Komunitatea, trinkotzen
Asteazkena, 2018-07-25Argazkiak idazki literarioekin osatuak, ipuinak, gogoetak, liburu iruzkinak, itzulpen lanak... Anitza da Komunitatea atalak eskaintzen duena. 2017/2018 ikasturteak eman duena errepasatzeko garaia da.

2015an zabaldu genuen Komunitatea izeneko txokoa. Euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatzen dute atala eta, nola ez, partaide berri gehiago hartzeko zabalik ditu ateak (albiste honen amaieran duzue izena emateko azalpena.
Komunitatea ataleko kideek ekarpen ederra egin diote uberan.eus web orriari. Txema Arinas apirilean hasi zen atal honetan parte hartzen eta denbora honetan bera izan da Komunitateari arnas gehien eman dion kideetako bat. Lehen iruzkina Karlos Linazasororen 6012 (Erein) nobela laburrari eskaini zion. Geroztik hona, liburu gehiago hartu ditu hizpide. Baina literaturari buruzko bestelako hausnarketak egiteaz gain, sormen lanak ere partekatu ditu uberan.eus web orrialdeko irakurleekin. Piztia izenekoa, kasu:
Piztia
Piztia sortu zen
bere herriaren etxea
defenditzeko,
otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
.
Piztiak hondatu zituen
herriaren aziendak,
soloak,
pinudiak;
Piztiak galdu zituen
korrituak,
errentak,
interesak,
Piztiari
armak kendu zizkioten
eta eskuarekin hondatu zuen
bere herriaren etxea;
eskuak ebaki zizkioten,
eta besoarekin hondatu zuen
bere herriaren etxea.
Piztia utzi zuten
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe.
Eta arimarekin hondatu zuen
bere herriaren etxea.
Piztia hilen da,
bere arima galduko da,
bere askazia galduko da;
baina Piztiaren arima
iraunen du
elikatu zuten bihotzean.
Benedetti euskaraz
Amaitu berri den ikasturtean, Iban Laka izan da maiz-maiz aritu den beste komunitate-kidea. Mario Benedettiren poema euskaratuak partekatzen ari da azken boladan. Horren erakusgarri duzue Laztanen gaineko txostena, bere txokoan ipini duen ekarpen berriena. Benedetti zalea bazara, poema asko topatu dituzu Iban Lakaren tartean.
Laztanen gaineko txostena
1
Laztana hizkuntza bat da
eta zure laztanek hitz egingo balidate
nola nahi isiltzea
2
Laztana ez da
beste laztan urrun baten kopia
bertsio berria da
ia beti ondua
3
Azalaren jaia
laztana iraun bitartean
eta urrundu ahala
lizunkeria babesgabea
4
Ametsen laztanak
mirari eta xarma
akats bakarra
ukimen falta
5
Abentura eta enigma bezala
laztan hasiera
laztan bihurtu aitzinera
6
Argi dago onena
ez dela laztana bera
baizik eta bere jarraiera.
Mario Benedetti
Lizarren poemak
Txema Arinas bezalaxe, Lizar ezizenarekin idazten duen kidea ere udaberri partean batu zen Komunitatea atalera. 13 poema eskegi ditu orain arte. Ihes egitearena izenekoa da horietako bat:
Ihes egitearena
arratoiak bezala eraman gaituzte emmigratzera
eta han arratsaldea eta han gaua
beste bat ziren
hemen nire-neure haginak tragatzen ditut nahigabe
eta kalabazak eta loreak eta euren zurtoinak
baina maite-gorroto dut osteko polemika
hemen alderantziz eskapatzen naiz zugandik
brillantinaz beteta, drag-queen nortasunez
oraingoan Portugaleraino
eta ez dakit gero zer
Kide askoren bilgune
Eskaintza, hala ere, zabalagoa da. Atal hau zabaldu zenetik hona, asko izan dira idatziren bat partekatu duten lagunak: Txema Arinas, Lizar, Eneko Aizpurua, Miren Gorrotxategi, Urt Zubiaurre Otamendi, Eider Perez, Iban Laka, Jose Inazio Basterretxea, Edu Zelaieta, Aritz Gorrotxategi, Erisentxokoilunetik, Begoña Lasa, Martin Bidaur, Hasier Rekondo, Mikel Ibarguren, Jon Askasibar, Mikel Zumeta, Ian Sancho Linares, Ainara Maia, Ione Gorostartzu Etxebeste, Pello Otxoteko, Joseba Mikel Ugalde, Aritz Mutiozabal, Ernesto Prat Urzainki, Juan Ramon Makuso.
Komunitateko ateak zabalik
Komunitateko kide izateko ez da idazlea izan behar. Edonork ditu ateak zabalik. Hausnarketak, idatziak, lan literarioak, sormen lanak… partekatzeko gogoz dabilenak, txoko bat du Hitzen Uberan. Baldintza bakarra: euskaraz egitea. “Nola egin naiteke Komunitateko kide?”. Galdera hori buruan duenak uberan.eus/komunitatea helbidean topatuko ditu xehetasun denak.
Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?
uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.
uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.
Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.
Zeintzuk dira Komunitateko kideak?
- Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
- Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?
Kide izateko eskaera bideratuz: uberan.eus/komunitatea helbidean topatuko duzun formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.
Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.
Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.
Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.



