Harkaitz Canok eta Arantxa Iturbek literaturaz eta irratiaz hitz egingo dute Elgoibarren

Literatura eta irratiari buruzko elkarrizketa ezohiko bat eskainiko dute Canok eta Iturbek, bihar, arratsaldeko 19etan, Elgoibarko musika-eskolako auditoriumean. Hamaika Litera literatur taldeak antolatu du ekitaldia, eta saioa propio sortu dute Canok eta Iturbek.

2017-09-08_11_litera_elgoibar_kartela_1

Fikzioaren uhinetan ibiliko dira Harkaitz Cano idazlea eta Arantxa Iturbe irratilari eta idazlea bihar Elgoibarren. Aspalditik ezagutzen dute biek elkar; Iturbek gidatzen duen Arratsean saioan maiz kolaboratzen du Canok. Oraingo honetan, literaturari eta irratiari buruzko elkarrizketa ezohiko bat osatu dute propio Elgoibarren eskaintzeko.

Hamaika Litera, literatur talde berri bat

Orain dela ia hogei urte, Elgoibarko Izarra euskara elkarteak literatur talde bat jarri zuen martxan herrian, Urruzuno literatur taldea. Tartean zebiltzan Jasone Osoro, Unai Villena eta Uxue Alberdi idazleak, adibidez. Zortzi urtez aritu ziren lehiaketak antolatzen eta herriko aldizkarian idazten, besteak beste. 2005an eten zen taldearen jarduna. Garaian han ibilitako zenbaitek asmoari heldu diote berriro, “literatura zaletasunarekiko garra piztuta” mantentzeko asmoz.

Hurrengo saioak

Danobat enpresak emandako diru-laguntza bati esker antolatu dituzte udazkenean hiru solasaldi. Lehena, biharkoa, Cano eta Iturberena. Hurrena, azaroaren 15ean egingo dute: Kirmen Uribe eta Alaine Agirre idazleak bilduko dira, eta abenduaren 15ean, azkenik, Asier Serranok poesia-emanaldia egingo du.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.