Literatura ikastaroa antolatu dute Donostiako Zaldi Urdina sorkuntza espazioan

Yurre Ugartek zuzenduko du eta otsailaren 7an hasiko bada ere, matrikulatzeko epea zabalik dago oraindik. Ikastaroko gidariak azaldu digunez, “literaturaren adar ezberdinak landuko ditugu: mikroipuinak, ipuinak, poesia, antzezlanak, nobela…”,

yurreugarte

Literaturaren adar ezberdinak landuko dira (poesia, narratiba, nobela) edo estilo jakin bati helduko zaio? 

Yurre Ugarte. Literaturaren adar ezberdinak lantzen ditugu: mikroipuinak, ipuinak, poesia, antzezlanak, nobela… Horrela izan ohi da printzipioz. Gertatu izan da partehartzaileren batek hasieratik alor edota gai zehatz bat landu nahi izan duela eta orduan, bada, egokitu gara eskakizun berezi horretara.

Literatur tailerrak zenbat izango du teorikotik? Eta zenbat praktikotik?

Yurre Ugarte. Idazketaren ezinbesteko aldea den irakurketan murgildu ohi gara: idazle klasiko eta garaikideei atea irekitzen diegu. Josteko tailerretan bezala, hitzak jostea, alegia, praktika gailentzen da gurean. Eta etxean sakondu nahi duenarentzat, oinarri teorikoa ere eskaintzen zaio.


Ekainean, erakusketa

Antzeko ikastarorik eskaini duzu aurretik. Zein da partehartzailearen profila?

Yurre Ugarte. Zaldi Urdina Espazio independiente eta partikular (hitzaren zentzu guztietan) bat da eta partehartzailearen profila ere, halakoxea da: literatur sorkuntzaren harra barnean daramana eta bultzada bat behar duena, literaturak liluratuta daukana, idaztera lehenengoz ausartu nahi duena. Kazetari, bertsolari, zerbitzari, psikologo, marrazkilari, jubilatu, nerabe,… Denetarik izan ohi dugu, gehienak 30 urte ingurukoak. Batzuek bi urte daramatzate jada ikastaroa utzi gabe.

Ikasturte amaierarako Zaldi Urdineko Ilustrazio Tailerrarekin kolaborazioa egiten dugu (Ainara Azpiazu “Axpi” eta Maite Rosenderen tailerrekin, orain arte).  Marrazkiak abiapuntutzat hartuta testuak idazten ditugu eta haiek gure testuetan oinarrituriko marrazkiak sortzen dituzte. Testu eta marrazki hauekin erakusketa bat prestatzen dugu, ekainean zehar han bertan ikusgai izan ohi dena. Lanen maila mirestekoa izaten da.

Joan den urteko erakusketaren inaugurazio ekitaldian, testuak irakurtzeaz gain, musika eta bertsoen konpainian aritu ginen. Bertan, partehartzaile cum laude den Iñigo Olaetxeak bota zuen honako bertsoak ederki laburbiltzen du gure ikastaroaren muina:

Urteetan zehar eztugu jakin

ta iritsi da unea

nolatan bete barruan dugun

sormenaren hutsunea

zaldi urdinak elkartu gaitu

toki goxo zein xumea

zuk nahi duzuna zuk nahi bezala

egin daitekeen gunea


Idatzi nahiak bihurtu gaitu

hitzaren mertzenario

esaldiaren jostunak eta

ezinaren arerio

izan gaitezke behetoben, ertzain

eria edo herio

aske sentitu gaitezkeelako

orri txuri bat medio


Euskal taldean elkartu gara

sei asmo gozo, sei lagun

goxotasun eta irriparraren

itzalpean dugu jardun

sentitu gara idazle aske

edo poeta euskaldun

eta izaten segi nahi dugu

zaldi urdineko zaldun


Izena eman nahi duenak, nora jo behar du?

Telefonoz egin daiteke, 688 845972 zenbakira deituz, edota  emailez zaldiurdina1@gmail.com email helbidera idatziz.

SorkuntzaTailerDonostia

Mattin marrazkilariak egin du ikastaroko kartela.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.