: 20 plaza, hurrenkeraz.

Doako jarduera. Foru Liburutegiko tailerrean parte hartzeak ez du eragiten inongo ziurtagirik.

Foru Liburutegian sartzeko NANa, pasaportea ala Liburutegiko txartela erakutsi behar da.

Informazio gehiago, esteka HONETAN


IratiEgurenIkastaroa

Ilustrazio mundurako sarrera, edukiak

Lehen saioa, otsailaren 13an astelehena:

Ilustrazioaren panorama historikoa. Album ilustratua nola egituratu. Ariketa: erretratua arkatza eta ikatz-ziriaz. Materiala: arkatza, borragoma, A4 orriak eta ikatz-ziria.

Bigarren saioa, otsailaren 20an astelehena:

Collagea: artisten emaitzak. Collagea eta erretratua. Materiala: arkatza, borragoma, artaziak, A4 orriak, kola eta aldizkariak.

Hirugarren saioa, otsailaren 27an astelehena:

Pertsonaiak nola sortu. Erretratutik abiatuz, pertsonaien espresioaren aldaketetara. Teknikak: tenpera. Materiala: arkatza, borragoma, tenperak, pintzelak, azetato orriak, plastikozko edalontziak, A4 orriak (150etik gorakoak) eta aldizkariak.

Laugarren saioa, martxoaren 6an astelehena:

Sekuentzia irudiz adierazteko baliabideak eta adibideak. Teknikak: txantiloia. Materiala: aurreko asteetan erabilitakoa.

Bostgarren saioa, martxoaren 13an astelehena:

Album edo fanzinea egiteko prozedura (tolesdura). Materiala: aurreko asteetako materiala eta A3 tamainako kartulina zuriak.

Seigarren saioa, martxoaren 20an astelehena:

Album ilustratuaren proiektua. 


Argazkia: aurreko tailer batekoa da, Irati Egurenek kudeatzen duen sare sozial batetik hartua.

Irudia: Irati Eguren.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.