Aintzane Usandizagaren testua “Sinadurak” atalean: “Barreen inbentarioa”

Aintzane Usandizagaren laugarren iritzi artikulua irakurri dezakezue “Sinadurak” atalean: “Barreen inbentarioa”.

BARREEN INBENTARIOA

Itxi begiak. Eta imajinatu zure barrea. Ez, ez naiz irribarreaz ari, karnetean sekula nahi bezala ateratzen ez zaizun keinu ezeroso horretaz; ez eta pantaila distiratsuetatik gero eta bikainago, gero eta zuriago marrazten duzun zirrikitu neurtu hortaz.

Barreaz ari naiz. Soinuaz.

Denok dugu iltzaturik belarri-gogoan lagun baten barrea; tabernaren beste puntatik, ikusi gabe ere ezagutuko genukeen karkaila zaratatsu hori; ala lankideren baten algara, esandakoak berez grazia gutxi egin arren malkoetaraino kutsatzen zaigun hots likits hori. Gogoan duzu zeuk ere, une berezi hartan, pertsona horri ostea lortu zenuen barreak eragin zizun harrokeria?

Nerabea nintzenean lagun batek esaten zidan astero barre ezberdina nuela. Nor bere sinadura, gerora hain garrantzitsu izango omen genuena, edozein paper-bazterretan praktikatzen aritzen ginen garai hartan, bazitekeen neu ere nire soinu-sinaduraren bila aritzea, oharkabean bazen ere.

Entzun al duzu behin ere zure algara grabaturik? Batere lotsatu gabe? Zer du barreak hain biluzik sentiarazten gaituena? Zer du barreak gure tripetatik?

Badira ikasgela erdian, bilera garrantzitsuetan, belategi betean lehertzen diren karkailak. Badira bakarrik gaudenean soilik egiten diren barreak, inorekin partekatu gabe; eskuaz ahoan ito eta txikiaraziak direnak; mahai kolpez erritmikoki anplifikatuak.

Ohartu al zara jende askok barre egiten duela antzokiko iluntasunean, momenturik bitxienetan? Are, isiltasun, tenkatze, giro pisu eta marduleneko uneetan? deskonprimatzeko modu urduria dela, eztula egitea bezala?

Ezeroso sentiarazi gaitzakete lekuz kanpokotzat ditugun barreek. Nondik datozen ulertzen ez ditugunek. Logikatik ihes egiten dutela uste dugun algarek. Duela gutxi entzun nion Joxe Mari Agirretxeri elkarrizketa batean esaten botere egoeran dagoenak ezin duela jasan bere azpikotzat duenak barre egitea.

Barrea ez da kode zehatz bat; sinpleegia da alaitasuna adierazteko zarata edo irudi soil gisa ulertzea. Barrea barne erreakzioa da: tentsioa urratzeko; besteekin bat egiteko; norbera ezkutatzeko, nabarmentzeko. Barrea ironikoa izan daiteke, gardena, ustekabekoa, urduria, deskiziatua, subertsiboa… Karkaila soilak bakartu zaitzake taldetik beste inork ulertzen ez duenean…

Eta zuk? Zenbat barre dituzu inbentariatuak?

This entry was posted in Albisteak, si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.