Orka, edo ontza, katua, tigrea

Mobila belarrian jarrita Arriba los buscavidas kantatu digu oso altu. Altuegi. Ni ez naiz oso gustora egon kantak irauten zuen artean, gure inguruko jendea eragotziko genuelakoan. Bukatu duenean zera esan du; “abesti hau horrela abestu behar da, bestela ezin da”. Eta nik mirespen basatia eta lekuz kanpoko lotsa moduko bat sentitu ditut aldi berean, biak batean.

 

Orka batek itsas landare bati istorioak kontatuko balizkio, ni anemona nintzateke. Hori naiz bere ondoan: anemona bat. Tokiz eta orduz kanpo sentiarazten nau eta beste tempo batzuetara narama, ez dugu espazio-denbora bera konpartitzen. Berarekin nagoenean, substratuari heldutako izaki isila bihurtzen naiz, bere kontakizun tristeekin ez nahigabetzeko. Entzun besterik ez dut egiten, min ematen dit batzuetan, eta indar apur bat ere kentzen dit. Entzuten dut, baina ez dut parte hartzen.

 

Inguru ezagunak ezezagun bihurtzen dizkit, nire lauki zuzenaren mugetan agertzen zait, mugaz harago dagoena ezagutzen duenaren begiarekin. Eta nik bere begiaren bidez irudikatu dezaket piztiren bat, ez oso zehatza, ez oso finkoa.

 

Honela pentsatzen dut batzuetan: gau batean irten zela, eta inoiz ez zela bukatu; gau hura luzatu da gaurdaino. Ustekabeko lagunak egiten ditu, ustekabeko jendearekin oheratzen da, ustekabeko planak antolatzen ditu, ustekabeko bizitza bizi du bere gau luzean.

 

Eta ni sekula egongo ez naizen lurraldeetan egondakoa da. Inoiz probatu ez ditudan drogak probatu ditu, laztandu ez ditudan bazterreko gorputzak laztandu ditu, sentitu ez ditudan egitura psikologikoak sentitu ditu, eta inoiz jakingo ez dudana daki. Hiriko perimetroko emakume horietako bat da; orka, edo ontza, katua, tigrea.

 

sitsek.com 

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.