Ana Galarraga: “Literaturia festa bat izatea nahi dugu”

Ostegunean abiatuko da Literaturia. Lau egunez luzatuko dira ekitaldiak Zarautzen, hiru oinarri nagusiekin: liburu aurkezpenak, emanaldiak eta haur txokoa (Musika plazan). Horrez gain, argitaletxeek beren azken nobedadeak edukiko dituzte salgai berariaz prestaturiko standetan. Ana Galarraga antolaketa batzordeko kide da eta berak eman dizkigu aurtengo edizioko xehetasunak.

thumbnail_Literaturia aurkezpena

 

LiteraturiaKartela

Haurrentzako ekitaldiek gero eta presentzia handiagoa dute Literaturian. Haur eta gazte literaturari ateak zabaltzeko bidea ematen du. Apustu hori are handiagoa da aurtengoan? 

Hala da, bai. Alde batetik, irakurtzea plazerarekin lotzea bilatzen dugu; hitzekin gozatzen duten haurrak izango baitira etorkizuneko irakurleak. Horregatik, ahalik eta egitarau erakargarriena prestatzen dugu, ez haurrentzat bakarrik, baizik eta familientzat: familia-giroan ondo pasatzeko unea eta gunea izatea nahiko genuke. Eskolen konplizitatea ere bilatu dugu, eta, bide batez, eskerrak emateko ere baliatu nahi dugu. Azken finean, festa bat izatea nahi dugu, eta, festaren barruan, iaz Manolo Urbieta omendu genuen, eta, aurten, Txiliku.

Azoka da lehen ediziotik mantentzen den gunea. Literaturiaren marketako bat da. Iaz bezala, Musika Plazan egingo duzue Azoka. Zenbat argitaletxe edo banatzaile batuko dira aurten?

Txalaparta, Elkar, Ttartalo, Susa, Ataramiñe, Maiatz eta autoediziokoak etorriko dira. Horrez gain, Karrakiri liburu-dendak gainerako argitaletxeetako liburuak ekarriko ditu.

‘Emanaldiak’, hori da Literaturiaren bigarren marka edo oinarri nagusia. Kokaguneari dagokionez, aurten, Antoniano ikastetxeak beteko du Modelo aretoaren funtzioa. Ekitaldi bereziak antolatzeko ahalegina egiten da Literaturian. Artzeren omenaldia da horren lekuko.

Zalantzarik gabe. Salamerok eta Lukik berariaz prestatu dute sarrera, eta gero eMek emango duen kontzertua ere berariaz izango da. Oier Guillanekin prestatu dute eta oso berezia izango da (haientzat ere hala dela aitortu digute).

Larunbatean ere, Literaturian egiteko prestatu dute emanaldia Josevisky Joseba Larratxe komikigileak eta Miren Narbaiza eta Joseba Baleztena musikariek. Eta igandekoak, bai solasaldia bai Txakur Gorria kolektiboaren “Lau” lehen aldiz egingo dira Literaturian. Luxu hutsa.


Borroka kluba Literaturian 2

Liburu aurkezpenak, Garoan

Liburu aurkezpenak ere edizio guztietan egin izan dira. Hori da Literaturiaren hirugarren bereizgarri nagusia. Sortzaileekin tarte batez egoteko aukera paregabea eskainiko du Garoa dendak, ezta?

Hala da. Liburu-dendak galtzen ari diren sasoi hauetan, duten garrantzia aldarrikatu nahi dugu. Horregatik egiten da Garoan. Han, beste inon baino errazago sortzen da idazlea eta irakurlea maila berean jartzen dituen konfiantza-giro hori.

Horretaz aparte, bi tailer antolatu dira. Itzulpengintzakoa bat, wikipediari buruzkoa bestea. Izen emateak itxita daude honez gero?

Ez, bietan oraindik garaiz daude interesa dutenak. Itzulpengintzakoa mikroipuinen gainekoa da eta wikipediarena idazleen orriak osatzeko.

10 urte bete ditu Literaturiak. Erakusleiho izateaz gain, literatur zaleen elkargune ere bada.

Bai, 10 urte dira, eta onena da haietan sortutakoa ez dela mugatzen Literaturiako egunetara, gero arrastoa uzten dutela. Hain zuzen, Literaturian erditutako lan bat baino gehiago gero ikusi dugu hazten eta garatzen han eta hemen, eta hori benetan da ederra. Opari bat da.


Egitaraua anitza izango da: kontzertuak, errezitaldiak, antzerkia, tailerrak, mahai-ingurua… Esteka honetan aurkituko duzue egitaraua osorik: Literaturia 2018.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.