Aireportuko musika kaleratu du Luis Gardek, botere-kinkei buruzko thriller politikoa

Koronabirusaren egoerak berekin ekarri du udaberriko nobedadeen bolada inoiz baino gehiago luzatzea, eta uztaila amaitzear zela aurkeztu zuen Luis Gardek bere nobela berria: Aireportuko musika. Pamiela etxearen eskutik kaleratu du lana, bere ibilbideko bigarren nobela. Etorkizun hurbilean kokatu du, 2029. urtean, eta politikari nafar baten bahiketaren haritik garatuko da eleberriaren muina. Botereari buruz gogoetatu du, besteak beste.

luis-gardejpg_foto610x342

Uztailaren amaieran aurkeztu zuen Luis Gardek bere bigarren nobela: Aireportuko musika, Pamiela etxearen eskutik. Aurrenekoarekin –Ehiztariaren isilaldia–, Euskadi Saria eskuratu zuen. Orduko hartan, iraganari heldu zion; oraingoan, ordea, etorkizunean kokatu nahi izan du istorioa, etorkizun hurbilean. Gardek adierazi duenez, gogoa zuen «gure gizartea aurreratuxeago ikusteko edo aztertzeko». Idazlearen esanetan, gatazka politikoaren gaia jorratzen duten autoreei beti leporatzen zaie atzera begiratzen dutela, baina, berari «literaturan aztertzeko duina» iruditzen zaio biolentzia politikoaren gaia, eta horixe jorratu nahi zuen, «etorkizun hurbilari begira».

2029an, urte horretan kokatu ditu Gardek bere pertsonaiak. Narratzailea Frantziako hiri batean bizi da, erbestean. Bizimodu bakartia darama; halako batean, ordea, ohar anonimo bati segika, hitzordu batera joango da Cahorsera, eta dokumentu-sorta bat jasoko du. Dokumentu-sorta horretan biltzen dira Leyre Olcoz nafar politikari erregionalista eta eskuindarraren bahiketari buruzkoak. EHAS erakunde armatu berriak bahitu zuen Olcoz bi urte lehenago. Bahitzaileek baimena eman zioten Olcozi gutunak bidaltzeko, eta hark emazteari eta beste politikari batzuei idatziko die. Gutunez berez gainera, narratzaileak politikarien arteko elkarrizketen transkripzioak eta prentsa-ebakinak ere jasoko ditu, izan ere, hedabideek eta sareek toki garrantzitsua baitute nobelan, kasuaren eraikuntzan eta hari buruzko ikuspegian.


 

Poesia, «etxeko marka»

Nobelako narratzailea poeta da. Poesiaren presentzia etxeko marka da, Garderen beraren esanetan, berak ezin du idatzi nobela bat «horretan sartu gabe» –Gardek, aipatu ditugun bi eleberriez gainera, zortzi poema-liburu kaleratu ditu–. Narratzailea, edonola ere, porrot egindako idazle gisa sentitzen da: «Horrek badu puntu parodiko bat, baina nik pentsatzen dut poetak direla gaurko literatura komertzialean porrot egindako idazleak. Zentzu onean, ez dugu lokarri berezirik merkatuekin, benefizioekin eta abar». Kasu honetan, narratzailearenak ez, beste poeta batzuen aleak sartu ditu Gardek nobelan, esaterako, Pete Seeger-en bi kantu, «horietako bat oso ondo lotzen delako nobelarekin». Nerudari ere egin dio lekua, «gaur egun oso demonizatuta dagoelako».


 

Familia saga bat

Garderi iruditzen zitzaion, nobela garatzeko, garrantzitsua zela Olcoz familiaren historia azaltzea. Olcoztarrak «familia oso tipikoa» dira Nafarroako eskuinean: «boteretsua, dirutsua, eta politikan oso sartua». Haiei buruzkoak azaltzeko, «sagak» baliatu ditu idazleak, «tonu parodiko batekin». Nolanahi ere, pertsonaia sinesgarriak sortu dituela uste du Gardek: «nafar erregionalistak ezagutzen dituen edonork aurkituko ditu gauza anitz barregarriak eta erridikuluak direnak».


 

Abiapuntuan, irudi bat: Aldo Mororen hilketa

Bigarren nobelarako ideia bat eta hainbat ohar idatzi ondoren, Garde ez zegoen konbentzituta. Halako batean, irudi bat etorri zitzaion gogora: «Aldo Moro politikari italiarraren argazkia. Idazten dugunok, nonbait, gure barruko artxiboa erabiltzen dugu; irudiak, bizipenak, azaleratzen dira idazten dugunean. Aldo Moro bahitu zuten Brigate Rossek [Brigada Gorriak], eta hark gutunak idatzi zizkien emazteari eta politikariei. Kotxe batean agertu zen bere gorpua».

Aspaldiko irudia izan arren –1978–, iltzatuta geratu zitzaion Garderi: «garai hartan gure eguneroko errealitatea ez zen oso erraza, egunero ikusten genituen halako gauzak, baina kasu horrek zer pentsatua ematen zuen botereari buruz, estatu-arrazoiari buruz, alderdi politikoen jarrerei buruz… Bera [Moro] zen itun bat egitearen aldekoa, itun historikoa izenekoa: Erromako demokrazia kristaua eta alderdi komunistaren artean itun bat egin nahi zuen, oreka bat eta sendotasun bat eman nahian Italiako politikari. Konbentzitu zituen besteak, eta justu itun hori sinatzekoak ziren egunean bahitu zuten». Nolanahi ere, Mororen kasua ideia orokor gisa erabili du Gardek, nobela abiatzeko.


 

Botereari buruzko ikuspegia

Boterea da eleberri honen zutarrietako bat: «Hemen agertzen den boterea, nik ikusten dudan bezala, ez da gobernu baten boterea, Madrilgo jende gaiztoaren boterea, botereak dira; gobernuarena izan daiteke bat, baina komunitate autonomoek badute beren boterea, alderdi politikoek ere bai, eta gizaki batzuek». Literatura aipatu du, konparazio baterako: «Ni baldin banaiz literatur kritikaria egunkari batean, nik badut nire boteretxoa eta erabiltzen dut; horrela da giza boterea eta giza kondizioa». Botereari buruzko ikuspegi horren harira, Shakespeareren erreferentzia ekarri du: «Bere lan batzuk irakur litezke thriller politiko gisa: giza pasioak lantzen ditu; maitasuna, gorrotoa… eta gehienbat botere-gosea».


 

Hitzak desagertzen direnean, aireportuko musika

Eta nola lotzen da orain arte kontatutako guztia liburuaren izenburuarekin? Liburuko eszenatokietako bat dira aireportuak; Gardek oso gogoko ditu toki horiek: «Gure gaurko gizartearen metafora izan daitezke: ez-lekuak. Niri izugarri gustatzen zait, aireportu batean suertatzen naizenean, jendeari begiratzea, nola mugitzen diren, zer egiten duten…».

Aireportuetako musika azpi-genero bat da, eta Gardek musikari zehatz bat aipatu du, Brian Eno, «genero horren aita» gisa jotzen dena. Gardek aitortu du oso musikazalea izan arren, ezin duela irakurri edo idatzi eta aldi berean musika entzun: «Musika lasaienak ere beti ekartzen du bere erritmoa, aldarte berezi bat, ezin bateratu hori idaztearekin; baina musika horrekin ez zait gauza bera gertatzen».

Are gehiago, ohitura bihurtu zaio aireportuko musika aditzea idatzi bitartean, eta eleberriaren «leitmotiv poetiko» gisa ikusten du: «aireportuko musika da hitzak desagertzen direnean geratzen dena, zure denbora adituz paratzen zarenean aditzen duzuna. Bizi-denboraren zarata. Gure diskurtsoak desagertzearekin geratuko dena, hori da aireportuko musika, ez-leku batekoa, erreka suabe-suabe bat bezala doana».


This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.