Eusebio Calonge eta pertsonaien exhumazioa

Eusebio Calonge-ren Aquí yacen (Pepitas de Calabaza, 2020) liburuko pasarte bat ekarri dizuegu Amuak atalera. (Argazkia: hemendik).

Eusebio-Calonge_1210389157_79606302_667x375

Eusebio Calonge (Jerez de la Frontera, 1963) La Zaranda antzerki taldeko dramaturgoa izan da azken hiru hamarkadatan. Bere testuak sarritan argitaratu izan dira. La Zaranda taldearekin idatzitakoak, besteak beste, Hiru argitaletxeak eta Artezblai argitaletxeak plazaratu izan dituzte. Antzerki saiakeraren arloan ere argitaratu du lanik, ezagunena Orientaciones en el desierto (Artezblai, 2012). Aurreko amu batzuetan ere izan dugu bere obra mintzagai, ikus HEMEN eta HEMEN. Berriki, bere testu bat eraman du oholtzara Bilboko Kabia taldeak: El alimento de las moscas.

Zenbat luzatzen da pertsonaia baten bizitza? Noiz itzaltzen dira inork inoz gorpuztutako pertsonaia baten begiak? Bizirik egon daitezke pertsonaiak antzezlanetik haratago? Iaz plazaratutako Aquí Yacen (dramatis personae) liburuak badu ez ohikotik: La Zarandaren ibilbide luzean haien obretatik pasatako pertsonaiak hartu, eta paperean berpiztu egin ditu, ametsa eta amesgaiztoaren arteko galeria ezinezkoa osatuz. Horra literaturak antzerkiari egiten dion ekarpena, Calongeren liburu honetan. “La Zarandako pertsonaien exhumazioa eta literatur hondakinetan bilakatzea”. Heriotza eta bizitzaren artean, argia eta batez ere iluntasunaren artean, haien lanetan bezala, libruu honetako pertsonaiak gainbehera datoz, amestu dituen jendartearen gainbehera bera islatuz. Bazterreko izenak, zaborran berpiztuak, bete gabeko ametsen kiratsa darie haien jantziei. 60 pertsonaia dira denera, atal ezberdinetan sailatuak: artistak, pailazoak, literatoak, eroetxekoak, tanatoriokoak, ehorzleak, forentseak, eskaleak, ferianteak, ospitalekoak, naufragoak…

Haietako bat duzue hauxe:

aqui yacen

32

AITA

(Ricardo Gomez eta familia)

Bihotzetik gertu hautsitako arteriaren batek deskonposatu zuen. Egunak zeramatzan bizarra egin gabe, begiak erdi itxirik, bere gaixotasuna harrotasunez erakusten duenaren keinu finkoa. Bere ohearen ertzean barreiaturik, alaba. Oso haurdun, aurikularrak, txiklea, eta aldizkari bat zabalik, errealitatetik zeharo deskonektatua. Besaulkian, kuluxkaka, ama, gaixoaren emaztea. Zargaldua, ilea kolorgeturik, begirada mingotsa. Hauxe da ezinduentzako garabi batetik jauzitakoan buru kolpez hildako Jenniferren familia. Hiruek espero dute bazkariko erretiluaren etorrera. Beren berezko ingurunean dauden basapiztiak direla esan liteke.

Aita, lorik egiten edo telebista ikusten ez duenean, begiak sabaian dituela dabil bakarrizketan.

Zeinen nazkagarriak ametsak! Zeinen mingots uzten duten ahoa. Gauzak bestela direla besterik ez dugu amesten. Orduko hartan asmatu izan banu, zortea alde izan banu inoiz. Baina okertu egin nintzen, eta dena pikutara joan zen. Zergatik ez ote nuen hobeto pentsatu? Ausarta izan banintz, ezer ez litzateke orain den hau. Nire bizitza beste bat izango litzateke. Baina koldarra izan nintzen. Sekula ez diot damutzeari utziko. Orduan izan zitekeen. Hain egon nintzen gertu. Baina beti edukitzen da beldurra zoriontasuna pausu batera dagoenean. Geure buruari esaten diogu ez dela existitzen, ezinezkoa dela gure zoritxarra ez besterik edukitzea. Eta azkenean ez dugu pausu hori ematen, ez gara ausartzen, eta bizitzak ihes egiten du. Betirako galtzen dugu. Eta hain gertu egon ginela oroitzean guztia beste modu batera izan zitekeela egiten dugu amets atzera, beste aukera bat egon daitekeelakoan… Bizitza ematen dugu egiteko gai izango ez garena amesten… Orduko hartan erabakia hartu izan banu… Ziztada sentitu nuen, hura zela jakin nuen, baina erokeria iruditu zitzaidan etxetik kanpo irabaztea eta X bat jarri nuen, 2 bat zela sentitu nuen baina X bat jarri nuen. Berdinketa! Hain egon nintzen gertu, pentsatzen dudan bakoitzean hilik egoteko gogoa sartzen zait.

Medikuek alta eman nahi izan zioten eta haiek sutu egin ziren. Ez al ziren jabetzen egoeraren larritasunaz? Arrazoia edukitzeagatik besterik ez bazen ere, burugogor porrokatu hura hil egin zen azkenean. Gustatuko zitzaiokeen aurretik bere heriotzaren eguna ezagutzea, zenbaki harekin loterian apustu egin ahal izateko.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.