“Xangre” fanzinea mintzagai, Gotzon Hermosillarekin

Xangre fanzinea publikatu dute Barnezomorro proiektuko kideek, testu propioekin eta kolaborazioekin. “Punk literatura euskaraz”, hala dio azalak, eta guk gehiago jakin nahi izan dugu. Gotzon Hermosilla idazleak erantzun dizkigu galderak.

xangre

Une jakin batean bazirudien Internetek irentsi egin behar zuela garai bateko fanzine-gosea (eta irrati libreena, eta…), blogek eta sare sozialek ordezkatu zezaketela “do it yourself” haren filosofia, neurri batean. Azken urteetan hainbat proiektu egon dira, ordea, fanzine moduan plazaratu direnak (Itu Bandak egindakoak, adibidez). Zergatik eta zertarako fanzinea, XXI. mendean?

Hirurok paperezko fanzineen kulturatik gatoz. Iñigo Basaguren-Duartek eta biok urteak eman ditugu Izu Giroa fanzinea egiten, eta Igor Mercadok Zarata izenekoa egiten zuen. Ez dakit, beharbada adin kontua izango da, baina niretzat paperezko fanzineek duten xarma ez daukate blogek eta enparauek.

Xangre. Nondik dator izena?

Ipar Euskal Herriko euskalkietan “xangrea” minbizia da. Hegoaldekooi, berriz, hitzak odolaren gomuta ekartzen digu. Izen polita da.

Lehen azalerako “taburetea eta eskopetea” aukeratu dituzue. Umorea ala printzipio deklarazioa? Biak agian?

Printzipio deklarazioa bada: lehen zenbakirako William Burroughs-en argazki bat nahi genuen, pentsatzen genuelako oso ondo islatzen duela guk fanzinearekin egin nahi duguna. Baina hortik zehar dauden Burroghsen argazki guztien artean hori ikusi genuenean, etxeko atalasean eserita, eskopeta eskuetan, begirada galdua… Ez genuen zalantzarik izan.

Barnezomorro argitaletxe autogestionatuaren proiektu gisa aurkeztu duzue Xangre. Kurioski, liburutik fanzinera egin duzue bidea, eta ez alderantziz, agian logika “komertzialak” liokeen moduan… zergatik fanzinea orain, liburuen ostean?

Printzipioz, Barnezomorro Iñigoren asmazioa izan zen, Erori bere ipuin liburua argitaratzeko. Idoloak akatu genituenekoa liburu kolektiboaren ideia sortu zenean, tresna hura erabiltzea proposatu zigun, eta besteok pozarren hartu genuen. Orain ere Barnezomorroren zigilua erabili dugu, ez beharrezkoa zelako -azken finean, fanzine batek ez du argitaletxerik, ISBNrik edo antzekorik behar-, ezpada nolabaiteko batasun bat eman nahi genielako Erori, Idoloak akatu genituenekoa, Xangre eta etorkizunean irits daitezkeen bestelako proiektuei. Alde horretatik, Barnezomorro, argitaletxea ez ezik, filosofia bat, eragiteko modu bat, literatura ulertzeko molde bat ere bada. Literatur aktibismoa.

Idoloak… liburuaren kontua itxitzat eman genuenean, pentsatu genuen zein izan zitekeen hurrengo urratsa: Idoloak II ateratzea? Beste liburu kolektibo bat, baina gure taldetik kanpoko egileei irekita? Eta hor fanzinearen ideia atera zen. Beharbada ez da “komertzialki” oso logikoa izango, baina logika mota hori ez da inoiz gure puntu fuertea izan.

Zer nolako esperientzia izan zen lehen liburu haiena?

Oso ona, kontatu nahi genituen istorio batzuk kontatzeko aukera eman zigulako, eta honetaz interesa izan dezakeen jende batengana iristeko modua izan genuelako. Uste dut Erori agortuta dagoela, eta Idoloak…-en ale batzuk gelditzen zaizkigu oraindik.

Eta zer nolako bidea aurreikusten diozue Barnezomorrori?

Ez dugu horretaz askorik pentsatu; soilik, ez dugula Xangre zenbaki bakarreko proiektua izaterik nahi. Saiatuko gara bigarrena ateratzen, eta hirugarrena, eta hortik aurrera, geroak esango. Ikusten dugunean bere zikloa amaitu dela, edo beste zerbait egiteko gogoa pizten zaigunean, bukatutzat emango dugu eta kito. Baina ezagutzen ditut lehenengo zenbakiarekin amaitu diren egitasmo asko, eta nik behintzat ez nuke nahi Xangreri berdin gertatzea. Ikusiko dugu.

Xangrera bueltatuta, hainbat egileren testuak bildu dituzue. Zer dute komunean?

Alde batetik, asmoa da fanzinearen bidez gure sorkuntza lanak argitaratzea -nahiz eta, oraingo honetan, Igorren ipuin bat baino ez dugun atera-, eta gero, gogoko ditugun eta fanzinearen ildotik gertu egon daitezkeen idazleez mintzatzea, eta haien testuak argitaratzea. Baina zail egiten zait zehaztea zein den ildo hori, edo zeintzuk diren horren ezaugarriak. Nik uste dut zenbaki honetan agertzen diren egile guztiengan badagoela literaturara hurbiltzeko modu jakin bat, ohiko bideetatik aldentzen dena, baina, hortik aurrera, bakoitzak bere nortasuna eta estiloa du. Eta hala behar du gainera.

Kolaborazioak, elkarrizketak, itzulpenak… formatu ezberdinek dute lekua fanzinean, hala izango da aurrerantzean ere?

Bai, printzipioz hiru atal horiei eutsi nahi diegu: gure sorkuntza testuak, gertukotzat jotzen ditugun egileenak (izan testu originalak edo itzulpenak), eta gogoko ditugun idazleei inguruko artikulu eta elkarrizketak. Baina bestelako edukiak sartzeko aukera ere ez dugu baztertzen.

Hitzaurrean diozue “Literatura ofizialaren ertzean beste literatura mota bat egiteko saialdia izan zela” Barnezomorrorena. “Orduan ez genekien oso ondo zer zen “punk literatura”, eta orain ere ez dakigu. Horregatik pentsatu dugu fanzine hau egitea, ea erantzunen bat topatzen dugun”. Fanzinea atera zenetik, topatu duzue dagoeneko erantzunen bat?

“Ez dakit zer nahi dudan, baina badakit nola lortu”, kantatzen zuen Johnny Rottenek Anarchy in the UK abestian. Guri antzeko zerbait gertatzen zaigu. Ez dakigu oso ondo zer den punk literatura, baina horren zantzuak topatzen ditugu Lydia Lunch, Xabier Montoia, Danele Sarriugarte, Jim Carroll, Paddy Rekalde, Chuck Palahniuk, Patti Smith, Bonnie Jo Campbell eta beste askoren testuetan. Alde horretatik, fanzinea egitea ikasketa prozesua ere bada guretzat.

Literatura ofizialaren alboan, “punk literatura, edo literatura underground, bazterrekoa, kontrakulturala, alternatiboa… Deitu nahi duzun bezala”. Zer da, euskaraz, “literatura ofiziala”? Euskaraz izate hutsak ez al dakar berez, sarri, automatikoki “bazterrekoa” izatea?

Aspaldiko eztabaida da hori, guri batek baino gehiagok planteatu diguna. Egia da euskal literatura, sistematikoki, eta salbuespenak salbuespen, denda handietako erakusleihoetatik, hedabideetatik, Ja! bezalako literatur jaialdietatik… baztertua izaten dela, nahiko jarduera underground dela berez. Baina, era berean, ikusten dugu nola, euskal kulturaren “normalizazioaren” eta “homologazioaren” izenean, erdaraz egongo balira batere interesik piztuko ez liguketen kultur produktuak saldu nahi dizkigutela, izan abenturetako nobela txatxuak, best seller-en itzulpenak, pelikula eskasak, musika komertziala… Suposatzen dut baietz, kultura homologagarri guztiek best sellerrak eduki behar dituztela. Bego. Baina kultura homologagarri guztiek euren kontrakultura ere sortzen dute; bestela, ez dira inoiz osoak izango.

Nola zabaltzen da Xangre, non eskuratu daiteke?

Oraingoz, Bilboko DDT eta Anti liburu dendetan, Donostiako Hontza eta Kaxildan, eta Iruñeko Katakraken. Postaz ere eska daiteke barnezomorro@gmail.com helbidean.

Eta zeintzuk izango dira Xangreren hurrengo urratsak?

Asmoa dugu proiektua Durangoko Azokako Ahotsenean aurkezteko, abenduaren 7an, 10:30ean. Eta hasi gara bigarren zenbakia prestatzen.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.