Jon Alonso: “Naparraren kasua ez da ulergarria garai hartako testuinguruaren berri eman gabe”

Jon Alonso idazleak eskuratu berri du Tene Mujika beka; Jose Miguel Etxeberria “Naparra”ri buruzko proiektua aurkeztu du. Proiektuaren nondik norakoei buruz galdetu diogu.

jose_miguel_argazkia_iparra_1023_11

Jon Alonso idazleak eskuratu berri du Tene Mujika beka; Jose Miguel Etxeberria “Naparra”ri buruzko proiektua idatziko du. Historia hurbileko lanak jorratzeko aukera ematen du Tene Mujika bekak; Elkarrek eta Debako Udalak antolatzen dute elkarlanean. Alonsok, beraz, errelatoaren gaiari helduko dio: adierazi duenez, gain-gainean daukagu, eta ezin diogu saihets egin.

Ibilbide luzeko idazlea da Alonso, eta saiakeraren arloan ere argitaratu ditu hainbat liburu. Azkena, iaz: Beltzaren koloreak, genero beltzari buruzkoa, Susa etxearen eskutik.

Bere proiektu berriaren nondik norakoei buruz galdetu diogu.

Zergatik heldu diozu gai honi eta zergatik orain? Azkenaldian auziaren inguruan ireki diren zirrikituek ba al dute zerikusirik honekin ala aspalditik zenerabilen buruan?

Batetik, trantsizioa bizi izan genuenok beti eduki ditugu oso presente biktima batzuk: German Rodriguez, Mikel Zabalza, Pertur, Naparra… Duela bost urtetik hona, dagoen panoramarekin, pil-pilean dago biktimen afera, eta ez da aste pare batean konponduko. Une egokia zela iruditu zait. Azken-azken berriak kasualitatez iritsi dira, testuinguru honetan.

Naparraren desagerpenaz gainera, zeure belaunaldiak gatazka nola bizi izan duen aztertu nahi duzu. Nola uztartzen dira bi ildoak?

Ez, ez da hori, edo ez da hori zehatz-mehatz. Nik esan nahi dudana da orduko hura guztia testuinguru jakin batean gertatu zela; oso gogorra izan zen testuinguru batean, gainera. Egunotan ez dira ari, ba, eta adibide bat baino ez ematearren, Atotxako sarraskiaren biktimak omentzen? Estatuko zenbait tokitan ez da agertzen ari, ba, trantsizioaren errelatoa ezbaian jartzen duen belaunaldi bat? Nik uste dut Naparraren kasua ez dela ulergarria testuinguru horren berri eman gabe, eta beraz, beharrezkoa dela horretaz ere hitz egitea.

Ez-fikziozko lanak osatzeko beka da Tene Mujika. Alderdi formalari begira, zer-nolako testua osatuko duzu: kronika, hausnarketa, elkarrizketa, zerbait hibridoa?

Egia esan, ez dakit zer aterako den. Badaukat hasierako asmo bat, formari begira ere, baina uste dut bidean aurkitzen dudanak asko aldarazten ahal duela baita alderdi formala ere. Nire asmoa da, familiaren bizipenetik abiatuta, hainbat jenderekin hitz egitea –abokatuak, lekukoak, adiskideak…–, eta behin materiala bilduta, ikusiko dugu.

 Familiaren laguntza ere izango duzu. Nola abiatu da elkarlan hori eta nola mamituko da?

Iruñea herri bat da eta denok elkar ezagutzen dugu. Eneko Etxeberria anaiaren bidez hasi naiz gaia lantzen. Niretzat, lehen konpromisoa eta lehen helburua da, beste gauza batzuen gainetik, familia horrek zer bizi izan duen, eta nola, islatzea, jendeak, eta gazteek, batez ere, horren lekukotasuna izan dezaten. Naparra iruñarra zen; iruditzen zait bertako idazleok nolabaiteko ardura badugula kasua ezagutarazten eta memoriaren puzzlearen beste pieza hori ematen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.