Alazne Arrutiren iritzi artikulua: “Denboraren unitatea”

Hauxe duzue Alazne Arrutiren azken kolaborazioa, “Sinadurak” atalean topatu ditzakezue aurreko guztiak.

Printze Txikiak azeriaren bitartez ikasi zuen, erritualek, espazio edo ingurune batean etxebizitzek duten funtzio berbera dutela denboran. Hau da, etxe baten antzera, denbora, bizigarria bilakatzen dutela. Ordenatu egiten dutela eta hartara, zentzua eransten geure jardunari.

Denbora bera ere, gizakiak sortutako erreferentzia bat da finean. Egunerokotasunari zentzua edo forma emateko darabilgun tresna bat. Baina ez du egitura finkorik, fluxu ezegonkor eta aldakorra baitu erroan. Eta honenbestez, erritualak bizitzari egitura eta egonkortasuna emateko ezinbestekoak dira. Honen inguruan dihardu, Byung-Chul Han 26 urteko filosofo korearrak, duela gutxi espainiar estatuan aurkeztu duen La desaparición de los rituales liburuaren harira egindako elkarrizketa batean.

Bakoitzak erritual ezberdinak ditu oinarritzat noski. Erritual bat izan daiteke esnatu eta albokoari hatzaz bizkar hezurra goitik behera zeharkatzea. Begiak erabat zabaldu aurretik mingaina kafetan berotu eta zakurrarekin betiko orduan kalera irtetea. Bederatzietarako lanpostuko ordenagailu parean egotea, lankideak agurtu ostean. Edota ostiral arratsaldean kuadrillarekin tragoxka bat hartzea. Kontua da, guzti hau galtzen dugunean edota mugatzen digutenean desorientatuta edo itota sentitu ohi garela. Eta horren adibiderik gertukoena bizi izan dugu azken hilabeteetan, nahiz eta egoera ikuspuntu erromantiko batetik lantzeko tartea ere izan den.

Dezelerazioaz jardun gara. Aukera berri bat sortu zaigunaren esperantzaz. Eta bai, txoriak ozenago dirudite kantari, baina munduak ez du horren inguruan biratzen. Kapitalismoak zeharkatzen du (eta gaitu) osotasunean, eta hura ez da geldotu. Une labur batez atxikia izan da. Eta eten urduri honek, barealdi tenkatu bat du atzean.

Gu koitaduoi, jarduerarik ezera behartu gaituzte. Etxean imajinazioa pizteko, telelanaz gozatzeko, kirola egiteko esan digute osasun mentalaren izenean. Erritual berriak sortzeko. Eta bitartean atzetik, soka are eta gehiago tenkatzen segi dute.
Eta guk koitaduok, ez dakigu normaltasunerako bueltan denbora zein unitatetan neurtuko den.

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.