Tranströmer euskaraz

Jokin Zaitegi Sariketan partehartzeko baldintza hori da

25 urte bete ditu Jokin Zaitegi Sariketak. Ekimen honi esker, euskarara ekarri ohi da Literaturako Nobel saria. Aurtengoan, beraz, Tomas Tranströmer (Suedia, 1931) idazlearen poesia izango da euskaratu beharrekoa. Abenduaren 31n amaituko da sariketa honetan parte hartzeko epea. Arrasateko AED Elkartea, Elkar argitaletxea eta Kutxa Fundazioa izan dira, beste behin ere, ekimen honen bultzatzaileak.

Sariketa honetan partehartu nahi duenak poema bat itzuli beharko du lehen-lehenik. Tomas Tranströmer euskaratzeko deialdiaren oinarriak lotura honetan topatuko dituzue: www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi
Helbide horretan ipini dute lagin gisa itzuli beharreko poema. Lau hizkuntzatan dago: suedieraz, jakina, eta baita ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz ere. Izan ere, antolatzaileen gomendioa da egilearen jatorrizko hizkuntza menderatzen ez dutenek aipatu hizkuntzetako bi erabiltzea gutxienez zubi-hizkuntza bezala.

Urrian jakinarazi zuten 2011ko Nobel saria Tomas Tranströmerrentzat zela.

Abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da poema horren itzulpena, aed@aedelkartea.com e-posta helbidera igorriz. Epaimahaia Luigi Anselmik, Santi Leonek eta Joseba Ossak osatuko dute eta 2012ko urtarrila amaitu aurretik jakinaraziko dute zein hautagai ikusten duten Tranströmer itzultzeko prestatuen. Irabazleak 5.000 euroko beka jasoko du eta ia urtebeteko epea izango du poeta suediarraren lana euskarara ekartzeko.

Literatura unibertsalaren ispilu
Sariketa honek Jokin Zaitegi arrasatear idazlearen izena darama eta beka moduan banatzen hasi zenetik hona, literatura unibertsaleko lan interesgarri asko gure hizkuntzara itzuli ahal izan dira.
2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea.
2003 J. M. Coetzee: Lotsaizuna. Itzultzailea: Oskar Arana.
2004 Elfriede Jelinek Itzulpen saria hutsik utzi zen.
2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti.
2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey.
2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea: Koro Navarro.
2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea: Luis Berrizbeitia.
2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri.
2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak. Itzultzailea: Santi Leone.

Kirmen Uribe, aitzindari
Tranströmer euskaraz irakurtzeko, ordea, ez dugu urte amaitu arte itxaron beharrik. Dagoeneko badira euskarara ekarritako hainbat poema. Duela aste gutxi, armiarma.com web orrialdeko “Euskarari ekarriak” atalean irakurgai ipini dituzte suediar honen zazpi poema eta haiku sorta bat. Bertan aipatzen denez, “Zeru amaitu gabea eta beste poema batzuk izenburupean, Kirmen Uribek itzuli ditu Armiarmarako, Tranströmerren poesigintzara amiñi bat hurbiltze aldera, datorren urtean haren liburu bat euskaraturik argitaratu bitartean”.
Suediar poeta honen liburuak 50 hizkuntzetara itzuli dituzte. 1990ean izandako hemiplegia baten ondorioz, hitz egiteko zailtasunak ditu, baina idazten jarraitzen du. Suediako poeta nabarmenetakoa da eta askotan izan da Nobel saria irabazteko hautagaia. Bere ibilbidean zehar, poesiaren Bonnier saria, nazioarteko Neustadt literatura saria, Oevralids saria, Alemaniako Petrach saria eta Suediako Poesiaren Nazioarteko Foroa saria irabazi ditu.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>