Ganbila antzerki bildumaren hirugarren labealdia aurkeztu dute

Atzo aurkeztu zuten Donostian Ganbila antzerki bildumako hirugarren labealdia: Erika Olaizola eta Kamikaz kolektiboaren Panpina, Sarah Kaneren Zartatua eta 4.48 Psikosia obrak Arantzazu Fernandezek itzuliak, eta Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe eta Hika Teatroaren Bidaideak.

Ganbila 3

Hauek dira hiru liburuak. Ohik0o moduan, Susa argitaletxeak argitaratu orduko jarri ditu osorik sarean:

Panpina, Erika Olaizola eta Kamikaz kolektiboa

panpina

Azala: Leire Arenas.

Panpina antzezlana Erika Olaizolaren imajinariotik, bulkadatik, adierazteko beharretik sortutako lan bat da. Baina, era berean, proiektu hau emaitza kolektiboa ere bada, hala oholtzan, nola liburuan. Irakurleak liburu honetan, Panpina antzezlaneko edukiez gain, batetik Erika Olaizolak berak sormen prozesuari buruz idatzitako gogoetak topatuko ditu, eta, bestetik, han edo hemen bidaide izan dituen lagunek “panpina” kontzeptua buruan hartuta libururako idatzi dituzten ekarpenak.

2019ko udazkenean estreinatu zenetik, Panpina antzezlana emanalditik emanaldira hazten joan da. Publikoarekin berehalakoa izan da konexioa, eta gerora, Erikak emanaldiz emanaldi antzezlanaren energiaz jabetu ahala, gero eta ozenago egin du eztanda haren oholtza gaineko indarrak. Emanaldietara joaten denak berehala sumatuko du publikoaren konplizitatea, Erika Rooibos pertsonaia protagonistaren emakume gorputz autoironikotik bidaltzen dituen jendarte-zirtoekin aukera izango du barre egiteko, hausnartzeko, eta hunkitzeko.

Kolaboratzaileak: Leire Arenas, Oier Guillan, Idoia Beratarbide, Javier Barandiaran, Ainara Ortega, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Izaro Andres, Koldo Almandoz, Miren Amuriza, Edurne Mendizabal Tolosa eta Haizea Egiguren Iriarte.

Sarah Kane: Zartatua eta 4.48 Psikosia. Arantzazu Fernandez itzultzaile.

sarah kane

Azala: Allende Arnaiz.

Zartatua eta 4.48 Psikosia antzezlanetan gaiak ez dira batere samurrak, hizkuntza ez da gozoa eta sintaxia askotan bortxaturik azaltzen da. Lehenbiziko testuan, errealitatearen ankerkeriak neurriz kanpokoa dirudi eta, bigarrenean, anbiguotasuna eta iluntasuna, gaixotasun mental larriak ekartzen duen oinazean nagusitzen zaizkigu. Bi antzezlanetan umore zipriztinak eta ironia egon badaude ere, ez digute arintzen batek zein besteak helarazten diguten protagonisten egia gordina: abusuen eta bortizkeriaren katearen gainean zapuzten dela askoren bizitza, eta, sufrikarioarekin amaitzeko, heriotzak bakea ekarriko digulako ideia setatia.

Euskal literatura dramatikoen idazleen lanak publikoaren eskura ipintzearekin batera, nazioarteko azken dramaturgiaren berri zabaltzen saiatuko gara Ganbila bildumatik. Sarah Kanerena bezalako lanak euskarara ekarrita, bidenabar, bidea erraztu nahi diegu euskaratik oholtzara dramaturgia berrien bidetik egin nahi duten antzerki ikasle eta sortzaileei, mundu osoan eragina izan duten egileen antzezlanak euskaraz jasotzeko aukera bermatuz.

Bidaideak, Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe, Hika Teatroa.

bidaideak

Azala: Santos Bregaña Etxeberria.

Agurtzane Intxaurragaren eta Arantxa Iturberen arteko elkarlana aitzindaria izan da, eta eredugarria. Hika Teatroaren ibilbidearen barruan nolabaiteko ildo bat osatu du, eta zuzendariaren eta idazlearen arteko elkarlan eta dialogoaren isla da: nola baten imajinarioak elikatu dezakeen bestearena, nola bien artean sortzen den hirugarren espazio zabal bat. Liburu honetan jaso ditugun hiru obrekin aitortza egin nahi izan diogu elkarlan honi: esker ona adierazi oparitu dizkiguten obrengatik, eta lan horren berri belaunaldi berriei transmititu. Ai ama! (2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010) lanek bi sortzaileen arteko elkarlana ezin hobeto islatzen duen triptikoa osatzen dute.

Hitzaurrea: Harkaitz Cano.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.