Mikel Ayllonen apalategian: Lanpara kendu, liburuei tokia egiteko

Atal berri bat abiatu dugu Hitzen Uberanen: Apalategian; beren liburu kuttunei (eta ez hain kuttunei) buruz galdetuko diegu idazleei hilean behin. Gaurkoan, Mikel Ayllon.

binary comment

Urte emankorra izan du Mikel Ayllon idazleak: Elkarren eskutik kaleratu berri du Zoriontsuak izatea aukeratu genuen, Donostiako Kutxa saria irabazi ondoren. Bestalde, liburu horretako ipuin baten moldaketarekin antzezlan labur bat egin du, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak koproduzituta, eta bertan estreinatuko zen pasa den asteburuan. Elkar ezagutu genuen eguna du izena. Getxoko Ramiro Pinilla lehiaketan Hanka hautsiak nobela saritu zioten, eta, dena ondo bidean, datorren urteko udazkenean kaleratuko da. Azkenik,  Bilboko Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi du hilabete honetan. Aurrez, Ez tiro egin anbulantziei (2015) eleberria argitaratu zuen Elkarren eskutik, Igartza saria irabazita.

Hona bere kuttunak.

Mesanotxean daukazun liburua: Mesanotxeko lanpara kendu behar izan dut liburuak jartzeko. Han daude orain Irati Elorrietaren Neguko argiak, China Miévilleren October eta Peter Brooksen El espacio vacío.

Zure bizitza aldatu zuen liburua: Asko. Ia denak, egia esateko. Nerabe nintzela, esate baterako, Balizko erroten erresuma, Koldo Izagirrerena. Berriki, Judith Butlerren Gender trouble: feminism and the subversion of identity.

Hainbat aldiz irakurtzen hasi arren, inoiz amaitu ez duzun liburua: James Joycen Ulises. Harremana moztu behar izan dut hiruzpalau aldiz. Baina bera ez da arazoa; ni naiz.

Gogotik oparitzen duzun liburua: Ez dakit nola oparitu liburu bat ez den beste edozer. Oparituen zerrendako lehena, Elena Poniatowskaren Querido Diego, te abraza Quiela.

Haurtzaro edo gaztaroko liburu kuttuna: Bi klasiko, mila aldiz orriztatuak: Joseba Sarrionandiaren Narrazioak eta Julio Cortazarren Rayuela.

Zuk zeuk idatzi nahi izango zenukeen liburua: Sálvora. Diario de un farero, Julio Vilchesena. Bere bizitza eta bere idazkera, biak nahiko nituzke niretzat. Eta Ursula K. Le Guinek The Dispossessed liburuan erakusten duen irudimen zehatz bezain neurrigabea.

Negar eginarazi dizun azken liburua: Rafael Chirbesen En la orilla. Minez, amorruz, ezinegonez.

Barre eginarazi dizun azken liburua: D.D. Johnstonen Peace, love & petrol bombs. Zer gauza zoroa.

Inoiz irakurri ez izanaz lotsatzen zaren liburua: Uf, asko eta asko. Shakespeareren ia dena, adibidez.

Aldarteak aldarte, sekula hutsik egiten ez dizun liburua: El gran número; Fin y principio y otros poemas Wislawa Szymborskaren poemen antologia. Mundu osoa kabitzen da lerro estu horietan.

 

This entry was posted in Albisteak, ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.