Hitzen Uberanen urteurrenean: Uxue Alberdi

Hitzen Uberanen 10. urteurrena ospatzen ari gara, eta sorreran izandako pertsona batengana jo dugu: Uxue Alberdi. Datozen egunetan, Imanol eta Garbiñe Ubedaren elkarrizketaren ere argitaratuko ditugu.

uberan intro

Uberanen sorreran izan zinen, nola oroitzen duzu garai hura, zer asmo, zer hutsune… betetzeko sortu zenuten? Kontatuko nolakoa zen garai hartako testuingurua?

2010aren bukaeran izan zen. Hitzen Uberanen sorrera oso lotuta gogoratzen dut Testuketan irratsaioarekin, Euskal Idazleen Elkarteak Herri Irratiarekin batera egiten zuen saio bat; bertan 3-4 urtez ibili ginen Oier Guillan eta biok esatari, programa egiten. Oso oroitzapen ederra daukat, pila bat ikasi nuen. Astero irakurtzen genituen euskal idazleak, eta elkarrizketa bat egin, oso aberasgarria izan zen haiek eta haien lan-prozesua ezagutzea. Baina oroitzen dut asko ikasi nuela, batez ere, Oier Guillanengandik: sorkuntza bizitzeko zuen modua, antzerkiari lotutako sorkuntza kolektibo hori, bere planteamendu asko, Metrokoadrokaren bidea, Mikelazulo… Gauza asko berari esker jaso nituen eta niretzat berriak ziren. Interes handiz entzuten nion.

Garai hartan sortu zen Hitzen Uberan egiteko ideia, eta momentu honetan ez naiz oroitzen ea EIEk proposatu zigun ala guk proposatu genuen, faltan somatzen genuelako literaturan espezializatutako gune bat sarean… literaturari buruzko aldizkari bat. Badakit elkartu ginela literatur sistemako hainbat pertsonarekin, ikusteko halako aldizkari batek zer atal izan beharko lituzkeen; orduan ari ziren ugaritzen irakurle taldeak, ikusten genuen mapa bat egiteko beharra, zer irakurtzen zen jakiteko… Atalen izenak erabaki genituen (amuak, gatzetan gordeak), sormen-lanak biltzeko, erreportajeak eta elkarrizketa luzeak biltzeko, eta maiztasun bat ere erabaki genuen.

Formatu diferenteak erabiltzen genituen (poema musikatuak Imanol Ubedaren eskutik, argazkiak…). Hasieratik eduki zuen literaturaren eta gauzak kontatzeko arteen artean zubiak eraikitzeko bokazio hori, eta uste dut hori Oier Guillani zor zaiola.

Garaitsu hartan haurdun geratu nintzen, erabaki nuen lan-karga arintzea eta Hitzen Uberan abiatu eta berehala utzi nuen, hortik aurrera irakurle bezala eta inoiz edo behin kolaboratzaile bezala izan dut harremana Uberanekin.

Zer balio ikusten diozu atariari?

Oso gustuko dudan atari bat da. Nik asko estimatzen dut literaturan espezializatutako webgune bat izatea, literaturaren kontzepzio zabala daukana, genero diferenteak lantzen dituena: itzulpengintza, letragintza, poesia, antzerkia, taularako literatura, liburuetakoa, sarekoa… Kolaboratzaile sare zabala daukana. Hainbat autore deskubritu izan ditut sarean, eta Uberanen, adibidez, Sally Rooneyren nobelekin oso harrapatuta nengoela, Paul Beitiak egin zuen haren lanei buruzko erreportaje bat. Oihartzun horiek topatzea, autore berriak aurkitzea –hainbat emakume idazleri buruz gehiago jakin dut Uberanen bitartez–, asko estimatzen dudan zerbait da.


 

Gehiago jakiteko:

Azaroaren 26an egingo dugun ekitaldiaren xehetasunak

Uberanen ibilbideari buruzko erreportajea

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.