ANTONIO TABUCCHIREN LUSOFILIA GOGOAN

tabucchi_390x236

Sostiene Pereira di averlo conosciuto in un giorno d´estate. Una magnifica giornata de estate, soleggiata e ventilata, e Lisbona sfavillaba.”

Ba bai, seguru asko ezin zaio idazle bati gorazarre hoberik egin bere lana berrirakurri baino. Nik ekin diot hiru bider, lehenengoa gazteleraz eta gainerako biak italieraz -behinola Florentzian erositako edizio merke bat Gatopardorekin batera, hain zuzen- Sostiene Pereira berrirakurtzeari. Eta gezurra ematen badu ere, esatera noa handiustekeria hutsa delakoan edo, hiru biderrok irakurritakoan zera otu zitzaidan Tabucchiren heriotzaren berri izan nuenean, hau da, Tabucchiren heriotza edonon zela hizpide, idazle italiarrari buruz idatzitako hainbat eta hainbat laudorio zein goraipamen, idazkera garbi, erraz eta zuzen baten jabe zela aldarrikatzen zutenak; baina baita beraren jende xehearekiko begikotasuna edota behartsuekiko elkartasuna ere. Edo bestela esanda, Tabucchik ezin ageriago utzi egin zuen heroi ezustekoenganako erakartasuna, eta batik bat portugaldarrekiko berebiziko maitasuna, kariñoa, sinpatia  eta abar eta abar. Beraz, handiustekeria galanta ote? Baliteke, baina Sostiene Pereira liburuak hiru bider irakurritakoan horixe ondorioztatzen da argi eta garbi.

Aspaldi atera zen, Hasier Etxeberriak aurkezten zuen Sautrelan literatura telesaio goresgarrian (http://www.eitb.tv/eu/#/bideoa/1529988996001), Tabucchiri aspaldi egindako elkarrizketa bat. Zeinen elkarrizketa ederra, goxoa, zoragarria, gutxitan gozatu ohi dut nik hainbeste halako ikuskizun batez.  Halere, Tabucchiren hitzei adi nengoela atoan etorri zitzaidan Sautrelan ere Lobo Antunes idazle portugaldarrari egindako beste elkarrizketa bat, Tabucchiri egindakoa bezain miresgarria. Ezta harritzekoa, egin bainuen oso elkarlotura arina edo azalekoa, Tabucchi hain lusofiloa izanda, hainbeste maite zuen Portugal eta haren kultura, hain gogoan zuen hango literatura, ezen nola ez ekarri gogora Lobo Antunes bezalako beste idazle txit goren bat. Aitortu beharrean nago Lobo Antunes biziro estimatzen dudala, txitean-pitean berrirakurtzen ditudan handietariko bat dela. Eta zertan datza halako lotura, zer dela eta, lusofilia dela medio, ez ekarri akordura ere beste humanista porrokatu bat, Saramago, nik behintzat idazle bezala ez hain estimatua izanagatik?

Hala ere, ba ote dago beste lokarri ageriago bat, belaunaldiak belaunaldi, nik uste, edo gutxienez azken bolada honetan gero eta gogoeta gehiago egin ohi dut honen kontura, Tabucchi, Lobo Antunes, Saramago eta gainontzeko idazke adintsuak elkar lotzen dituena; gehienok bazuten jende xumearekiko begiratu nabarmen xamur, errukarri eta batik bat solidario edo konprometitu bat. Hain zuzen ere gaur egungo hainbat eta hainbat idazle gaztearengan inondik eta inola somatzen ez dena, hori aspaldiko kontu zaharrak edo zatarrak bailiran, Historiak irentsitako ideologia zehatz batzuen zantzua edo. Asko eta askori somatzen zaie, aitzitik, guztiz kontrako jarrera edo oso bestelako begiratua: destaina, bai herri xehearenganako, bai haiek bezain buruargiak edo jakitunak ez direnenganantz; adibideak nor/nonahi, parrastaka ere bai. Esan liteke Tabucchiren jenioarekin batera lurpera erreskadan doan idazle mota bat ere ainenatzen ari dela.

Bestalde, Sautrelako elkarrizketatzaileak, Hasier Etxeberri dohakabeak, idazle italiarrari galdetzen dio ea euskal literaturaren berri duen. Honek erantzuten dio baietz ba, oso hein apal batean, noski. Atxaga, nola ez, lagun duela dio, eta baita Aresti handiaren lana ezagun eta txit atsegin zaiola, batez ere gauza benetan mamitsuak esateko zuen estilo garbi eta xamurrarengatik. Esan badut hor nonbait hau entzunda hunkitzen naizela ezinbestez, nire uste hutsalean Arestiri, hain handia izanda eta guzti, gero eta gutxiago atzematen baitzaio euskal kulturbideetan.

Baina baldin badago elkarrizketan irriño bat musuan marraztu didana horiek izan dira Tabucchiren hitzok: “idazle kosmopolitatzat naute, eta baliteke, baina ni sentitzen dut nire burua nire jaioterrira gogor-gogor lotua”. Jakina baietz, zer dela eta uko egin behar diogun koskortu egin garen txokoari kosmopolita edo izateko, hainbat eta hainbat artaburuk uste dutenaren aldean. Gainera zer demontre ote da kosmopolita izatea; herrialde askotan bizi izatea, hizkuntza asko jakitea, batetik bestera noraezean edo jitoan ibiltzea, Cosmopolitan aldizkaria hilero irakurtzea, auskalo? Denok gara neurri handi edo txiki batean kosmopolitak egunero eta etengabe kanpotik datorkigunaren zenbait gauza gure egiten dugun heinean, ez besterik.

Azkenik, azpimarratu behar zer-nolako atsegina egin zaidan Tabucchik elkarrizketan erabilitako gaztelera pausatu eta goxoa, nabari zitzaion gaztelera ere gogoko izanda ere bere bihotzeko hizkuntza, ondoen egiten zuena ere, portugesa ere, baina ez inolako portuñolik egiten duelako, baizik eta behin baino gehiagotan, oharkabean edo, portugesera jotzen duelako hitz zehatzaren bila; esaterako, “acontece” darabil “sucede”ren ordez edo, ondo goxoa begitandu zaidana, “escolha” hitz portugesa ezustez edo gazteleratzen duelako “escoja” asmatuz “elección” esatearren. Gogogoratu dut ziplo noizbait Cervantesek berak portugesari buruz esandakoa, gaztelera bezalakoa zela baina hizkuntza honen laztasunak gabe.

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.