Ur Apalategik irabazi du Beterriko Liburua Saria, bigarrenez

111 Akademiako kideek idazle lapurtarraren Fikzioaren izterrak ipuin liburua izendatu dute iazko obrarik gogokoen.



111 Akademiako akademiakideek Ur Apalategik idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Fikzioaren izterrak ipuin liburua aukeratu dute 2010eko Beterriko Liburu. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 14an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2010ean gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 170 akademiakideei, eta lehen txanda hartan Beterriko Liburu izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak eta Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak izan ziren bi finalistak, eta Apalategiren ipuin liburuak jaso du boto gehien; idazle lapurtarraren lanak hamasei botoko aldea atera dio Arantxa Urretabizkaiaren nobelari. Aurreko bi txandetan ere Fikzioaren izterrak izan zen boto gehien jaso zuena (lehenengo txandan Mikel Antzaren Ospitalekoak lanarekin berdinduta).

Irabazleari saria ematea baino ez da geratzen orain. Maiatzaren 5ean ospatuko da 2010eko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena ezagutzera emateko ekitaldia, Asteasuko udaletxean, arratsaldeko 19.30ean. Idazle saritua bertan izango da, eta obra sarituaren larruz enkoadernaturiko ale bat jasoko du.

Esan bezala, Ur Apalategik bigarren aldiz eskuratu du Beterriko Liburua saria; 1997an jaso zuen aipamena lehen aldiz, Gauak eta hiriak eleberriarekin. Orain arte, beraz, Apalategi eta Anjel Lertxundi dira Beterriko Liburua saria bi aldiz irabazi duten idazleak.

Hain zuzen, Fikzioaren izterrak liburuari buruz Ur Apalategirik egindako elkarrizketa izan zen Hitzen Uberanen argitaratu genuen aurrenekoa. Fikzioaz, euskal literatur sistemaz, kanonaz, literatura maskulinoaz, botere-lehiaz, maitasunaz… hitz egin zigun idazleak. Elkarrizketa irakurri eta bideoak ikusi nahi izatera, klikatu hemen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>