Euskal teatroa(k) IV: “Belaunaldi berriagoei begirada zabalduz”

tripak urruna

Poza. Asetasuna. Azkenaldian ikusitako lanek, estreinatu gabekoak batzuk, itxaropena piztu didate, behinola batzuok amestu genuen teatroa egun errealitate baltsamiko bat den sentsazioa. Aipatuko ditut batzuk.

Aurreko atalean esan dut Dantzertiko lehen labealdiko hiru izen horiek berreskuratuko nituela. Elkarrekin zein banaka ikusi ditugu oholtzan, eta aurkikuntza zinez betea izan da. Besteak beste, 2019an Mikelazulo kultur elkartetik antolatuta, Eztena jaialdiak bultzatutako laborategi batean izena eman zuten, Espe Lopezen zuzendaritzapean. Laborategi horren emaitza eszenikoa Niessen antzokian egin zen, eta osorik dago sarean: La Mirada/Begirada. Batez ere banakako piezak ziren zutabea, guztiak ikustea merezi du, eta haien artean hiru gazte hauen lana ezagutzeko aukera ematen du. (23:45 + 34:00 + 01:01:00).

Dantzertiko ibilbidearen amaierako lan gisa, bakarlan bana egin behar izan dute. Maite Aizpuruak eta Xanti Agirrezabalak Kulturaz kooperatibako laguntzei esker aurkeztu zituzten Azpeitian. Xantik Satiro, oraindik ere ikusteko irrikatan nagoena (Uberanen elkarrizketa egin genion, ikus HEMEN), eta Maitek Erresistentzia arazo fisikoa da, piezaren bertsio amaitua Zumaian estreinatu zuen martxoan, eta horixe ikusi nuen nik, koronabirusaren aurretik antzoki batean ikusi dudan azkeneko lana (ikus elkarrizketa HEMEN). Pieza guztiz gomendagarria Maiterena. Guztiz identifikatuta sentitu nintzen bertan agertzen diren kodeekin: gorputzaren proiekzio sozialaren kritika umoretsu eta zorrotz bat, norberetik abiatutako kontaera modu performatibo batean gauzatua; absurdoa, poetika bisual bat, argien erabilera ederra, lan fisiko itzela. Guztia, pertsona bakar batek gidatua eszenatokian. Koronabirusak ezin du galdu horrelako lan bat. Lerro hauek idazteko unean, Jon Ander Urresti bere pieza propioa amaitzeko bidean da: Gure baserri galduen gorputz biziak. Udak Satiro berpiztu du, laster Zestoan eta Azpeitian ikusi ahal izango da, eta hiruen lanak irailean ikusi ahal izango dira Eztena jaialdian (irailaren 6tik 12ra).

Gertuago, haietako batekin Miss Karaoken lan egin genuelako, Tripak kolektiboa. Marina Suarez Ortiz de Zarate, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Maite Mugerza eta Andrea Berbois, Gasteizko Baratza aretoa den artisten fabrika horretatik sortutako proiektua (Ikus elkarrizketa HEMEN). Urruna pieza estreinatu zuten urrian La Fundición aretoan, BAD jaialdiaren barruan: azken garaietan ikusle gisa jaso dudan zartakorik erabatekoena. Lagun bat eta biok joan ginen elkarrekin ikustera, eta inpaktatuak atera ginen. Ezin genuen sinetsi ikusi genuena. Gure antzezlan ideala begien aurrean. “Lortu dute!” esanez atera ginen, “lortu dute!”; hunkituta, teatrotik jubilatzeko gogoz atera ginen kalera hura ikusi ostean. Isiltasun une batzuk behar izan genituen danbatekoa asimilatzeko. Poza esatea gutxi zen. Inbidia. Harrotasuna. Izan ere, lehen pausuak emanez ezagutu baikenituen lehenago ere: Eztenan sortze prozesuan eskainia zuten honen aurreko pieza urte batzuk lehenago, Aitaren larrua, eta osorik estreinatu zuten jaialdi berean beranduago. Hori dela eta, obrari buruzko liburua argitaratu genuen Eztena-liburuak bilduman (ikus HEMEN). Orduko piezak dagoeneko ikusleen bazterrak inarrosi zituen, baina Urruna jauzi erraldoi bat iruditu zitzaigun. Ordutik gutxi, oso gutxi dira eskaini dituzten emanaldiak, salmenta zaileko lana izaki. Baina, zertan ari gara kulturgintzan, publikoa ez bada iristen horrelako lanak existitzen direnik ere jakitera? Segur aski ez litzateke masiboa izango, eztabaida sortuko luke, astindua ekarriko luke, baina nik publiko gisa inarrosia izateko eskubidea aldarrikatzen dut. Nola edo hala, bermatu egin behar da egiten den oro ikusteko aukera. Lerro hauek idazteko unean koronabirusak bertan behera utzi dizkie lotuta zituzten datak.

Kanpo begiradatik inplikatuago harrapatzen naute jarraian datozenak, baina ezin aipatu gabe utzi. Erika Olaizola eta Kamikaz kolektiboaren Panpina, hasteko eta behin. Erika Olaizola aktore eta zuzendariak, Leire Arenas artista plastikoak eta nik neuk osatu genuen sortze prozesuko hirukotea. Erika une oro zuzendari, eta gidari. Aparteko esperientzia niretzat, puskaz gazteagoak diren sortzaileen zerbitzura jartzea, haien ahotsa oholtzan ikustea helburu. Gerora batu zitzaizkigun Metrokoadroka kolektiboko beste bi lagun lana borobiltzera, Idoia Beratarbide eta Javi Barandiaran. Erikaren ahotsak, gorpuzkerak, zaputzak eta nahiak errekonozitzen ditut oholtzan: ironia bara-barra, absurdoa eta lan fisikoa. Erika eztanda bat da eszenan. Estreinatu orduko oihartzuna izan du, lerro hauek idatzi aurretik emanaldi zerrenda luzea zuen aurretik. Kulturgintza honek krisiarekin bidean galdu ezin duen beste lan bat, hau ere Zestoan, Azpeitian, eta irailean Eztenan ikusgai.

Eta Formol. Edurne Azkarate, Mikel Ibarguren, Intza Alkain. Hiru artista puska. Maketa pieza, Album obra. Oraingoz bertan behera geratu den beste (aurre)estreinaldi bat. Martxoan Baratzako Zurrunbilo jaialdian eskaini behar zuten premierra, sortze prozesuan dagoen piezaren hogei minutu inguruko lagina. Javier Barandiaranek eta biok prozesua gertutik jarraitu ahal izan dugu, zirraragarria da kolektibo berri baten ernaltzea barrutik ikustea. Zenbat su, zenbat kemen. Dramaturgia berrietan kokatu nahi izan dute lana, kanpo begiradako rolean Edurne Azkarate delarik. Edurne aktore ezagutzen duzue gehienok, baina bada zuzendari handi bat ere. Entsaioren bat edo beste ikusita, Edurneren begietatik beti ere, guk geuk gustura erabiliko genituzkeen materialen eztanda bat genuen begien aurrean: testuak, poema bisualak, dramaturgia posibleak, millenial belaunaldiaren inguruko gogoetak… Sentsazioa hitz batean: apurtzailea. Eta proiektuaren inguruan sor daitezkeen espektatibekin jostari eta ironiko. Publikoa erdiz-erdi apurtzeko modukoa, aurreikusgarriak lirateke aldeko zein kontrakotasunak… Zeinen pozgarria eta arriskatua, zeinen beharrezkoa. Eztenan izango dute, hauek ere, lanera bueltatzeko aukera, work in progress.

Lan hauek ezin dira galdu bidean. Nola babes litzake kulturgintzak, programatzaile publikoek ez ezik publikoak berak, euskara hutsez euskal teatro berri bat egiteko prest dauden belaunaldiak?

This entry was posted in si-Iritzi artikuluak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.