Etxeko piztien saila: 3. Zakurra

BALITEKE ISTORIO HAU etengabe gertatzea, egunero-egunero gertatzea, eta horregatik hain justu jarraitu behar diogu pertsona horri atzetik, herritik irtetera doanean, Garagorritik gora abiatzen denean, Marizulo pasatu eta Besabiko benta mitikora iristen den arte. Eta jarraitu behar diogu, batik bat, bide horretan topatzen duelako zakurra, energiaz eta amorruz beteta dagoen izaki beldurgarria.

Zakurrarena goizero izan ohi da une lazgarria pertsonarentzat, sekula ez du lehen zaunkari aurre hartzeko dohainik izaten, eta ez da esan beharrik hotzikara sortzen zaiola gorputzeko hainbat zatitan; nola ez zaio sortuko zakurrak ez badu inongo loturarik: ez katerik, ez ugazabarik, ezta hesirik bere inguruan? Pertsona eta zakurra banantzen dituen gauza bakarra soka elektrifikatu fin horietako bat da, zuria, ia ikusezina, eta zakurrak aise baino aiseago zeharka dezake, pertsonari zaunka egin eta hortzak estutzen dizkion unean.

Jarraian, Besabiko ostatuan sartu bezain pronto, pertsona lasaitu egiten da. Lasaitasun hori, ordea, engainagarritzat har genezake: adrenalinak baretzera egiten duen neurrian, arnasak eta bularreko aireak abandonatzen baitio gorputza. Berak ez du sentsazio hori konprenitzen: bidean hoztu dela edo asmaren lehen zantzuak iruditzen zaizkio.

Izan ere, arnas-faltarena guztiz normala litzateke zakurraren aurrean. Behin piztiagandik urrun, lau horma lodi bere alde izanik, zergatik sentitzen du? Nondik datorkio bularreko hutsunea? Guk, beti gabiltzalako kausak bilatu eta bilatu, berehala esango genioke zer den. Esango, gorputza beti doala gogoa baino hainbat pauso aurrerago, eta abisu eman nahi diola. Abisu anitz. Bere hauskortasunari buruz, bere ahuldadeari buruz batez ere.

Ez diogu ezer esango, ordea. Nahiago dugu istorioan parterik ez hartu; tira dezala beraz bere senaren arabera. Gainera, ez dut uste kasu egingo ligukeenik: pertsonak azkarregi erantzi nahi du ezinegona, oraindik susmatzen ez duen antsietatea, eta erabaki du ez duela hartuko inolako saihesbiderik, ez duela egingo guk bere lepoan egingo genukeena: errepidetik itzuli, zakurraren eremua usaindu ere egin gabe.

Badoa ostatutik kanpora eta minutu batzuen buruan hantxe bilduko da berriro zakurrarekin, parez pare, eguneroko erronkaren tokian. Gerta dadila gertatu behar duena, eta antzeko esaldiak. Ai! Zakurra ordea berez da animalia maltzur eta aldakorra. Ez al dago atarian etzanda, burumakur, eta bizi apurrik ez balu bezala? Zer dela eta ez du pausorik ematen? Zer dela eta mantendu begirada galdu hori gizakiak Pardaki baserria igaro duen arte?

Pertsonak usteko dugu menperatu duela zakurrari zion beldurra. Aurka egin dio mementu latzari, oldartu da eta, artean berak jakin gabe, esan dio piztiari, zelatarioi, munduari, izua ez dela poliki menperatzen den zalantza baino, eta bizitzan, ekinaren poderioz, posible dela norbere gorputzaz jabetzea.

Guri, horren ordez, sentimendu gazi-gozo bat geratuko zaigu barruan. Nola ezkuta saltsa gehiago nahi genuenik? Ez al dugu maite besteak ataka larrietan ikustea? Jakina baietz, agian ez baitago geure burua ahazteko modu zuzenagorik.

Hala eta guztiz ere, bada kontsolamendurik eszena horretan. Badakigu zerbait kolokan geratu dela bera eta zakurraren artean.

Egia esanda, are gehiago dakigu istorioari buruz. Badakigu, adibidez, orain sentitzen duen ongizateak bere kalte jokatuko duela bihar. Beste modu batera esateko, badakigu arrazoi osoa daukala Aritz Gorrotxategiren ipuinak, eta gizakumearentzat ez dela posible zakurrarekin “topo” egitea, zakurrarekin “tupust” egin liteke soilik, ezin diozu lehen zaunkari edo lehen urratsari antzeman, aurrerik hartu, norberak ez baitaki ondo zein unetan sartu ohi den gudu-zelaian.

Jarrai diezaiogun ba pertsonari beherantza. Etxamuño dotorea pasatua du, eta laster itxiko zaio ibilbidearen zirkulua. Hari bezala, guri ere heldu zaigula dirudi botak kentzeko unea, galtzetatik lokatza garbitzekoa. Bihar segiko dugu haren itzal paperean.

Baina, moztuko al da inoiz etengabeko gurpila? Zilegi ote da guretzat, bidera atera, buruarekin agurtu eta beste kamino bat hautatzeko aholkatzea, demagun, zakurrik gabeko trabesia bat? Ez dut uste. Egin kontu, alde batetik, pertsona bidearekin lotzen duen indarra sobera indartsua dela. Eta, hori gutxi balitz, ez al da gauzarik normalena biharamun lasaien esperantza: ilusio hori, fede hori, geure buruari behin eta berriz saltzen diogun argudio bitxia…? Utz diezaiogun, beraz, etxera pozik sartzen, pentsa dezala gaurko garaipena erabatekoa dela, eta bihar dena izango dela diferente. Zergatik uka hipotesi hori? Ez al dugu sinesten gizakumea baino zazpi aldiz lehenago hiltzen dela zakurra?

 

 

ITURBURUAK: Asma, Ana Malagon; Erruduntasuna eta zakurra, Aritz Gorrotxategi.

Urt Zubiaurre Otamendi

About Urt Zubiaurre Otamendi

Izenik gabeko lurrak. Erein, 2016
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.