Etxeko piztien saila: 1. Txoria

EZ GARA JENDE GAIZTOA. Ez gara munstroak, sadikoak edo krudelak, baina 5:45eko autobusa hartzen dugu egunero, eta horretan datza kontu guztiaren muina. Badakigu bizitzak eta gainerako langileek barre egiten diguzuela aurpegira, eta ez dagoela inor gu baino lehen autobusa hartu behar duenik.

            Badakigu ongi, zuok, garraioa 6:20an hartzen duzuenok, eguzkiaren lehen printzak ikusten dituzuela goizean goiztik; ez bada neguan, bai bederen udaberriko azken partetik aurrera. Badakigu ere nola kapaz zareten elkarren artean bi solas egiteko, nola batek aipatzen dion besteari bere suia planetako tiporik tontoena dela, eta bestea gai dela topiko horiek entzun eta zalantzan ipintzeko.

            Horrek guztiak xarma dezente ematen dio zuon bizitzari, eta ziur gaude, gaur guri bezala, txoririk sartu izan balitzaizue autobusean, erabat desberdina izango zela zuon jokabidea.

            Hasieran irri egingo zenuten txoria autobus barruan ikustean. Txoria berez baita animalia alaia eta jolastia. Gero saiatuko zineten hura ateratzen, txoferrari ateak zabaltzeko eskatzen –eta txoferrak agian txiste bat egingo du, esanez hegaztia tiketa ordaindu gabe sartu zaiola tramankulura-, eta elkarri begiratu eta gero, ziur aski norbaitek, agian zuk zeuk, txikitan txoriren bat jaso eta eskuetan erabili zenuelako-edo, tentuz hartuko du eta kanpora aterako izaki aztoratua.

            Izan ere, modu horretan bukatu behar luke gaur goizeko kontakizunak. Agian lehen eguna du txoriak mizpira-arbolatik kanpo. Agian ez ditu mendi harritsuak ezagutzen oraindik, ezta etxeak, ibai handiak eta itsasoa ere.

Baina ez da zuen autobusera sartu. Txoria, tamalez, gurean sartu da, eta ia bidaia osoa guri begira egon ostean –inork ez baitio deus esan gidariari-, bizpahiru saiakera egin ditu. Leihoarekin asmatu gabe, ordea. Azkenik, zokoratu egin zaigu erabat beldurtuta. Nik uste, gu beragana hurbiltzen hasi aurretik igarri duela nola amaituko zen guztia. Zuk ere agian igarriko duzu alarmarekin erratu eta aurreko autobusa hartzen baduzu. Edo lanera oso garaiz iristeko txirrinta sartzen bazaizu. Edo gutaz errukitzeko eta zure zortea dastatzeko gogorik baduzu inoiz. Itsutzen hasi baino lehen jabetuko zara egindako hankasartzeaz. Inork baino hobeto baitakigu zein den izaki libreari zor zaion harrera-klasea.

ITURBURUAK: Bi anai; Sugeak txoriari begiratzen dionean: Bernardo Atxaga.

pajaros

Urt Zubiaurre Otamendi

About Urt Zubiaurre Otamendi

Izenik gabeko lurrak. Erein, 2016
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.