Artxipielagoaren negatiboan

 

Ez dakit zenbat bide luzatu ditudan paralelotan marratuta,
izan nahi nukeen guztiaren saiakera plural eta nobatoen sinbolo gisa.

 

Gure garaia etorkizunean esplikatzeko erabiliko diren sinonimo guztietako bat besterik ez naiz.
Norbait izateko konplexu historikoz xahutzen ditut denborak,
areago galduz XX. mendetik beherako kontzentrazioa.

 

Eten, eta ezeri atentzio konstanterik eskaini gabe, trantsizioan bizi dut denbora,
irlen arteko hutsuneetan, esan badaiteke.

 

Irla behatz puntaz ikutu, eta ezagutu ezik, ondorengo uharte baterako distantzian bizi.
artxipielagoaren negatiboan, alegia.

 

Herrietatik hirietarako garraiobide publikoetan belaunaldi oso baten jarrera exiliatua soma dezaket,
ezlekuetan “izatea” beste erremediorik ez duten kide ezezagunak garela pentsatzea ez da nire, eta beste inoren asmazioa.

 

Kultura ere antsietatez kontsumitzen dut,
jakin nahi nukeen guztiaren saiakera nobatoen sinbolo gisa.

 

Zentrurik gabe ibiltze honen joera azeleratua ni eta nire sinonimoen bizi-eredua bilakatu da,
eta, badakit, 411 orriko nobela baten eta nire arteko ezin-ikusia ez dela fatto isolatu bat,
ziberkulturako irakurketa molde laburrekin konparatu liteke, adibidez,
edo, nahi bada, alegoria handi bat bezala ulertu.

 

Eta zer esan Naturari buruz. Natura(k) esaten diote orain 2019ko arte komisario batzuek.
Mendirik ez dagoela, mila atmosfera daudela, multinaturalistez zer edo zer, conflict is another…

 

Paralelotan marratutako bide guztien antzera,
murrizketaren beldurrez ordezko maitaleen ordezkoak sortzen dira,
elkarren atzean ugalduz, eta paraleloan kokatuz, aukera guztien prisma ordenatu bat izateko.

 

Eduki, jabe izatearen zentzuan edo posesio bezala ulertuz, zera:
eduki nahi nukeen guztiaren saiakera plural eta nobatoen sinbolo gisa.

 

 sitsek.com 

 

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.