“Bidenteak gara” liburua osorik sarean

Gasteizko Baratza aretoak udaberrian antolatu ohi du Zurrunbilo euskal arte eszenikoen jaialdia. Udaberrian bertan behera geratu ostean, pasa den asteburuan egin ahal izan dute. Bertan, Bidenteak gara liburua aurkeztu dute EHAZE elkartearekin batera, 14 artikuluz osatutako liburu kolektiboa.

ehaze_azala_bidenteak

Gasteizko Baratza aretoak udaberrian antolatu ohi du Zurrunbilo euskal arte eszenikoen jaialdia. Euskarazko teatroaren joera berriekin egitaraua osatzeaz gain, elkargune gisa baliatu ohi dute jaialdia, gogoetara partekaturako. Aurtengo udaberrian pandemiagatik bertan behera geratu zen, eta topaldi birtuala egiten saiatu ziren. Mugak muga, bertatik liburu kolektibo bat egiteko asmoa atera zen, euskarazko arte eszenikoen ikuspegitik egun bizi dugun egoera espresatuko zuena, estilo aldetik modu askotarikoan. Asmo horren emaitza asteburu honetan aurkeztu den Bidenteak gara liburua izan da.

Zurrunbilo TopaketaBidenteak gara liburu kolektiboaren aurkezpena, azaroaren 22an Gasteizen.

Topaldi birtual hartan parte hartutako 13 egileek idatzi dituzte artikuluak, honako hauek, hain zuzen ere: Patricia Urrutia Urieta, Amaia Irazabal Blanco, Iñaki Ziarrusta Hernaez, Itziar Rekalde Luzarraga, Ane Gebara Gonzalez de Axpuru, Gontzal Uribe Cuerno, Marina Suarez Ortiz de Zarate, Horman Poster kolektiboa, Telmo Irureta Uria, Maite Aizpurua Olaizola, Eneritz Artetxe Aranaz, Josune Velez de Mendizabal Fernandez de Garaialde, Formol Laborategia, Oier Guillan Bermudez.

EHAZEk sinatutako sar-hitzetik atera ditugu hitz hauek:

2020ko udaberrian, beste hainbat ekitaldirekin gertatu bezala, bertan behera geratu zen Gasteizko Baratza Aretoak antolatu ohi duen Zurrunbilo jaialdia. Ohiko moduan, euskarazko dramaturgia berriei erakusleihoa eskaintzeaz gain, gogoeta gune zabala izatea zuen xede jaialdiak. Oraingoan aurrekariak ere baziren: besteak beste, 2019ko Azpeitiko Antzerki Jardunaldietan “Euskal antzerkiaren lekua” ekimena antolatu zen, zeinetan euskarazko antzerkia saretzeko eta ahalduntzeko ahalegin bat egin zen; Gasteizko asmoa zen Azpeitian abiatutako ekimenari jarraipena ematea, baina izurriteak guztia paralizatu zuen. Ez kasualitatez, itxialdian ginen bitartean kultur sektoreak bere osotasunean kulturaren balio soziala aldarrikatu zuen entretenimendu hutsetik haratago, eta Euskal Herrian bizi duen egoera prekarioa salatu. Hortik etorri ziren hainbat ekimen, haien artean greba digitala.

Baratza aretoko lagunek Zurrunbiloko topaldia egiteko ahalegina egin zuten. Jende ugari bildu zen pantailaren aurrean gogoeta egiteko. Esan gabe doa, telematikoki asanbladak egitea eta gogoetak partekatzea ez da batere erraza, eta topaldia sinbolikoa izan zen batez ere. Baina garrantzitsuena eginda zegoen: saretze baten hastapena, dramaturgia berriei sektore eszenikoaren errealitatea bisibilizatzea, egun euskaraz Euskal Herrian lan egiteak dakarren problematika ikustaraztearekin batera. Hari horretatik tiraka, esku artean duzun proiektua sortu zuten Baratzakoek, EHAZEekin elkarlanean: topaldi digitalean parte hartu zutenei iritzi artikulu bat idaztera gonbidatu zituzten, modu libre eta sortzailean, pauta bakarra jarrita: imajinatu gure egoera epe laburrera, bidente eszenikoak bilakatu gaitezen.

Esku artean duzu, irakurle, gogoetarako izateaz gain, gozamenerako izatea ere nahi genukeen artikulu sorta.

Arantzazu Fernandez Iglesiasek idatzi du liburuko hitzaurrea. Bertatik atera ditugu hitz hauek:

Zurrunbilo hitza modu ezberdinetan ahoskatzen dugu, hala nola, zurrumilo, zurrungil(o), zurrunbuilo, zurrunbuilu, zurrubillo, zurumilo. Hala ere, esateko molde guztietan esanahi berak dirau, liburu honetan gertatzen den bezala: ez da talde homogeneoa hemen aurkezten dena, nork bere ahotsa du nahiz eta, finean, denek bat egiten duten garai digital hauetan teatroaren gertutasuna aldarrikatzeko. Liburu honetako hausnarketak idatzita daude gorputz disidenteetatik, ertzetatik, efimerotasuna aldarrikatzetik, tradizioa iraultzetik, lukurreriaren kontrako jarreratik, teatroa sendagai gisa ulertzetik, normaltasunari aurre egitetik, antzezlanak errealitatearen ispiluak direlako ustetik, garaikidetasunean nahiko garaikideak ez ote garen pentsatzetik. Erak eta manerak diferenteak darabiltzate, «egon bagaude» diotela egileek, euren burua zuzenekoa nahi dutela, antzezpena haragizkoa. Ziurgabetasun hilabete hauetan bereziki, zuzeneko arteak, ilusioaren bitartez bada ere, segurtamena eskaintzen digu, heldulekua, non kultura gure bidaidea izan behar dela inoiz baina argiago antzeman dugun, zeren ez baitago antzerkia edota dantza baino egiatiagoa den arte adierazpenik. Eta horregatik, egiak eskertzen ditugun garaietan, arte eszenikoen egia, gordintasuna, biluztasuna, fisikotasuna nahiz kuraia inoiz baino gehiago gertu nahi ditugu ikusleok, kultur erresistentzia praktikak zuzen-zuzenean.

Liburua nola eskuratu

Sarean, libura deskargatu daiteke osorik eta doan, helbide honetan: http://ehaze.liburuak.eus/bidenteak

Paperean, 10 euro da prezioa, eta emailez eskatu daiteke hemen: info@ehaze.eus

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.