'Urertzeko mamarrua', Joseba Mikel Ugalderen liburu berria
Ohiko argitaletxeetatik haratago, autoekoizpenak ere badiraAstelehena, 2013-12-02Hirurehun eta hamar segundo haiek liburua aurkeztu zuen iaz. Joseba Mikel Ugaldek berak dioen bezala, collagekera moduan. Liburu hartan, Antonio Agirre 'Urertze' maisua izan zen protagonista. Oraingo honetan, "harekin ibilitako ikasle bat da, koaderno laranja batean idazten ari dena", argitu digu Bermeoko idazleak. Koldo Lopategi 'Mamarru' da ikasle hori, Joseba Mikel Ugalderen alter egoa edo. Collagekera estiloan berriz ere, idazteaz, irakurtzeaz, maitasunaz, heriotzaz, logikaz, hitz-jolasetaz, umoreaz eta ironiaz jositako idatziak dira liburu berri honetan batu dituenak.

Hirurehun eta hamar segundu haiek liburua plazaratu zenuen iaz. Orain Urertzeko mamarrua kaleratu duzu. Aurrekoarekin parekatuz, hemen ere koaderno bat da ardatz nagusia.
Hirurehun eta hamar segundo liburuan, maisua eta maisuaren koadernoa izan ziren ardatz. Oraingoan, maisu harekin ibilitako ikaslea bat da, maisuaren uberan, ohitura berbera duena. Hango gogoetak, maisuaren eta ikasleen gogoetak zirenez, anitzagoak ziren, oraingoak, pertsona batenak direnez, pertsonalagoak dira. Baita kontatzeko modua bera ere.
Koldo Lopategi 'Mamarru' zure alter-egoa dela esan daiteke. Zure gogoetak bere bitartez plazaratzeko fikziozko ikasle-idazle bat. Baina zure bizi-esperientziarik asko duena, ez al da ala?
Baliteke. Orain argiago dago. Hausnarketak, bizitzak emandako esperientziatik ateratakoak dira. Gaztetan, modu hetereoan ikusten dugu dena, aldiz, eskarmentuarekin, estereoan begiratzen dugu dena, eta baita ez dena ere.
Poesia dago baina ez da ohiko poesia liburu bat. Hausnarketak daude baina ez da pentsaera itxurako liburu bat. Collagekera azpideiturak eman dezake pistaren bat. Nola definituko zenuke zuk Urertzeko mamarrua?
Ez dakit nola definitu. Nik ezin dut beste modu batera idatzi. Gai bati, edo esaldi bati, buelta eta bueltaka ibili ondoren, gero idazterakoan, oldartsua naiz. Eta ateratzen dena, atera da, hor dago, gen eroa izan, edo ez izan generoa. Bizi da, eta izena duenez, generoa ere bada, nahiz eta, genero guztiak ez izan denen gustukoak.
Horregatik asmatu nuen 'Collagekera' hitza, pistatxo bat emateko.
Non eskuratu daiteke liburua?
Elkarrekoek arduratuko dira banaketa kontuekin, beraz, bai beraien eta bai beste edozein liburudendetan ere, salgai izango da nire generoa.



