“Keinu Leihoak” zikloa antolatu du Mairu antzerki tailerrak Lesakan

“Keinu leihoak” zikloa antolatu du 16. aldiz Lesakako Mairu antzerki tailerrak. Hiru ikuskari gonbidatu dituzte, abendua eta urtarrila artean.

Mairu_kartela

Honatx Mairu taldeko antolatzaileek bidali diguten aurkezpena:

Normaltasun berria deitzen diote, baina dena da arraroa azken aldian, itsusiagoa, desberdina. Eta desberdintasunik badu aurtengo “Keinu-Leihoak” ere, egoerak horrela behartuta “Keinu-Leihoak”en 16. edizioa, 2020an hasi, eta 2021ean bukatuko baita.

Baina ohikotasunetik ere izanen du, eta “Keinu-Leihoak”en normala izaten den bezala, aspaldiko lagunak eta proposamen berriak izanen ditugu gurekin. Mixel, Titika, Vivi eta Galtxetaburu etorri izanak dira lehenago; baina, oraingoan, lehendabiziko aldiz, laurek elkarrekin. Jon Ander Urresti estreinakoz hurbilduko da gure leihora, bere bakarkako lehen lanarekin. Eta bukatzeko,gure plazan ohikoak diren Gilkitxaroko lagunak izanen ditugu iazko abenduan estreinatutako lanarekin.

Arraroa, itsusiagoa, desberdina… baina pareta zartatuetan ere bada lorerik.

Egitaraua

etxahun

Abenduak 3, 18:30, Harriondoa

GAZTELONDON ZER BERRI

Mixel Etxekopar, Dominika Rekalt, Pierre Vissler eta Galtxetaburu

Etxahun Barkoxeren inguruan dabil ikusgarri berri hau.

“Plazak xamar beltzez jaunsten ziren denboretaz ari gatzaizue
Mantalina beltzak begitarteak belauniko ezartzen zituzten denboretaz…”

Pierre Topet Etxahunen kantuen eta biziaren giroan sartzen da, soinuz, musikaz eta kantuz, bistan da. Kantu ezagunak eta ez hain ezagunak. XIX. mendeko ingurumenean sartzen gira, orduko araudi sozial eta moralari paratuz.

Trajediak badu lekua, baina komediak, umoreak ere bai. Etxahun poeta erromantikoa izan zen, eta bere garaikoa, bertsuak eta kantuak zuten garrantzi handiarekin jendartean.

jon alder urresti

Abenduak 5, 18:30, Harriondoa

TRIBIZ, BASERRI GALDUE

Jon Ander Urresti

700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrenaren aurrean bizi naiz, atez ate. Edo honetaz geratzen den harri eta haga erorien aurrean. Gure familiaren azken belaunaldiko elkarren arteko gatazkek utzi zuten 1800 metro karratuko baserria arkeologia objektu bihurtzen. Baserri bat gelditzen den momentuan erortzen hasten baita.

Zortez, akzioak erreproduzitzeko dokumentu batzuk kontserbatzen ditugu: lan tresnak. Tresna hauek, lanaren nostalgiaren inguruan zabalduko digute gogoeta: akzio hauek ote dira gure ondarerik handiena?

Baserritarren bilobak aktoreak dira gaur egun: eszenaren bizitza, akzio eta tresna horien oihartzunaren erabilera bilatzen duten baserritar postmodernoak. Egungo gaia da baserriarekin dugun gatazka: erabilera galtzen ari den ondarearekin zer egin?

Min egiteari uzten ez dionak bakarrik irauten du memorian. (Friedrich Nietzsche)

etarenagiribulegoa1

Urtarrilak 8, 20:00, Arrano

ETAren AGIRI BULEGOA

Gilkitxaro

Non hartzen dira herri honen erabakiak, bulegoetan ala barrikadetan?

Petral Bilbao ETAren agiri bulegoko langilea da. ETAren zigiluak banatzea da bere eginkizun bortitza. Makal Xiberu bulegora dator, eginkizun sekretu batekin. Petralek, ordea, arnasa hartzeko denbora eman gabe, bestea ezustean harrapaturik, ETAren agiria lortzeko probak ezarriko dizkio.

Metraileta baten erritmora bizi den komedia.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.