Garazi Ugalderen poema: «Erortzeko moduak»
Astelehena, 2021-09-27ERORTZEKO MODUAK
«keak ereindako bide honetan
gidatzen gaitu nahigabeak
barruko itsaslabarretatik
erortzen gara
gero eta beherago
horren aurka borrokatu gabe
konturatu bagina bezala
hori dela
geu garena».
Izaskun Gracia Quintana
Ohe hutsetan, 2018, Balea Zuria
I
Hauskorrak ginela orrokatzen zigun
labarrak, baina gu ez geunden
halakoak aditzeko tenorean.
Guk bizitza xurgatu nahi genuen,
bizitza betea. Gainerakoa
―hautsa, distortsioa, nekea―
soberan zegoen.
Oraindik ez genekien
han geundenetako nork
abandonatuko zuen
lehenengo
bere burua.
II
Erorketa amaigabe batean
goaz, irla hegalari bati
gogor helduta.
Itsaslabarraren oihartzuna
leun aditzen da han nonbait
geure buruaz beste bat
egitera goazen honetan:
labain egiteko beldurra eta
hegaldiaren tentazioa
bi-biak batera
oihuztatzen dizkigu
oraindik
urrunean.
III
Labarretako hegaztiak datozkigu
bisitan lehorrera
denboraren (h)egiak desafiatuz.
Zelai batean aurkitu gaituzte
oinak lur
haur helduen olgetan.
Betondoko zimurretatik
moko-sastadaka
amildu gaituzte
barrurantz
labarretan behera
izan ginen
hartara.