«Ehiztari bakartia izan zen Carson McCullers, eta halakoxeak dira haren pertsonaiarik onenak ere»

Carson McCullersen Kafe tristearen balada plazaratu berri du Pasazaite argitaletxeak, Asun Garikanok itzulita. McCullersen giro eta pertsonaia grotesko eta liluragarriak euskaraz ezagutzeko lehen aukera dugu hau. Elkarrizketa honetan, McCullersen literaturaren erakarmen-indarra ulertzeko zenbait gako eman dizkigu Garikanok. Argazkia: Jone Irazu.

Asun Garikano. Argazkia, Jone Irazu

Carson McCullersen Kafe tristearen balada argitaratu berri duzu, Pasazaite argitaletxean. Baina itzulpena lehenagotik egina zenuen, ezta?

Literatura Unibertsala bildumarako egin nuen duela hogeita bosten bat urte, baina argitaratzeko eskubidea ukatu ziguten, eta ordenagailuko karpeta batean gordeta egon da harrezkero. Ahalegin asko egin genituen, kontu horietan espezializatutako abokatu bat ere ibili zen tartean, baina alferrik. Gogoan daukat bidali ziguten azken erantzunaren esaldi bat: «Ez zaigu interesatzen Kafe tristearen balada Euskal Herrian argitaratzea». Erakunde bat arduratzen zen orduan, eta orain ere bai, idazlearen ondarea kudeatzeaz, McCullersek berak ez baitzuen ondorengorik izan. Hara jo zuen Pasazaiteko Xabier Queirugak ere obra hau argitaratzea erabaki zuenean, eta oraingoan ez zen batere arazorik egon.

Nolakoa izan da orduko Asun Garikano itzultzailearekin topo egitea? Espero izatekoa zenarekin egin duzu topo? Zerbaitek harritu zaitu (onerako zein txarrerako)?

Beste garai bat eta beste lan egiteko modu bat ekarri dizkit burura. Orduan esan baligute urte batzuk barru ordenagailuko saguari klik egin eta horrenbeste hiztegitara jotzeko aukera izango genuela, zientzia fikziozko kontua irudituko zitzaigun. Hiztegi-sorta aldamenean genuela lan egiten genuen, eta ez zen batere arraroa hitz baten ordaina topatzeko bost edo sei hiztegi kontsultatu behar izatea. Hitz baten bila bost edo sei hiztegi marduletan orriz orri ibiltzea Harri Aroko kontua irudituko zaie gaurko itzultzaile gazteei.

Itzultzaileak eskura dituen tresnak hobeak dira orain eta, horri esker, Kafe tristearen baladaren bigarren bertsio hau lehenengoa baino zehatzagoa da. Baina hori, zehaztasuna, itzulpenari eskatu behar zaion lehen ezaugarria baino ez da. Ondo itzultzeko, ondo idazteko bezala, sena, inspirazioa, prosaren orekaren eta erritmoaren zentzua, tonuari eusteko eta disonantziak detektatzeko gaitasuna…, holako dohainak behar dira, eta horiek ez dira kanpoko tresnen bidez eskuratzen.

Bertsio hau zehatzagoa da beste alde batetik ere. Duela hogeita bost urteko itzultzaileak hizkuntza-eredu normal batera ekarri nahi izan zuen McCullersen prosa; testua izan zedila irakurgarria eta, liburua bukatzean, irakurleak esan zezala itzulpen-lanak goraipatzeko asmatu den laudoriorik handiena: «Ez da nabaritzen itzulpena denik». Laudorio horren atzetik ibiliko zen hura ere, eta McCullersen idazkerak bere-bereak dituen zenbait ezaugarri –gauzak edo pertsonak kalifikatzeko erabiltzen dituen adjektibo ezohikoak, inpertinenteak, edota denboraren igarotzea adierazteko modua, gehiago ahozko kontakizunetakoa erregistro idatzikoa baino– normaldu egin zituen.

Normaltze hori huts bat dela iruditzen zait orain. Besteak beste, era guztietako idazkerak euskarara ekartzearren itzultzen ditugu literatur lanak. Gauzak beste modu batera esateko ahalegina da literatura, hizkuntza arrunta baino harago joanez, hizkuntza behartuz hizkuntza horretan inoiz esan ez diren gauzak esateko edo gauzak inoiz esan ez diren moduan esateko, hizkuntza bere ahalmen espresiboaren azken muturreraino eramanez. Hori bera egiten saiatu behar du itzultzaileak xede-hizkuntzan, norberaren idazkera ahaztu eta idazlearenarekin mimetizatuz. Eta horretan saiatu naiz bertsio berri honetan, jatorrizkora ahalik eta gehien hurbiltzen, McCullersen idazkeraren berezitasuna euskaraz erreproduzitzen.  

McCullers idazle zorrotza zen, bere testuak behin eta berriz idazten zituena. The Member of the Wedding-en sei bertsio bidali omen zizkion bere editoreari, behin-behinekoak zirela esanez, oraindik ez zegoela kontent emaitzarekin eta lanean jarraitu behar zuela. Ahalegin handien ondoren, zazpigarren bertsioa ontzat eman zuen. Hortik aurrera, behin obra bat ontzat ematen zuenean, gorroto zuen inork hitz bat kentzea edo aldatzea. Horretan pentsatzeak paralizatuta utz dezake itzultzailea. Zer hitz aukeratuko zukeen McCullersek, «txalkorra» ala «konkorduna»? Hainbeste itzuli ondoren, ezin hasiko naiz esaten itzulpena ezinezkoa denik, baina bai orain gure ofizioaren zailtasunaren kontzientzia handiagoa daukadala hasi nintzenean baino.

Nola aurkeztuko zenuke Carson McCullers? Zer jakin beharko luke McCullers ezagutzen ez duen euskal irakurleak? Zergatik irakurri beharko luke?

Estatu Batuetako Hegoalde Sakoneko idazlea, William FaulknerKatherine Anne PorterTennessee WilliamsEudora Welty edo Flannery O’Connor bezala, horien garai berekoa. Osasun txarrekoa, 31 urte bete zituenerako gorputzaren ezkerreko aldea paralizatuta zeukan, baina ez zion horrek bizitzari aurre egiteko kemena gutxitu: burdinazko tximeleta bat bezala ikusten zuen bere burua eta halakotzat zeukaten bere lagunek ere. Lau nobela, antzezlanak, ipuinak, artikuluak, poemak argitaratu zituen eta oso ospetsua izan zen bere garaian, bai Estatu Batuetan eta bai Europan ere. Broadwayen estreinatu ziren bere antzezlanak eta filmak egin ziren bere nobela guztiekin. John Houstonek zuzendu eta Elizabeth Taylorrek eta Marlon Brandointerpretatutako Reflections in a Golden Eye da adaptaziorik ezagunena.

Zergatik irakurri McCullers? Bere paragrafo bat edo orri bat hona ekartzea litzateke onena, haren prosak adierazten duen giza arimaren ulermena, ahulekiko edo deformeekiko errukia, idazkeraren edertasuna erakusteko. McCullersek badu titulu zoragarriko liburu bat, The Heart is a Lonely Hunter, (Bihotza ehiztari bakartia da). McCullersen bizitzaren eta obra guztiaren laburpen hoberik ez dago. Ehiztari bakartia izan zen idazlea, eta halakoxeak dira haren pertsonaiarik onenak ere. Maitasun bila dabiltzan ehiztari bakartiak dira Kafe tristearen baladako hiru protagonistak, Miss Amelia kankailua, Cousin Lymon txalkorra eta Marvin Macy zitala, eta baita liburuko beste narrazioetakoak ere, Zuhaitz bat, harkaitz bat, hodei bat ederreko agure hori esate baterako; baina haien bilaketak ez du emaitzarik. Horretaz, maitasunaren fenomenoaz, maitalearen eta maitatuaren artean sortzen den lehiaz, bere maitatua pertsegitzen duen maitalearen desesperazioaz, ezagutza sakona zuen  McCullersek. Eta esperientzia unibertsal horren berri ematen duenean, irakurleak bere barrua irakurtzen ari dela sentitzen du; pertsonaiak bizitzen ari diren hori bizi izan duela berak ere. Emozio horiek esan gabe zeuzkan bere barruan, eta idazleak forma eman die, artikulatu egin ditu, eta argitara atera.

Arrazoi askorengatik irakurtzen dugu, geure buruari ihes egiteko batzuetan, geure buruarekin hitz egiteko beste batzuetan. McCullersek aurrez aurre jartzen gaitu geure buruarekin, geure barruarekin.

Zure hitzaurrean Graham Greeneren aipu bat jasotzen duzu: «Nik nahiago dut Miss McCullers Mr Faulkner baino, idazkera garbiagoa duelako; D.H. Lawrence baino ere nahiago dut, mezurik ez duelako». Zuk Faulkner ere itzuli duzu. Bat al zatoz adierazpen honekin?

Arrazoi du Graham Greenek: McCullersen idazkera argiagoa da Faulknerrena baino, eta inolako mezurik inposatu gabe aurkezten ditu pertsonaiak eta haien arteko harreman ezohikoak, arau-hausleak. Zein nahiago dudan nik? Irakurle gisa, biak, ez nuke bat baztertu nahi. Faulkner nobelagintzaren eraberritzaile handia izan zen, Kafkaren edo Joyceren mailakoa, eta fikziozko unibertso oso bat sortu zuen, Yoknapatawpha konderriabizileku izan zuen Lafayette konderrian oinarrituta. McCullers narratzaile tradizionalagoa da, hirugarren pertsonan kontatzen ditu bere istorioak, baina konplexutasun teknikoa ezin da izan literatur lan baten balioa erabakitzeko neurria. Modan egon zen, garai batean, narratzaile orojakile delakoari muzin egitea eta teknikoki konplexuak ziren obrak txalotzea. Kontu hori baztertuta dagoela esango nuke, eta McCullersek, batere konplexutasun teknikorik gabe, benetako harribitxiak idatzi zituela: Kafe tristearen balada hau, The Heart is a Lonely Hunter eta The Member of the Wedding.

Irakurle gisa, beraz, ez dut bat aukeratuko, biak estimatzen ditut asko. Baina, itzultzaile gisa, lehenago itzuliko nuke McCullersen beste obra bat Faulknerren beste bat baino. Zaila da McCullers itzultzea ere, oso zaila batzuetan, baina haren sotiltasuna «harrapatzea» oso erronka erakargarria egin zait.

McCullersi buruz dokumentatzen hasi, eta «arraro» hitzarekin topo egin dut behin baino gehiagotan. Haren «arrarotasun arraroak sortzen duen lilura» aipatzen du Rodrigo Fresánek, adibidez, gaztelerazko antologiarako prestatu zuen hitzaurrean. Bat al zatoz? Ausartuko zinateke azaltzen zertan datzan arrarotasun hori?

Egia da, McCullers idazle «arrarotzat» hartua izan da, emakume «arrarotzat» zeukaten harekin harremana izan zutenek, eta berak ere «arrarotzat» zeukan bere burua. Umetatik zetorkion sentipen hori. Bere amak jeinutzat hartu zuen jaio zen unetik, eta McCullersek espektatiba hori bete beharraren presioa sentitu zuen beti; liburu honetako Wunderkind ipuineko protagonistak bezala, bide batez esanda. Umetan hasi zen, beraz, besteak ez bezalakoa, anormala, ez-konbentzionala izatearen sentimendua. Aurrerago, berak Greta Garboren antza izan nahi bazuen ere, pertsona gaixo baten itxura hartzen joan zen, atake batek herren utzi zuen, dar-dar egiten zioten eskuek… Alkoholikoa zen. Bisexuala.  Identitate sexualaren kontu horrek ez zion inoiz arazo moralik sortu —modu irekian bilatu zuen gizonezko zein emakumezkoen maitasuna—, baina sexu bateko zein besteko lagunekin ehundu zuen harreman-sarea, «arraroa» bakarrik ez, erabat transgresorea zen bere garaian.

Idazlearen beraren arrarotasun hori berak asmatutako pertsonaia askotan proiektatzen da. Ezohiko ezaugarriak dituzte, deformeak dira, groteskoak, freakyak… Hor dauzkagu, esate baterako, Kafe tristearen baladako hiru protagonistak: Miss Amelia, gizonezko baten ezaugarriekin deskribatzen zaiguna; Cousin Lymon, identitate sexual jakinik gabeko txalkorra; Marvin Macy, bihotza mertxika hezur bat bezain gogorra duena, umetan maitasunik jaso ez zuelako… Pertsonaiak berak bezala, hiru horien artean sortzen den maitasun triangelua ere erabat groteskoa da. Baina haiek aurkezteko moduan ez dago inolako burlarik edo morbositaterik. McCullersentzat, gizarte-arau estuetan enkajatu ezin duten pertsonaiak dira, baina maitasunik puruenaren eta sublimeenaren emaile edo hartzaile izan daitezke.

Azken aldi honetan beste berrikusketa/zuzenketa/eguneratze lan batzuk ere egin dituzu: Faulknerren Hotsa eta ardaila, Stevensonen Altxor uhartea... Izan ere, EIZIEren Literatura Unibertsala bildumaren hasiera hartan (1990eko hamarkadaren hasieran) eman zenituen zure lehen itzulpen lanak. 30 urteko ikusmira horretatik, zer iritzi duzu euskal literatur itzulpengintzak (eta euskal testugintzak oro har) izan duen bilakaeraz?

Hizkuntza finkatuago dago, eta hori alde handia da. Bestalde, asko itzuli da eta gogoeta asko egin da itzulpengintzaz, eta horrek ere lagundu du. Duela hogeita hamar urte, «primeran irakurtzen zen» itzulpen bat argitaratzea albiste bat zen, gaur asko dira horrelakoak. Nire ustez, azken bi hamarkadetako prosarik onenaren antologia bat egin behar bagenu, testu itzuliek pisu handia eduki beharko lukete, euskaraz sortu direnek adinakoa.

Eta harrerari dagokionez? Nola ikusten duzu irakurleen artean euskal literatura itzuliak garai hartan zuen eta gaur egun duen harrera?

Orduan uste genuen, inuzenteak izan gu, euskaraz kalitatezko produktuak eskainiz gero haiek kontsumitzera joko zutela korrika euskaldunek, baina ez da hala gertatu. Euskaldun asko euskaraz sortutako produktuei bizkarra emanda bizi dira; literatura, musika, antzerkia, zinema, telebista… kontsumitzeko orduan, erdarazko produktuetara jotzen dute. Beldurra ere ematen du horren atzean zer dagoen aztertzen hasteak.

Literatur itzulpenen harrerari dagokionez, politikarien artean modan jarri den moduan esanda, «pedagogia egin» beharko luke norbaitek, erakunderen batek-edo, eta konbentzitu irakurleak, irakasleak, liburuzainak, euskaraz sortutako liburuak bezain ondo idatziak egon daitezkeela itzulpenak, eta Flaubert, Virginia Woolf, Machado de Assis, Txekhov… euskararen literaturaren parte direla haien obrak euskaraz jarri ditugun unetik.

Itzulpen-tailerrak egiten genituenean IRALEn, beti aipatzen nien ikasleei Stephen Vizinczey idazleak elkarrizketa batean emandako erantzuna. XIX. mendeko idazle ingelesik handiena zein zen galdetu zioten. Asko zeuzkan aukeran: Dickens, Hardy, Austen, Brontë ahizpak… Zein aukeratu zuen berak? Dostoievski. Dostoievski errusiarra, bai, ingelesera itzulita. Galdera bera egingo baligute, zein den XIX. mendeko euskal idazlerik handiena? Flaubert? Conrad? Von Chamisso? Dostoievski bera? Non aukeratu badugu, denak euskararen literaturaren parte dira.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.