“Arakistainen bidea” eta “Minorreko komedia” aurkeztu berri ditu Txalapartak

Fito Rodriguezek idatzitako Arakistainen bidea eta Hans Keilsonen Minorreko komedia (Petra Elser itzultzaile) liburuak argitaratu berri ditu Txalaparta argitaletxeak. Jarraian topatuko duzue haiei buruzko informazioa.

Txalaparta

Arakistainen bidea

Egilea: Fito Rodriguez

Ikus:

«Arakistainen bidea», surrealisten antologia surrealista (Gara)

Buruz beherako iraultzaren alde (Berria)

arakistainen bidea

Sinopsia:

Biluzik eta dirudienez desmodioak jota. Halaxe egin zuen Sonia Arakistainek bere bizitzako azken bidaia, Londreseko bere etxearen hirugarren solairutik jauzi eginez. Ingalaterran erbesteratu baino lehen, bere aita, Luis Arakistain, Espainiako Errepublikako enbaxadore izan zen Alemanian, nazismoaren sorrera garaian eta antifaxistentzako armak erosten lagundu zuen Frantzian, frankisten kontrako gerra piztu zenean. Giro horretan sortu zen Sonia, sorkuntza maite zuen bere alaba eta bere azken bidaiaren xerka, Fito Rodriguezek XX. mendeko poesia surrealistaren antologia eder hau apailatu du. Orriotan hainbat idazleren lanak aurkituko dituzu, Aimé Cesaire, René Char, Joyce Mansour, Robert Rius, Jacques Prévert, Unica Zürn, Francis Martinez Picabia, André Breton edota Robert Desnos, besteak beste.
Sarri, surrealistatzat hartu izan ohi da ulertezina dena, inkoherentzetzat daukaguna. Baina, Rodriguezek literatura garaikidea ulertzeko ezinbestekoa den mugimendu honen genealogia egiterakoan, poeta surrealista askoren konpromiso politikoa oroitarazi digu, errealitate sarri ulergaitza aldatzeko erakutsi zuten koherentzia.

fito rodriguez(Argazkia: Naiz).

Egileari buruz:

Fito Rodriguez 1955ean Gasteizen jaiotako idazle donostiartua dugu. Filosofia eta Letretan lizentziatua eta Hezkuntza Zientzietan doktorea da. Hezkuntza arloko esperientzia ugari metatu ditu bizitzan zehar, eskola irakasle eta zuzendari modura. Azken hogei urteotan EHUko irakasle eta ikertzaile gisa jardun du Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Halaber, nazioarteko unibertsitate ezberdinetan ere irakasle gisa aritu da. Zenbait libururen egilea da. Besteak beste, Mintzamena eta Erreala (1983), Hezkuntzaren Teoria (1985), Bertsolaritza eta eskola (1991), Euskara mintzatuaren erronkak (1998), Erresistentziaren pentsamendua (1998) edota Burujabetza XXI. mendean (2000). Beste batzuekin batera, halaber, heziketaren inguruan hainbat argitalpen ere baditu. Heziketaz eta filosofiaz gain, beste gaietaz ere idatzi ohi du hedabide ezberdinetan.

 

Minorreko komedia

Egilea: Hans Keilson.

Itzultzailea: Petra Elser.

Minorreko komedia

Sinopsia:

Eleberri honetan, judu ez den bikote batek naziengandik ihesi doan judu bat ezkutatzen du etxean. Hala, bada, idazlearen estilo soilean, hirukote horren arteko elkarbizitza, solasaldiak, haserreak, beldurra, klaustrofobia, elkartasuna eta itxaropena agertzen dira orriotan. Egilea bera, naziengandik ihesi, Herbeheretako erresistentzian ibili zen eta, klandestinitatean idatzia, liburu honek, neurri batean, sasian ibilitako garaiko bere bizipenak ditu oinarri.

“Ez naiz heroia izan, ez nuen balentria handirik egin”, esaten zuen Hans Keilsonek erresistentzian ibilitako garaiak gogora ekartzen zituenean. Baina liburu honetan argi geratzen da, besteak beste, erresistentzia oro, keinu handi zein txikiez osatuta dagoela eta, horiek egiterakoan, edozein akats heriozkoa izan daitekeela.

keilson

Egileari buruz:

Hans Keilson (1909, Bad Freienwald, Alemania-2011, Hilversum, Herbehereak) familia judu batean jaioa, 1933.ean argitaratu zuen bere lehen idazlana Das Leben geht weiter (Bizitza aurrera doa). Fischer argitaletxeak plazaratu zuen idazle judu baten azken idazlana izan zen, Nurembergeko lege arrazistak indarrean sartu baitziren berehala. 1940. urtean naziak Herbehereak okupatutakoan ezkutatu eta buru egiteko klandestinitatera jo zuen eta nederlandar erresistentziarekin lan egin zuen. Bizirik atera zen gerratik, ez, ordea, bere gurasoak, naziek Auschwitz-Birkenauen hil baitzituzten. Gerra garaian idatzi zuen orain aurkezten dugun Minorreko komedia eta idazten hasi zen bere idazlan ezagunena, Der Tod des Widersachers (Aurkariaren heriotza).

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.