ALBERT CAMUSEN IZURRIA IZURRIAREN GARAIOTAN

224

 

“Le mal qui est dans le monde vient presque toujours de l’ignorance, et la bonne volonté peut faire autant de dégâts que la méchanceté, si elle n’est pas éclairée.”

                                La Peste (1947), Albert Camus, éd. Gallimard

 

Ez da batere harritzekoa koronabirusaren garaiotan Abert Camusen Izurria nobelara artez jo izana. Izan ere, badirudi azken egunotan gehien alokaturiko pelikula Steven Soderberghek zuzenduriko Contagion (2011) dela, alegia. Edonola ere, nik uste nuen  oraingoa Camusen klasiko handi honen hirugarren berrirakurketa zela. Oker nengoen, laugarrena omen, ezustean akordura ekarri baitut euskarazko bertsioa banuena, 1992 urtekoa, Imanol Tapia Etxeberriak itzulia eta Ibaizabal argitaletxearen Literatura Unibertsala sailean argitaratua. Nolatan, zergatik hainbeste irakurketa? Bada, bai, Albert Camus nire oso gaztetako idazle kuttuna, frantses zein literatura irakasle zen osaba batek L´Etranger (1942) nire eskuetan ipini zuenez geroztik (euskarara ere itzulia dago), seguru asko gehien berrirrakurri dudan liburuxka. Halere, Izurria bada taxuzko klasiko bat, nobela borobil-borobila, edonondik hartuta beti zerbait behar besteko azpimagarri edo gogoetagarri topatzen duzula, Camusen eskua probidentziak gidatuta izan bailitzan, hau da, grazia-egoerapean idatzi bailuen. Egia esan, bazuen istorio benetan potoloa izurriaren aitzakiaz literaturaren muina diren gizakiaren inguruko gai pila, ez baldin badira denak, jorratze aldera, eszenategi ezin hobea gizakumeok izurria bezalako krisialdi benetan larri edo handietan nola jokatzen dugun erakustearren, hau da, ezbeharrarren kontura gu denok espezie gisa zehatz-mehatz aztertzen saiatzeko asmoz.

Camusen Izurria hain klasiko ezaguna da ezen bere nondik norakoak azaltzea merezi ez lukeen; bai ordea zenbait zertzelada oinarrizkoa gogora ekartzearren.

Izurria, nazien gerraren eta okupazioaren alegoria bat azaltzen digu eta, zentzu zabalago batean, giza izaerarena eta era guztietako zapalkuntzarena, izurritearen menpean eroritako Orango hiriaren deskribapenaren bidez. Eleberriko pertsonaiek giza jarrera desberdinak azaltzen dituzte sufrimenduaren, elkar bereiztearen, eritasunaren, heriotzaren aurrean: Rieux, ilusiorik gabeko lehian, Tarrou gaitza ez zabaltzearen tema etsipenduaz, Paneloux baldintzarik gabeko federa dei eginez, Rambert zorionaren egarriz, Grand, benetako «heroia», erabateko zintzotasunaren eta errugabetasunaren jabe, Cottard izurriarekin tratuan, aldendutako emaztea, ama, lagun isila, espazioaren eta egoera jakinen errealitatean ageri zaizkigu. Tragediaren aurrean gizakien arteko elkartasuna zentzugabekeriaren gaindi azaltzen da kronika honetan, elkarren arteko borrokaren anaitasuna goraipatuz, gizakia ideia soila ez dela adierazteko eta berarengan gauza gehiago daudela estimatzekoak mespretxatzekoak baino. Hala, terrorearen eta bortxakeriaren aurkako iraultzaren testigantza dugu.

Gauzak horrela, eta honatx nire aburua. Gorago esan bezala, normalean, Izurria litzateke klasiko benetan borobila, aurkezten digun testuinguru beneta berezi eta larriari esker gai potoloak jorratzeko ezin aproposagoa, beharbada Camus bezalako idazle benetan saiatu eta iaio baten pagotxa, dena maisuki bereizteko eskura baitzuen, ingurugiro gertutik ezagun baitzuen, baita Frantziako alemaniarren okupazioaren iradokizuna ere (naziak = arratoiak). Ezinbesteko arrakasta bilakatu zen Camusen Izurria, ezin zen besterik suertatu hain idazle handiaren eskuetan, esperokoa zen kasik. Bai, okupazioaren gaia pil-pilean zen; baina, denbora aurrera joan ahala klasiko bat ere aldatu zen Izurria, hau da, nolabait klasiko gehienen aje bertsuekin ere bai. Zeintzuk dira aje horiek? Klasikoak bikainegiak direla, lehen ere azaldu bezala, ia edonondik hartuta dena izugarri neurritsu eta burutsua begitantzen zaizula, ez dagoela apenas neurrigabekeria eztirik, hots, dena hain txukun idatzita dago, hain zuhurra da bertan kontatzen den oro, hain bikain kontuta dago, ezen funtsean ez dagoen idazlearen ahotsa benetan hurbilekoa bezain xarmanta egiten duenik. Literatura eskola aparta da Camusen Izurria, garai arrunt edo zurietan kanonikoegia suertatzen zaiona literaturan bestelako proposamen bipil, bihurri edo behintzat ausartagoak bilatu ohi dituen irakurleari. Halere, konorabirusaren garaiotan gauzak oso bestelakoak izaten dira, izurri berri honen garaietan Camusen Izurria bizi ari garenaren ispilu bihurtzen da ustekabean, ia ezinbestez, auskalo noraino ispilu desitxuratua ala ez, bertan topa baitezakegu gaur egun gaur egun gure inguruan edonon, edonola eta edonoiz ikusten ari garen giza-jokabide asko eta asko, ez baldin badira gehienak, ikaragarri ondo azalduta, zer esanik ez izurriaren garapenaren ingurukoari buruz, hai izurri ezberdinak izanda ere jokaerak zein joerak betiere oso antzekoak izaten baitira. Camusen Izurria bada, edo baliteke behintzat, beraz, koronabirusaren garaioi nola edo hala aurre egiteko beste euskarri bat, beharbada prebentzio gida xume baina alfer bat, literaturazaleontzat propio gogora ekarrita, denok ondo asko baitakigu literaturaren poderioa zein murritza den bizitzaren berezko gordintasunaren aurrean.

 

 

Txema Arinas

Oviedom, 2020/03/13

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.