AHAZTEN DIREN GAUZAK – ARITZ GORROTXATEGI

ahazten-diren-gauzak

“Lanean ari dela, ez du asti askorik izaten dei mehatxagarriez gogoratzeko. Erlojuari begira egoten da lehen baino maizago, arratsaldea noiz helduko. Noizbehinka, tragoxka bat hartzen du aparte gordetzen duen ardo botilatik, ahaztu nahi duen horretaz ohartuko ez balitz bezala. “Baina itsasoa urdina al da benetan?”.

 

Aditua diot, Garan Ahazte diren gauzak ipuin bilduma berriaren kontura egindako elkarrizketan zein Ereinek eskegitako aurkezpenaren bideoan, Aritz Gorrotxategiri: «Egungo bizimodua ikusita errazagoa da ipuinak idaztea» zein «Gero eta gehiago iruditzen zait nobela handiek askotan orrialde asko dituztela soberan. Cortazar-en teoriaren arabera, ipuingintzak K.O.a bilatzen du kolpe bakarrean; ipuinetan, kontatu nahi duzun horretara zoaz zuzenean. Hori da inportantea, hortik aurrera aritu gaitezke hostoen koloreaz eta abar, baina muinera jo dugu jada». Ustea dut Iban Zalduari aspaldi irakurri niola antzeko zerbait, edo gutxienez ipuingintzak euskal literaturan aparteko presentzia zein indarra dituela. Egia da hein handi batean erreparatzen baldin diegu azken urteotan ipuin bildumek lortutako oihartzunari, batik bat Euskadi Literatura Saria eskuratu duten ipuin liburuak aintzat hartzen baldin baditugu aurtengotik hasita, hau da, Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia edota aurrekoak, hots, Xabier Montoiaren Euskal Hiria Sutan (2007) , Iban Zalduaren Etorkizuna (2006) edota Jokin Muñozen Bizia Lo (2004). Halere, aitortu beharrean gaude ere Euskadi Literatura Sarien zerrendan eleberriak nagusi direla ozta-ozta, are saritutako eleberriok lortutako oihartzuna guztiz handiagoa omen dela; esaterako, Ramon Saizarbitoriaren Martutene (2013), Harkaitz Canoren Twist (2012), Fermin Etxegoienen Autokarabana (2010) edota Jokin Muñozen beraren Antzararen Bidea (208) besteak beste. Badakit ez dela inolako lehiaketarik nobelagintza eta ipuingintzaren artean, bi jenero ondo bereiziak direla, literaturaren bi ikuspegi guztiz osagarriak bezain ezberdinak direla; baina, ezin dugu uka nobelagintzak oraindik ere irakurleen artean duen prestigioa edo nagusigoa. Demasekoa den ala ez oso eztabaidagarria omen da, Aritzek bezala nik ere “nobela handiek askotan orrialde asko dituztela sobera”  uste baitut. Halere, badut sarritan ere susmoa idazleak zenbait ipuinen ideia eleberri bihurtzeko, ez kemenik, ez eta gogorik ere izan ez duela. Edo bestela esanda, zenbait ipuin hain mamitsuak dira, istorio zein pertsonaien aldetik, ezen itzelezko pena ematen baitit istorioa bertan behera utzi izanak. Aritz Gorrotxategiren ipuin bilduma honetan halakorik begitandu zait Burua Leihoan jarrita zein Guztiok anaiak gara ipuinetan, delako euskal gatazka idazpide dutenak hain zuzen. Bi ipuinok hain onak dira, hain joriak, hain apartak, batez ere orain arte delako gatazkari buruz euskaraz idatzitako gehienaren aldean, ezen ni naizen irakurle istorio-gose honek bi ipuinotan azaldutako ildotik tiraka erretratu handiago bat egitea gustatuko zitzaidakeen, hau da, taxuzko eleberri bat, apika laburra baina pertsonai zein egoera garatuagoak, osatuagoak, hedatuagoak. Irakurle lotsagabeko honek badaki, horratik, Aritzi ezer eskatzeko, are gutxiago exijitzeko, eskubiderik ez duela, ipuina idazleak gogoan zituen istorioak azaleratzeko, paperean jartzeko, tankerarik egokiena baitzen ziurrenik. Egiari zor, irakurle handiusteko honi hainbeste gustatu zaizkio bi ipuinok ezen ipuingileak lortutako maila, edo behinik behin iradokitako zirrarak, emozioak zein sentsazioak, eta batik bat ezin hobeto erakusten duen errealitatea, luzeago gozatzea baino gogoan ez baitu.

Halere, aitortu beharrean nago bi ipuinok dauden bezala borobila direla, luzeagoak agian beste gauza bat liratekeela. Azken finean, eta Aritzek berak hasieran adierazi bezala Cortazarri jarraituz, ipuina ei da irakurleari K.O efektua eragiteko jenerorik egokiena. Hortaz, idazleak efektu hori helburu baldin badu, zer esanik ez, Aritzek itoan  eurrez joka lortu du. Eta gainera lortu du berak behin baino gehiagotan izugarri estimatzen duela aipatutako Txekhov eta Gogolen literaturan bezala, hau da, bere ipuin guztiak gazi-gozotik zipriztinduz egoera ustez arrunt batetik, egunerokotasunetik, drama azaleratze aldera, baina beti ere Aritzek hain propioa duen ironia fin, txairo, xamur baten zein hizkera benetan zalu eta naro batez, hots, irakurterraza bezain ederra. Ipuin benetan gozoak gure inguruko zein gaur egun pil-pilean dauden gai arantzatsuak jorratzen dituztenak inolako militantzia suharrari eutsi gabe, baina ezta kanpotik begiratuta ere, arduragabekeriatik edo, hau da, ipuinetan zehar egilearen begiratu konprometitu tinko eta zehatz bat badagoela argi eta garbi antzematen delakoan bainago; batik bat gorago aipatutako bi ipuinotan zein bildumari izena ematen dion Ahazten diren gauzak ipuinean, non etorkinen inguruaren adarrak ezin eztiagorik jorratzen baitira. Esan dezagun Aritzek ere nolabait bere egiten duela nire aurreko iruzkinean edo Iban Zalduak hizpidera zekarren Robert Louis Stevensonen aipua:

(Fikziozko lanek) ez dute irakurlea dogma batekin lotzen, ondoren okerra dela jabetuko dena; ez diote lezio bat irakasten, ondoen desikasi beharko duena. Errepikatu, berrantolatu, argitzen dituzte bizitzaren lezioak; gugandik askatzen gaituzte, besteen ezagutzara behartzen gaituzte; eta esperientziaren sarea erakusten digute, ez gure kabuz ikusi ahal dugun eran, baizik eta aldaketa berezi batekin –gure izakiaren EGO munstrotsu, xahutzaile hori ezabatuz, une batez.”

Halaber, ezta batere harritzekoa bi euskal ipuingile hauek horretan bat egitea, biak, gorago ere nabarmendutako Eider Rodriguezekin batera, gaur egungo euskal ipuingintzaren ikurrak begitantzen zaizkidalako, nor bere estilo edo ikusmira literarioaren arabera, nor bere delako euskal gatazkarekiko konpromisoaren neurrira; gero eta ageriago baita gure egunerokoari, menturaz gure iraganari, tentuz baina adorez, erdibideko istorioak ezinbestekoak direla, hau da, amaiera zabalak, irekiak, irakurle bakoitzak bere kontuak ateratzeko modukoak.

Bestalde, ipuin liburu honetan agertzen diren ipuin guztiak aldez aurretik balioetsiak izan dira, hau da, aurrez argitaratuak, goraipatuak zein sarituak izan direlako. “Zergatik ez dute ihes egiten elefanteek?” 2004an sortua izan zen. “Hegats” aldizkarian argitaratzeko. “Burua leihoan  jarrita” eta “Guztiok anaiak gara” ipuinek Gabriel Aresti lehiaketako akzesita eskuratu zuten 2015. eta 2017. urteetan. Badaude ere prentsan argitaratutakoak, tartean bildumari izena ematen dion “Ahazten ez diren gauzak”. Hala eta guztiz ere, egileak ipuin gehienak eraberritu egin ditu, ia-ia bertsio berriak egiteraino, Aritzek berak dioenez: “ jatorrizkoei «arnasa luzeagoa emanda» . Bada, beraz, beste berme bat Aritz Gorrotxategiren Ahazten diren gauzak liburu hau ibili luze eta sakoneko ipuinez osatutako lan borobil bat dela baieztatze aldera.

 

Txema Arinas

Oviedon, 2018/11/29

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.