Diego Aldasorori elkarrizketa

Diego Aldasorok Udako arrats eternala artista liburua plazaratu du Argitaletxea EDO!ren eskutik, ez ohiko formatuan: pospolu kutxa baten forma du liburuak. Barruan batez ere irudiak, miniaturazko argazki erakusketa, amona bat. Maiatzaren 25ean Gasteizko Zapateneo gunean aurkeztuko du liburua, eta ekainaren 4an Bilboko Anti liburu-dendan.

diego
poxpolokutxa

Egilearen amona da liburuko bi argazki serieen protagonista: egilearen amona meriendatzen, amonaren objektu txikiak. Besterik ez, eta hori guztia; udako arrats besterik ez, eta haren baitako eternitate guztia.

Lehenik eta behin liburu honen formatutik hasita, “liburu” hitza entzuterakoan normalean berehala literatura etortzen zaigu burura. Liburu mota hauekin lehenengo erreakzioa harridura izan daiteke, edo galdera: zer da zuretzat liburu bat? zenbat gauza kabitzen dira liburu batean?

Lehenik eta behin esan behar dut ni neu liburua literaturari lotuta ulertzen duten horietakoa naizela printzipioz (barreak). Liburuaren formatu klasikoarekin hazi naiz ni: nobelak, gazteentzako literatura, abenturak… filosofiara iristeraino. EDO!ren edizio honek artista liburuarekin lotuta dago gehiago. Nahiz eta nik gustuko ez izan etiketa hori, segur aski liburu hau hobekien definitzen duen ideia da. Zenbait lekutan “liburu-objektua” ere erabili izan da lan hau definitzeko.

Niretzat zer edo zer bereziaren balioa du, eskuekin hartu dezakezun zerbait, desplegatu dezakezuna. Duela gutxi ezagutu dut “foto-liburua”ren kontzeptua, agian horrekin ere badu zerikusirik. “Foto-liburua” ez da argazki liburu klasiko bat, intentzio narratiborik gabeko argazki bilduma hutsa, kontrakoa baizik. Lan hau foto-liburuaren ideia horretatik gertu egon daiteke, baduelako sekuentzia narratibo bat. Bada ere “zinema-hedatua”ren ideiarekin, nola zinema batzuetan pantailatik atera egiten den. Aspaldi batean -60eko hamarkada inguruan- abangoardia batzuek pelikulak fotogramatan eramaten zituzten aldizkari edo liburuetara.

Zergatik esan duzu ez duzula gustuko “artista-liburua” definizioa?

Beno “liburu” hitza baino, “artista” da gustuko ez dudana (barreak). Niretzat artista bainoago egokiago litzateke “sortzailea”, edo “pertsona sortzailea”. Artista hitzak gizateria osoa hartu beharko luke berez, guztiok eduki behar genuke arterako eskubidea. Duela denbora bat Marga Iñiguezen ikastaro bat jaso nuen, zeinean aipatzen zen artea eskubidea eta urgentzia dela. Hortik doa nire ikuspegia.

Hau ez da literatura liburua baina bada testurik: Thomas Mannen aipu batetik abiatzen da, proiektua kokatze duen azalpen txiki bat idatzi duzu barruan, tituluan ere hitza dago…

Apur bat ezinbestekoa bada hitza. Agian hau izan zitekeen titulurik gabeko lan bat, editoreekin elkarlanean uneren batean bai aipatu nuen neure izena ez jartzeko aukera, lana bera nabarmentzeko. Baina tituluak kolpe batean ondo kokatzen du lana. Testua eta irudiaren arteko harremanak asko hitz egiteko eman dezake, harreman mota ezberdinak egon daitezke, oreka ezberdinak, niretzat titulua oinarrizko gauza bat zen lana kokatzeko orduan. Edukiari erreferentzia zuzena egin gabe testuinguru bat ematen dio.

Azalpenari dagokionez, batez ere gonbidapen funtzioa betetzen du: EDO!ren berrehunetik gortako harpidedunei eta liburu-dendetako balizko erosleei zuzenduriko gonbita da, esanez lan hau erakusketa txiki bat ere izan daitekeela, norberak bere etxean paratu lezakeena. Niretzat ederra litzateke hori egiten duen jendearen etxeetako argazkiak edukitzea, nire blogean paratu ahal izateko.

poxpoloirekita

“Itsasoa ez da paisaia bat.
Itsasoa bizipena da: betierekotasunaren
bizipena, bizitzarena eta heriotzarena.
Amets metafisiko bat.”
Thomas Mann-en aipuak asko markatzen du lanaren norabidea: itsasoa, heriotza…

Ni argazkigintzatik bainoago abiatu izan naiz nire lanetan literaturatik, filosofiatik, politikatik, nekazal soziologiatik… horiekin sortu izan da nire mundua. Garairen batean fanzineak ere egin ditut irakurritako liburuetako aipuekin, zatiekin… unean-unean nire proiektuetan lantzen ari nintzen gaien araberako aukeraketak ziren. Aipu honek konkretuki niretzat balio handia zuen “eternitate” hitza azaltzen zelako batetik, tituluan bezala, eta bestetik “amets metafisikoa”ren ideia ekartzen duelako. Amets metafisiko hori niretzat nire amonarengan gera zitekeen itsasoaren isla da, argazkietan ateratzen diren bere objektuetan ere jasoa: itsas karakola bat bere ilean olatu baten moduan, besoa itsasoaren metafora bat bezala, itsas izarra…

Liburua bera pospolo kutxa bat izatea hautu estetikoa izan daiteke, edo guztiz metaforikoa… zer dago aukeraketa horren oinarrian?

Zintzoki, ezin dut oraintxe oroitu non eta noiz sortu zen zehazki ideia. Uste dut kurtsoren batean edo lantegiren batean norbait ikusi nuela akordeoi itxurako formatuan zeozer sortzen, eta hortik etxean okurrituko zitzaidala maketa txiki bat egin nezakeela nire ideiekin, bozeto moduko bat lagunei erakusteko. Orduan imajinatu ez nuena hori bera publikagarria izan zitekeenik zen. Unibertsitateko irakasle batek, ideia erakutsi nionean, gaileta kutxa batek zentzu gehiago izan zezakeela esan zidan, amonaren argazkietan meriendari egiten zaion erreferentziagatik. Seguru esanahia guztiz ezberdina izango zela orduan, baina nik eutsi egin nion honi.

Normalean nire funtzionatzeko modua inpultsiboagoa da gogoetatsua baino, eta egin ahala edo ostean topatzen ditut hasieran espero ez nituen zentzuak. Niretzat pospolo kutxa lehenik eta behin objektu txiki intimo bat da, eta pospoloa bera sugar bat. Ez dut liburuan nabarmendu, baina niretzat nire amona sugar horren modukoa izan zitekeen, sortu didan emozioagatik eta berarekin konpartitutako denboragatik.

Amona aipatu duzu, zure argazkietako protagonista nagusia. Amona bakarra da bertakoa edo edozein amona? Alegia, zein neurritan da amona unibertsal bat?

Zeharka uste dut baietz, unibertsala dela, baina ezin dut segurtatu. Nire kasuan egia da amona hau bestea baino bereziagoa izan dela, kontaktuagatik eta gertutasunagatik. Nire ustez pertsonen arteko harremana horretan oinarritzen da: odolaz edota lotura familiarraz gain, elkar ikusteko ohituraz gain, bada afektu sakonago bat pertsona bat bestearengana gerturatzen duena.

Jendearekin berbetan iritzi ezberdinak jaso izan ditut gai honen inguruan: batzuek diote zuk pertsona erreal zehatz baten argazkia jartzen duzunean kendu egiten diozula balizko balio unibertsala, baina beste iritzi batzuek diote ez dugula guztiok harreman gertuko bat amonekin, jende askok ez duela ezagutu bere amona… uste dut aurpegiera fisikotik harago, irudietan azaltzen dena pertsona oso heldu bat izateak identifikazio emozionala errazten duela, 40 edo 60 urteko pertsona bat izan balitz baino gehiago segur aski.

Adin horretako pertsona bat izanda, egunerokotasunari loturiko argazki sekuentzia batean, tituluak erreferentzia egiten dion eternitatearen ideiarekin, memoriaren gaira lotzen gara ezinbestean: memoriaren ezintasunaren aurreko justizia poetiko ekintza bat da honakoa, nolabait?

Ez dakit zer esan. Eternitatearen inguruan irakurri izan dut argazkigintzak eternitatea islatzen duela nolabait, erretratatua geratu den istantea. Beste behin irakurri nuen ezein eternitatek ezin dizula eman istant batek ematen dizuna, istant batean islaturik gera daitekeela eternitate osoa. Argazkigintza memoria duen ispilu bat dela irakurri nuen beste behin.

Liburu honetako sekuentzian 49 istant izoztu dira, denbora tarte txiki bati dagozkionak, nire amonak 10-15 minutuz meriendatzen zuen bitartean ateratako argazkiak. Justizia poetikoa aipatu beharko banu egunerokotasunari loturik egingo nuke: bizi erritmoagatik eta zirkunstantziengatik askotan ez dugu apreziatzen egunerokoa, nik nire amonarekin lortu izan dut soilik hori sentitzea, bere bizitzarekiko miresmenetik eta liluratik. Beste behin filosofo bati irakurri nion bizitzako arte gorena zahartzen jakitea dela, nire amonaren kontenplazioan zentzu poetiko bat topatu nuen zentzu horretan.

Amona protagonista duen argazki seriearekin batera bada postal sorta txiki bat, zeinean amonari loturiko objektuak eta xehetasunak azaltzen ziren. Zer nolako kontrastea bilatu duzu haiekin?

Puntu horretan esan beharko nuke nire meritua erlatiboa dela: nirea zen material guztia, baina EDO!ko edizio taldekoek lagundu zidaten begirada artistikoa zehazten. Sei postaltxoak amonaren sekuentziaren nolabaiteko osagarria dira. Mikrokosmos moduko bat eskaintzen dute, nire amonaren inguruko galaxia edo unibertso bat xehetasun oso txikiez osatua, bere objektuez batez ere: itsas izar bat, ileko karakola, orrazia… argazki hauek amonarenak baino poetikoagoak dira, iradokitzaileagoak. Sei postalen seriea nire amonaren eskuekin ixten da, bere sinadura idazten.

Badut beste lan bat, Entre mares izenekoa, zeinean nire amona den ere protagonista. Itsasoa oso presente dago berez han ere, bizitzaren eta heriotzaren itsasoa.

Oraintxe esan duzunez lan hau beste batzuen ildoan uler daiteke, formatu ezberdinetan gauzatu duzun ikerketa modukoa osatzen dute antza denek.

Lan hau izan zitekeen txinparta bat, hasiera bat. Ni irudien bilketan jardun naiz hainbat proiektutan paraleloki, guztiak daude oinarrituak nire amona, nire familia eta haien jatorria den Soriako herri txiki batean. Entre mares liburua honen osagarri izan zitekeen beraz, baita ere Cartografia de los recuerdos izenekoa ere (segur aski datorren urtean argitaratuko da). Beste liburu batek, Correspondencia imaginaria izenekoa, itxiko luke etorkizunean liburuen serie hau, zinemarekin loturik eta modu onirikoago batean, nire amonaren bizitza osatuz nik imajinatutako pasarteekin.

Amaitzeko, jende askok bere buruari egingo dion galdera bat: benetan piztu daitezke pospoloak kutxa honekin?

Ba, nik ez dut probatu (barreak), baina nahiz eta ezin piztu izan pospoloak fisikoki, nire sentsibilitatearekin zer edo zertan kointziditzen duen beste sentsibilitate batek hartzen badu liburua, zabaltzerakoan salto egiten duen amonaren irudian ikusiko du pospoloaren txinparta hori.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.