Kulturaz Antzerki Sormen Egonaldietan izena emateko epea zabaldu dute

Seigarren urtez jarraian, Kulturaz Antzerki Sormen Egonaldiak antolatu ditu Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak. Une zailak izan arren, “euskal antzerki sorkuntza sustatu eta sortze bidean diren proiektu eszeniko berrien bidelagun izaten jarraitu” nahi dutela adierazi dute. Albiste honetan bildu ditugu deialdiaren xehetasunak. Maiatzaren 8ra arte aurkez daitezke proposamenak.

54691560--624x373

Kulturaz Antzerki Sormen Egonaldiak, Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak antolatzen duen programak, euskal antzerkiaren sorkuntza bultzatzeko helburu zabalagoaren baitan, hiru xede hauek ditu: “euskal eta batik bat euskarazko proiektu eszeniko berrien sormen prozesuak bultzatzea”, “sortzaile eta egituren arteko benetako hartu-emana sustatzea”, “elkarlan sareak osatu eta erreferentzia guneak indartzea” eta “sormen prozesuak balioan jarri eta herriko kultur dinamikan agertaraztea”.


 

Zer eskaintzen dute?

Xede horiek betetzeko asmoz, honako baldintza hauek eskainiko dizkiote aukeratua izango den konpainiari:

- Antzokia. Egonaldian zehar bere lana sortzeko Azpeitiko Soreasu Antzokia edo Dinamoa Sormen Guneko Gorputzaren Eremua erabiltzeko aukera.

- Teknika. Beharrezko baliabide teknikoak eta teknikarien zerbitzua.

- Ostatua. Lan taldearentzako lo egiteko lekua egonaldian zehar.

- Jan-edana. Lan taldearentzako jan eta edana egonaldian zehar.

- Promoziorako materiala. Argazki saio bat edo bideo teaser bat osatzeko aukera.

Bestalde, egonaldiaren iraupena 2 astekoa izango da gutxi gorabehera, eta zati ahal izango den arren “oro har sormen egonaldi osoak eta jarraiak lehenesten” dituzte.


Zer eskatzen dute? 

Sortzaileei, berriz, honako hau eskatzen diete:

- Ikuskizuna. Egonaldian zehar sortu duten ikuskizuna doan eskaintzea, estreinaldia ahal bada.
- Mediazioa. Adostutako herriko kolektibo batekin mediazio elkartruke bat gauzatzea (tailerra, entsegu irekia, solasaldia edo antzeko beste ekimenen bat).
- Komunikazioa. Sormen egonaldia bera eta amaierako emaitza ezagutzera emateko prentsa eta promoziorako ekintzetarako prestutasuna izatea.

Bestalde, eukeratutako konpainiak eta Kulturaz Kooperatibak hitzarmen bat sinatuko dute, adostutako baldintzak jasotzen dituena.


 

Nola har daiteke parte? 

Hasteko, deialdian izena eman nahi duenak esteka honetara jo eta bertan agertzen den galdetegia bete behar du. Maiatzaren 8ra arte egin daiteke hori. Maiatzaren 22an jakinaraziko dute zer talde aukeratu duten. Zalantzarik edo galderarik izanez gero, Aitor Bengoetxearengana jo daiteke, email (abengoetxea@kulturaz.eus) edo telefono bidez (674165682).

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.