Albisteak

Asier Serrano: "Nire linbotarrak gehiago gerturatzen dira hildakoen bizimodua daramaten bizidunetara"

'Linbotarrak' lanarekin Xabier Lete Poesia Saria irabazi duOsteguna, 2016-04-14

Asier Serranoren lan berri honetan "askotarikoak dira irudi poetikoak, erreferentzia eta estilo arras desberdinetakoak, eta gehienetan ageriko loturarik gabe, collage moduan uztartuak". Epaimahaiaren hitzak dira horiek. Xabier Lete hirugarren sariketan gailendu den poemategiak "dezente du pop-etik edo are poesia filosofikotik ere. Ororen buru, hizkera eta irudi zuzenak erraz biltzen du irakurlea poetak egiten duen barne bidaiara”. Pamiela argitaletxeak emango du argitara Eibarko idazlearen lan saritu hau.

'Linbotarrak' izena ipini diozu poema bilduma sarituari. Hiztegira jo dugu eta, hara: "Linboa: teologia katolikoan, zeruko dohatasunik gabe, baina inolako zigorrik gabe dauden arimen egoera". Barka atrebentzia, baina ez zaitugu zintzoen saldoan imaginatzen. Nortzuk dira Linbotarrak?

Egia da poemario honetan linboaren figura erabili dudala teologia katolikoaren esangurarekin estetika bat lortzearren, baina kasu horretan soilik esango nuke. Bai, agertzen dira aingeruak eta deabruak; baina hemen, aingeruek sexua daukate eta deabruek kontzientzia. Gure gizarte hau, lurraren mantuan bizi da, infernuaren eta zeruaren artean, hori da nire linboa poemategi honetan: zapaltzen dugun lur hau, asfaltozkoa, harrizkoa, porlanezkoa, lokatzezkoa... esango nuke linbotarrak gu denok garela, gure mirari eta miseriekin. Nik gero eta gutxiago sinesten dut giza-taldeetan, baina gero eta gehiago bakarkakoan, indibiduoan. Poema hauek ere solte mintzo dira eta nahigabean osatzen dute talde edo bilduma bat. Nire linbotarrak gehiago gerturatzen dira hildakoen bizimodua daramaten bizidunetara, edo bizirik dirauten hildako horien oroitzapenetara.

Karlos Linazasoro eta Luis Garde dira aurreko edizioetan sari honen jabe egin direnak. Xabier Lete Poesia Saria eskuratzeak –eta zure izena horien ondoan ikusteak– zer suposatu du zuretzat?

Poesia irakurzalea naizen aldetik ezagutzen dut bai Karlosen eta bai Luisen poesia, eta oso aberatsa iruditzen zait bakoitzak egin dion aportazioa euskal letragintzari. Suposatzen dut satisfakziorako motiboa badela  "Linbotarrak", "Ezer gehiago esan gabe" eta "Eremuen birkalifikatzea" liburuekin Pamiela etxearen katalogoan egotea.

 Lete


"Ikuskizun musiko-literario bat ari naiz prestatzen"

Musikara itzultzeko baliatuko duzu sarian jasotakoa. Errezitaldi musikatuak izango dira ala agerraldi horiek gehiago izango al dute kontzertutik? Lorelei formatoan ala bakarkakoan?

Dena airean dago. Duela hilabete pare bat ari naizela Eibar eta Zarautz artean bizitza egiten. Nire bakarkako proiektuetan Zarautzeko musikariak izan ditut bidelagun, Antxon Sarasua batez ere. Antxonekin banabil ikuskizun musiko-literario bat prestatzen azken bi lan sarituak batuko dituena: "Linbotarren ate osteko itzalak" edo "Linbotarren itzalak ate ostean" deituko dena. Hortaz aparte, badira hamaika urte azken diskoa kaleratu genuenetik eta aspaldiko musikari lagunekin elkartzean (Alberto Garzia eta Ander Izeta) halako nostalgia bat sortzen da ez dakizuna non bukatuko den... ikusiko da. Loreleirena ere hor dago; nahiz eta Nortonen zirrietan sartu ez naiz ausartzen azken pausua ematen. Ez dut antsietatea sortuko didan ezertan sartu nahi. Oraindik orain garaitzeko beldur asko ditut, eszenatokia da beldur horietako bat.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)