Oreinak ez dira adarbakarrak ezta elebakarrak ere

Fito Rodriguezen iritzi artikulu berria “Sinadurak” atalean.

fito

Ba al dago literatur eleaniztuna? Soziolinguistikak dio gizarte elebakar gutxi daudela munduan eta, aldiz, egoera eleaniztun asko, baina, idazteko garaian, hizkuntza nahasketa erabiltzerik ba al dago?, edota, argiago esanda, ba al dugu hizkuntz desberdinez osaturiko literaturaz amesterik?…

Bizitza, eta bizipenei buruzkoak, irudikatzeko darabilgu literatura, beste arteek egiten duten modura, baina hizkuntza da, berez, literaturaren tresna. Langaia bizitza eta lanabesa hitza izanik, nola irudikatu errealitate eleaniztunak hizkuntza bakar bat erabiliz?

Berriki Koldo Almandoz zinema zuzendariak film euskaldun ederra eskaini digu hizkuntzak nahastuz berak moldatu nahi zuen irudikapena batere behartu gabe. Areago, goian paraturiko galdera haiei baleko arte erantzuna eman die bere Oreina filmean. Literaturan, ordea, ez dut uste hori egiterik dagoenik.

Nire uste apalean Saizarbitoriaren Martutene eleberri mardula ahalegin horretarako diseinaturik zegoen baina, azkenean, nola edo hala, testuan euskara eta ingelesa erabili arren, gaztelania alboratuta, ohiko euskal nobela eman zigun, besterik gabe.

Samuel Beckettek literaturaren bidez egindako ikerketa zertan datzan erakutsi zigun, frantsesez gehienetan, baina, aurretik, 1938an, kaleratutako Murphy izeneko eleberrian1 ingelesa erabili zuen eta nabarmena da, horretan, adierazpen umoretsuen hautua. Geroko testuek, askoz zailagoak izaki, literaturaren konplexutasunaren berri ematen dute:-“je serai quand même bientôt tout à fait mort enfin/I shall soon be quite dead at last in spite of all” (in Malone meurt, 1951) utzi zuen idatzita2. Hau da, hil arte ez dut nire idazteko estiloa aurkituko…, zeren eta bizi naizen bitartean, niak, nire testuak kutsatuko ditu ezinbestean, zioen. Horregatik aldatu zuen literatura idazteko hizkuntza?

Derridak, Heideggerren destruktion kontzeptuaren aurka (handik baitator berak egokitutako eta zabaldutako “deseraikuntza” deritzana), eta funtsean, mintzaira elebakarrean oinarrituriko pentsamendu klasikoaren eraikuntza agerian uzteko, bestearen ikuspuntuari antzematen (Altérités, L´oreille de l´autre, Pysché. Inventions de l´autre) jardun zion eta hura adieraziko zuen idazkera bilatzen1 saiatu zen, baina bere idazteko (eta gogoeta egiteko) metodologia izan zen, Becketten antzera, pentsamendua irakurtzeko nahiz idazteko bide baten aldarria, hori bai, hizkuntzaren hautu garbia eginez.

Montaignek, Conradek, Nabokovek, Cioranek, Pessoak edo Borgesk, esaterako, egin zuten bezala, literatur hizkuntza hautatuz.

(1) Beckett, S. (2000), Murphy. Lumen.

(2) Beckett, S. (1969), Malone muere. Palabra del tiempo.

(3) Derrida, J. (1979), L´Écriture et la Différence. Seuil.

fitorodriguez.eus

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.