Andrezaharraren manifestua, zahartzeko hamaika moduren alde

Andrezaharraren manifestua izeneko poema-liburua aurkeztu du Mari Luz Estebanek. Zahartzaroaren kezka pertsonal, sozial eta politikoari erantzun nahi izan dio poema-sorta honen bidez, eta, horretarako, figura poetiko-politiko bat osatu du: Andrezaharra, binarismoari disidentzia egiten diona eta anizkoitza dena.

large_Mari_Luz_Esteban_Galarza

Bigarren poema-liburua aurkeztu Mari Luz Estebanek: Andrezaharraren manifestua, Pamiela etxearen eskutik. Pasa den astean aurkeztu zuen jendaurrean. Orain dela sei urte argitaratu zuen Mari Luz Estebanek bere lehen poema-liburua: Amaren heriotzak libreago egin ninduen. Izenburu “terriblea”, Jose Angel Irigarai Pamielako editorearen esanetan, hau da, ez batere poetikoa. Nolanahi ere, sei urteotan egin du bidea liburuak, eta katalanera eta gaztelaniara itzuli dute, adibidez.


 

Gai sozialez hitz egiteko beste talaia bat

Estebanen bigarren honek aurrekoaren bideari jarraitu dio hein batean. Irigarairen iritzian, autorearen berezitasuna da gai potoloak eufemismorik eta erretorikarik gabe agertzea, oso natura, eta hala ematea halako gaien ikuspegi zinezkoago, biluziago bat.

Gai sozialak ere lantzen ditu Estebanek bere poemetan, betiere editorearen arabera. Izan ere, gauza jakina da Estebanek saiakerak-eta argitaratu dituela beste alor batzuetan (antropologian batez ere), eta pentsatzekoa litzateke poemetan esandakoak esan litezkeela hitz lauan ere. Dena dela, Pamielakoaren hitzetan, poesiak, bestelako tresna bat den aldetik, balio dezake gai sozial horiek beste modu batean agertzeko, eta beharbada bide eraginkorragoa izan daiteke, zer pentsatua eman.


 

Zahartzaroa: kezka pertsonal, sozial eta kolektiboa

Estebanek hasi orduko esan du zahartzaroaz idatzi nahi zuela, kezka pertsonala, soziala eta politikoa iruditzen zaion aldetik. Autorearen iritziz, gogoeta gutxi egiten da zahartzaroaz, azken hilabeteotan pentsiodunen borrokak ekarri duen arren errealitate hori erdigunera.

Orain dela bi urte zahartzaroari buruzko ikastaro bat antolatu zuten Basauriko Emakumeen Etxean, Marienean, eta Estebanen esanetan ikastaro hori oso inportantea izan zen liburuaren garapenean, ikastaroan agertutako gauza asko bildu ditu poemetan.

Irigarairen hausnarketari tiraka, bat etorri da Esteban: hasieran, artikulu bat idazteko asmoa erabili zuen buruan, baina, ondoren, gauza batzuk ez zeuzkanez guztiz argi, pentsatu zuen poesiak irudimenerako eta esperimentaziorako bidea zabalduko ziola.

Ez mutur bat ez bestea. Autorearen arabera, zahartzaroaz hitz egiten denean, bi muturretara jo ohi da: batzuek idealizatu egiten dute, beste batzuk, aldiz, guztiz ikuspegi negatibo bat ematen dute. Estebanek, aitzitik, zahartzaroa bere konplexutasunean islatu nahi izan du, eta harri txiki bat gehitu, proposamen bat, emakume zaharren egoera berriak ere aurkezteko.


 

Hainbat poema eta manifestu bat

Hiru atal ditu liburuak: bi atal “arrunt”, non hainbat poema biltzen baitira, autorearen bizitzako emakumeei buruzkoak, eta manifestu bat: Andrezaharraren manifestua, liburuari izenburua ematen diona. Andrezaharra da Estebanek gai hauetaz guztiez aritzeko sortu duen figura politiko-poetikoa.

Manifestuan, Andrezaharra jarri du hizketan, idazten, plazan, iskina batean, bere burua eta errealitatea idazten. Subjektu anizkoitz bat sortu nahi izan du, emakume zahar guztiek ez dute-eta egoera bera.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.