Etxeko piztien saila: 5. Eulia

IKUSTEKOA ZEN TABERNARA sartzean zekarten aurpegia. Bikote haren begietan nahasten ziren nekea, beldurra, etsipena eta lo falta itzela.

Neu bakarrik egon izan banintz jakingo nukeen nolako harrera eman. Nola lagundu euren etsipena baretu zedin. Baina arrats parterako hemen zegoen jadanik agureen koadrila osoa: Julian, Martin, Jon Ander…

Eta hauek, nola ez, gogorretik ekin dute bikote gaztearekin.

Urrundik nabari zen ez zutela galderarik jaso nahi, kafesnea lasai-lasai hartu besterik ez zutela nahi, baina koadrilak bazekien iaz Iriarte Azpikoa erosi zutenak zirela, eta nik uste irrika bizian zeudela “kalekume” arrotzei adarra jotzeko.

Nongoak ziren galdetu diete lehenik. Argi gera zedin ez direla hemengoak, ez direla mendikoak ez gure herrikoak ere.

Ondoren etorri dira beste hamaika galdera: herrian Arretxea bat bazela aspaldiko garaietan (gizonari), edota batek ezagutu zuela kale-garbitzaile bat, emakumearen sorterriko semea omen zena…

Hori dena, jakin zezaten zein kostata eranzten duen atzerritarrak soinean daraman susmagarritasuna.

Orduan, emakumeak, galdeketa etengo zuelakoan, eulien gaia atera du. Euliek etxea jan dietela esan du. Pixkanaka jabetu direla baserriaz, ganbaratik hasi eta sukaldera iritsi arte.

“Bagoaz herritik”, lagundu dio gizonak. Hark ere lasaitasun pixka bat behar zuen kafesnearen epela jasotzeko, eta uste zuen esaldi horrekin beste kontuetara bideratuko zituela tabernan zeuden agureak.

Baina gauzak ez dira horrela gertatu. Jarraian, euliena entzuteaz atsegin hartuta, lehen baino hiztunago agertu da koadrila osoa. Euren artean ekin diote gaiari, bai, baina esaten zuten guztiak bikote haren aldartea zuen helmuga.

Esaten zuten beroa badela arrazoi bat etxea bertan behera uzteko, edo hotza akaso; baina euliena ez dela etsitzeko motiboa inolaz. Gainera, batak besteari komentatzen zion nolatan gero eta euli gutxiago dagoen herrian.

Lehen bai zegoela euli mordoa auzo apartatuetan gora. Udan ezin gelditurik ibiltzen zen jendea: esku zartaka, elektrokutatzeko aparatuak erosten edo tranpa itsaskorren bila ere bai.

Diotenez, ez omen zegoen intsektizida erabiltzerik, “janariagatik, badakizue”.

Azkenean, bikote gaztea tabernatik “bota” dutenean, etorri da filosofoaren sententzia:

-Dena dela, irudipena dut jendea gero eta mizkinagoa bihurtu dela euliekin, ez duzue uste?

-Seguru –erantzun diote gainerakoek Juliani.

Orduan joan dira agureak ostatutik, bakoitza bere bizitegi seguruetara. Irribarrez, mardul-mardul, sasijakintsuari bihotza berotzen dion sentimendua lagun dutela.

Euliak zer demontre diren antzeman balute bezala.

 

ITURBURUAK: Dena ez dago gure esku, Uxue Alberdi; Euliak, Iban Zaldua.

Urt Zubiaurre Otamendi

About Urt Zubiaurre Otamendi

Izenik gabeko lurrak. Erein, 2016
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.