Hitzen Uberanen urteurrenean: Imanol Ubeda

Hitzen Uberanen 10. urteurrena ospatzen ari gara, eta barrutik ondo ezagutu duen bidaidearengana jo dugu: Imanol Ubeda. Uberanen sorreran kolaboratzaile izan genuen hasieran, Poema musikatuak atalean, eta erredakzio kide ondoren.

imanol ubeda

Poema musikatuak. Nola gogoratzen duzu proiektu hura, zer nolako tresna izan zen zuretzat une horretan?

Beti izan dut literaturarako joera. Eta lehen kanta modukoak egiten hasi nintzen unetik, alboan izan dudan osagaia izan da poesia. Batzuetan kanta baterako ideia eman didate. Eta maizagotan, abesti baten abiapuntu bilakatu dira. Hitzen Uberani esker, nire gelan giltzapetuta geratzeko arriskua zuten abesti asko plazaratzeko aukera izan nuen. Nire poema musikatuentzat, Spotify modukoa izan zen Hitzen Uberan.

Esperientzia hura eta gero kazetari ibili zinen Uberanen. Zer utzi zizun esperientziak, zer ikasi zenuen?

Uxue Alberdiren amatasun baja bat betetzeko xedez hasi nintzen kazetari lanetan. Baina “ordezkapen” hura zazpi bat urtez luzatu zen azkenean. Eskola ederra izan zen eta jende interesgarri asko ezagutu nuen. Elkarrizketa gogoangarri batzuk egiteko aukera eman zidan gainera. Horretaz aparte, lankide apartak izan nituen eta asko ikasi nuen eurekin. Lankide nituenak lagunak ditut orain. Hori da Uberaneko egonaldi artistiko-laboralak utzi didan arrastorik inportanteena.

Ez zaitugu idazle zentzu hertsian, baina letragile bai, musikagintzan; besteren hitzak sarritan musikatu dituzu, irakurzale amorratua bazaitugu beraz. Zaletasunaren ikuspegitik, zer balio ematen diozu oro har Uberani?

Literatura-egileen eta literatura-zaleen topagune bat da Uberan. Baliabide gutxirekin plaza birtual interesgarri batean bilakatu da, jakingarri ugariz osatua: literatur albisteen ataria da, elkarrizketa sosegatuak irakurtzeko txokoa du, ezezagunak diren hango zein hemengo autoreak deskubritzeko amuak eskaintzen ditu, agendaren berri ematen du… Badu nabarmentzeko moduko atal bat ere: Komunitatea. Sortzaile orori aukeran eskaintzen zaien atala. Alegia, eman ez ezik, jaso ere egiten duela Uberanek. Eta joan-etorri horiek aberasgarriak izaten dira beti, edo ia beti.
>

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.