Garai arraroetan normalena

Xabier Etxaniz Rojo idazlea Poesia Orduetan egon zen, Fito Rodriguezek hainbat lagunekin batera taularatutako Hain zara eder liburuan oinarritutako emanaldia ikusten. Emanaldiak barrenak ukiturik, kronika idatzi zuen. Jarraian irakurri dezakezue: “Garai normaletan arraroena”.

l_hain_zara_eder

Garai arraroak dira hauek. Baita literaturarako ere. Baita poesiarako ere.

Amaitu berri den uda honetan maskara jantzita joan gara alde batetik bestera, eta ikasi dugu bi metrokoa dela gizarteak onartzen duen gutxieneko distantzia. Eskuak garbitzen ditugu mekanikariak bagina bezala, betaurrekoak gandutzen zaizkigu sauna betiereko batean bageunde bezala, eta besarkadak… besarkadak neguko arroparen armairuan gorde ditugu aurrerago erabiliko ditugulako itxaropenaz.

Garai arraroak dira hauek. Hain arraroak non poesia emanaldi baterako sarrerak agortu egiten diren di-da batean eta jendea kalean geratzen den sarrerarik gabe, aretoan sartu ezinik.

Eta poesia ez da poesia.

“Hain zara eder” ez baita poesia, nahiz eta poesia emanaldi batean eskaini ziguten.

Halaxe esan zigun Fito Rodriguezek. Halaxe aitortu zigun ikuskizuna hasi bezain pronto eta halaxe kontatu dio Booktegi argitaletxeko lagunei Tabakaleran egindako elkarrizketan, ez zekiela oso ondo zer zen berak idatzitako liburuxka hura, laguntza eskatu behar izan zuela jakiteko zer zen orri haietan bildutakoa. Eta are: Fitok aitortu zuen ezen unibertsitateko ikerketak idazten dituenean berak dakienari buruz idazten duela baina literatura egiterakoan ez dakienari buruz idazten duela…

Arraroak dira garai hauek non ez dakigun apenas ezer.

Ni ere halaxe joan nintzen emanaldira, zer ikusiko eta zer entzungo nuen oso ondo jakin gabe. Proposamena egin zidaten eta berehala eman nuen baiezkoa. Azken batean, iraila ederra izaten baita Donostian, argitsua eta lasaia, arratsaldeak edonon patxada ederrean pasatzeko ezinago aproposak. Poesia egunak Victoria Eugeniako Klub aretoan? Bai, noski, joango ez naiz ba! Emanaldia Fitok prestatutakoa zela baino ez nekien hara iritsi nintzenean. Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak ere han izango zirela. Eta Morau han egongo zela jakin nuenean gitarraren baten doinuak aurreikusi nituen. Baina, egia esatera, itsuan joan nintzen ni hara…

Halaxe sartu nintzen Klub Aretora. Handik gutxira, iluntasunetik argira egin zuten jauzi protagonistek. Morau ez, beste guztiak Victoria Eugeniaren soto zoragarriko eszenatokian agertu ziren, baita emanaldirako propio elkartutako musikari talde txukun asko bat ere.

Baina zertarako ukatu… sekulako ezustea hartu nuen han Joe Cocker topatu nuenean.

Azal zuriko eta ahots beltzeko kantaria.

Joe Cocker!

Edalea, bere lagunen laguna, rockero zaharra. Non eta Donostian! Norekin eta Fitorekin!

Joe eta Fito, Fito eta Joe, biak Egia auzoko aldapetan behera, azken taberna-zuloa non topatuko gau beroan.

Joe, ahots lakarrez, kantari.

With a Little Help from My Friends

Fito xuxurlaka.

Gau beroan
Tristatuko naiz

Goibelduko zara iluntzean?

Ez ene adiskideen laguntza izanda
Bai, ene adiskideen laguntza pixka batez konponduko naiz

Joe eta Fito, Fito eta Joe, summer in the city, iraila Donostian.

Kata tabernatik atera dira biak aldapan behera, lagunen beharrik gabe, besoak lagunaren sorbaldetan, eta, hala ere, lagun bila, gauez mundua ezberdina baita.

Eta korrika egin gora
Gauez mundua desberdina baita
Atera zaitez eta aurki ezazu lagun bat
Etorri hona eta gau guztia dantzatu
Bero egonda ere ondo egongo da
Eta pena zer den ez duzu jakingo
Egunak gauak balira bezala ezin direlako bizi
Hirian udan
Udan hirian
Hiriko uda hiri beroa

Iraileko uda ederra baita Donostian. Ederra edozein txokotan tartetxo atsegin bat hartzeko modukoa. Eta Donostian ere mundua ezberdina da gauez.

Arratsaldea gau bihur genezake eta Klub areto hau taberna-zulo, eh Joe? Zer diok?

You are so beautiful

Lagun asko zagok hemen, Joe… Nortaz ari haiz? Dorletaz? Asierrez? Bandako gitarra-jotzaileaz?

You are so beautiful.
Niretzat hain ederra
Ezin zinela horretaz ohartu
Espero nuen guztia izan zara

Pertsona bakoitza izan zara

Behar nuen guztia
Niretzat ederra izan zara
Zantarra izanda ere
Maketsa izan arren

Eman didazunagatik
Hain zara ederra.

Hain zarete ederrak. Zuek denak, hain zarete ederrak.

Garai arraroak dira hauek. Hain arraroak non normalena Joe Cocker Fitoren konpainian topatzea den.

Ahal baduzue, ez galdu aukera eta bila itzazue edozein taberna-zulotan…

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.