Joseba Mikel Ugalde: "Nire askatasuna ez da saltzen den horietakoa. NIrea da"
Astelehena, 2014-12-22Hirurehun eta hamar segundo haiek liburua aurkeztu zuen 2012an. Liburu hartan, Antonio Agirre 'Urertze' maisua zen protagonista. Haren segidan iritsi zen Urertzeko mamarrua (2013) izeneko lana. Urertze maisuarekin ibilitako ikasle baten ibilerak azaltzen dira bertan, koaderno laranja batean bilduak. Joseba Mikel Ugaldek trilogia osatzera datorren liburua plazaratu berri du: Muakiss. "Hiru liburuak lotzen dituen haria, berbera bada ere, liburu bakoitzak bere autonomia du", hala aitortu digu Bermeko idazleak. "Baina historia bereko hiru kapitulu dira". Hiru liburuak idazleak berak idatzi eta plazaratu ditu: "autoedizio kontuak nahaspilotsuak dirudite, baina ez dute inolako misteriorik". Modu horretan aske sentitzen da gainera idazlea: "bakarrik pentsatzea editore batek, zure testuak aldatzeko edo kentzeko ahalmena duela, amorru bizian jartzen nau. Nire askatasuna ez da saltzen den horietakoa. NIrea da".

Liburu honek badu loturarik zure aurreko bi liburuekin: Hirurehun eta hamar segundo haiek (2012) eta Urertzeko mamarrua (2013). Baina aurreko biak irakurri gabe, hau ere ondo irakurri eta ulertu daiteke ezta?
Bai hala da. Hiru liburuak lotzen dituen haria, berbera bada ere, liburu bakoitzak bere autonomia du. Historia bereko hiru kapitulu dira.
Esan daiteke trilogia bat ixtera datorrela Muakiss (2014), ala jarraipenik izango al du liburu-segida honek?
Hirugarren hau, azkena da, beraz ez du jarraipenik izango. Hasten den guztiak, bere amaiera behar du, eta neurria aurkitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait.
Mamiari heldu diezaiogun. Post it logikarekin egina, badirudi puskak biltzen aritu zarela. Nola definituko zenuke liburuak bere baitan dakarrena?
Mamia gehien bat, testu laburrekin osatua dago. Oraingoan, testuak alaiagoak eta gazteagoak dira. Bizi garen garaietan, mezuak zuzenak eta erakargarriak izan behar dira, bestela zaborrontzian amaitzen dute.
Blog batean iritzia emateko aukera
Badu interaktibo izateko gogo bat ere lan honek. Bukaeran iritzia eskatu eta blog baten helbidea ematen baita.
Bai, hitzekin batera, tarteka audioak, bideoak, eta gifak daude. Blog baten itxura eman diodanez, azkenean, irakurleak nahi badu, iritzia emateko aukera du.
Hitz joko asko dago. Eskela da akaso, adibide grafikoena. Zirtoak, ateraldiak, ziriak... Bertsolarien hitz-jolas horretan gustura eta eroso sentitzen zara.
Gogoko dut hitzekin jolastea. Beti pentsatu izan dut, ateraldiak edo harrikadak, hizkuntzaren mesedetan badira, idatziak ere izan behar direla. Ugaldetarrak beti izan gara bertsozaleak. Liburuan, nire aitonak 1917an botatako bertso bat ere agertzen da. Bertso alaia eta tragikoa ere berean.
Gertuagoko den lenguaiak kezkatzen al zaitu? Komunikazioa errazteko ahalegin bat ere sumatzen baita liburu honetan.
Hala da. Euskararen 'egoerak eta geroak' kezkatzen naute. Geroa oparoagoa izan dadin, ezinbestean, bide berriak asmatu eta jorratu behar dira.
Formatoa aldatu egin duzu. Gida baten itxura du, eta ez da kasualitatea, ezta? Weblog, post it logikara hobeto egokitzen delako agian.
Bigarrena koadernoa izan zenez, hirugarrena berriagoa izan behar zen. Webloga eta post it-ak, esparru modernoago bat osatzen dute, baina hitzak, gogoetak, paradoxak, hitz-jokoak, mikroipuinak, eta abar, dira benetako protagonistak.
Zure kasa eman duzu argitara. Nolakoak dira autoedizioaren ajeak?
Hasieran pentsatzen duzu, autoedizio kontuak nahaspilotsuak direla, baina ez dute inolako misteriorik. Lehenengo liburuarekin ikusi nuenez, nire hitzek ez zutela lekurik gure 'argital-letxeetan', nire bidea egin nuen. Ez naiz damutzen. Bakarrik pentsatzea editore batek, zure testuak aldatzeko edo kentzeko ahalmena duela, amorru bizian jartzen nau. Nire askatasuna ez da saltzen den horietakoa. NIrea da.
Bide batez, liburua eskuratu nahi duenak, nora jo behar du? Edo nola egin dezake?
Aurreko bi liburuak, paperezko formatuan salgai daude liburudendetan, aldiz hirugarrena, interaktiboa denez, sarean irakurtzeko sortutakoa da. Hala ere, bilduma osoa, sarean eta FR€€DOAN dago irakurgai, 'Urertzeren Uberan' webgunean.
"Erromantikoegiak gara papera goraipatzerakoan"
Besterik gehitu nahiko zenuke?
Formatu kontuetan, nire ustez erromantikoegiak gara, papera goraipatzerakoan. Testu digitalak badu bere abantaila, mugikorren bidez, nonnahi eta noiznahi irakur dezakegula.



