FUNANBULISTAREN BELDURRA – KARLOS GORORDO

unnamed

 

“-Batzarretan euskara darabilgu ezelako arazorik gabe. Hizkuntza estrategikoa dugu bokerek uler ez dezaten zertaz hitz egiten dugun. Baina uste dut ahalegin handiagoa egin behar genukeela egunerokotasunean darabilgun hizkuntzari dagokionez.

-A zelako txorrada! -ean zuen irri lotsatiaz Isilak-. Hemen gehienok badakigu euskara. Euskaldun peto-petoak gara.

-Euskaldun petoa izateak ez du esan  nahi euskara jakin eta ez erabiltzeko eskubidea ematen duenik.

-Mesedez, Juankar, zertara dator batzar hau? -esan zuen Juanitok-. Bakoitzak jakingo du zein hizkuntzatan berba egin. Ezin da inor behartu gaztelaniaz edo euskaraz hitz egitera.

-Ez da behartzea, Juanito. Kontzientzia kontua da, ideologikoa, erakundearen estrategiaren oinarrizko premisa. Nor gara gu? Zer gara? Zer nahi dugu? Zergatik gaude kartzelan? Zer lortzeko? ETAkoak garelako gaude kartzelan. Lotsagarria da, onartezina, Euskal Herri euskaldun eta subiranoaren aldeko borrokan, hori aldarrikatzen dutenen aldetik sentiberatasun txikiena ere ez izatea euskararen alde.

Ez zen inolako debaterik sortu euskararen inguruan. Isilik geratu zen mundu guztia, Neneren aipamenaren ostean:

-Izan dezagun zentzu apur bat. Kontzientzia gaitezen sustraiko eta oinarrizko diren arazoez. Nor garen eta zer nahi dugun dago jokoan.

 

Bai, Karlos Gorrindoren Funanbulistaren Beldurra etakide ohi baten hamasei urteko kartzelaldiaren kronika da, material humanoa eta literarioa erabiliz, kotrazalean bertan ondotxo jakinarazten digunez, musika lagun eta ezer baino lehen bere egia kontatzen diguna. Izan ere, liburua da etakide ohi baten eboluzioaren kronika, hau da, ETAn nola eta zergatik sartu zen kontatzen diguna, behin atxilo hartu eta gero kartzelan bizi izandako urteak idazgai dituena, gainerako etakideekiko zein, batik bat, ETArekiko gorabeheren berri ematen diguna. Bada, beraz, kapituluz kapitulu, urtez urtez, ETAren diziplinatik urrunduko duen eboluzio baten egia. Esan bezala, kontrazalean bertan honako galdera hau egiten dio liburuak irakurleari. “Entzun nahi duenik bada?” Galdera, aldiz, oso bestelakoa izan behar litzatekeelakoan nago ni: merezi al du Karlos Gorrindoren egia irakurtzea?

Ezin uka kronika honen balioa testigantza gisa, ez eta zenbait pasartetan presoak pairatu beharreko ezinegonak zein desengainuak nola edo hala, ezinbestez, eragiten duten enpatia ere. Kronika hau badago, gainera, oso polito idatzita, oso idazkera txukuna eta arina, nabari zaio Gorrindori euskaltzaletasun zintzoa bere sokako asko eta askoren aldean, hau da, euskararen izenean ere hainbeste errugabeko garbitu zituztenen aldean gure hizkuntza maitearen ospe ona Gorrindoren helburu politikoekin bat egiten ez zuten euskaldun zein erdaldun asko eta askoren begietara lardaskatuz. Eta egon, badaude ere zenbait pasarte benetan mamitsuak etakide presoen arteko nondik norakoen berri zuzena, egiazkoa -hau da, ez beste egile batzuek fikzioaren aldetik kontatutakoak- jasotze aldera; esaterako, gorago, nire hitzokin hasi aurretik, euskararen kontura transkribatutako pasartea. Eta badago ere, ETArekikoak alde batera lagata, zenbait pasarte oso politak kartzelako egunerokotasunaren gainean, batez ere protagonista Valentziakoan zegoela preso transexual batekin hasitako harreman zintzo eta polita, kartzeletako bizimodu perilos eta petralaren berri emateaz gain jatorri zein aurri ezberdineko gizabanakoen arteko elkar ulertzearen adibide ederra, ia hunkigarria, dena.

-Jode Yoli, te comen con los ojos!

-Todas son una panda de mariquitas miedosas -esan zidan Yolik, hizkuntzaren erabilera femeninoa aukeratuta, bere burua ar eta gizontzat zituzten preso gizonezkoengandik bereiztearren.

-¿Por qué estás en la cárcel?

-Le corte los huevos a un hijo de puta, mientras me violaba por la boca.

-Y aquí, ¿ya te respeta la gente? -galdetu nion jakin-minez-. Se ve que tienes carácter, pero…

-Me hago respetar, no soy una gualtrapas. Sé lo que quiero y me busco la vida.

-Y tu gente de la calle, ¿cómo lo lleva que estés en la cárcel?

-Mi padre es un hijo de puta. A mi madre la adoro. Me está ayudando en lo que puede. ¿Por qué no quieres que vaya contigo a desayunar a tu celda? -aldatu zuen hizpidea Yolik.

-No lo sé. Por el que dirán, tal vez. Por mis prejuicios aún. Eres una persona educada y encantadora, y por suerte para ti, muy diferente a la que pulula por aquí. ¿Por qué quiers venir tú a desayunar conmigo a la celda?

-No me gusta desayunar sola.

Gainerako guztia, ordea, ETArekin zein bere inguruko gehienekin, hausten duen disidente baten egia, hau da, urteak joan ahala eta hauekin borroka armatuaren endekapen etiko zein estratejikoaren aurrean, bere noragabeko egoera larriari begira ere bai. Funanbulistaren Beldurrako etakidea bada beraz alde horretatik Pako Aristik Rosa itzuli da (2018, Erein) liburuan fikzionatu zuen etakidearen ifrentzua, hau da, ezertaz damutzen ez den Rosa preso ohia, baita Mikel Antzak Atzerria (Susa, 2012) nobelan aurkezten digun militante eredugarriarena ere. Funanbulistaren Beldurra.ko etakidea ez da eredu, ez, guztiz kontrakoa baizik, porrot handi eta batez ere tamalgarri baten exenplua baizik.

 

Hala eta guztiz ere, kronika hau lubakitik idatzita omen dago lubakikoendako, hau da, protagonistaren moduan ETAren zein bere garaiko ezker abertzaleen buruzagien estrategiarekin etsita zegoen militante beti zintzoak zein bere biziaren urterik onenak Euskal Herriaren balizko askatasunaren alde eman dituenak idatzita. Ez dago liburuan, ez, ETAk eragindako min edota kalteei buruzko inolako gogoeta kritikorik, ez dago autokritikarik euskal gizarteak azken hamarkadotan ETAren bortizkeria errukigabekoaren erruz jasandakoari buruz. Eta, jakina, ez dago inolako aipamenik ere ETAren biktimen gainean. Ez dago, beraz, Ruben Sanchez Bakaikoaren Hondarrak (Txalaparta, 20219)  nobelan  Tupa etakideak  liburuaren barrenenean eragindako min eta kalte osoari buruz egiten duten gogoeta bezalako beti ere euskal gizartearen etorkizuneko elkar-adiskidetzeari begira.  Zergatik ote? Protagonista ez da damutzen bere militantziaz, hau da, euskal gizarteari egindako min zein kalteez, ETAk bidean utzitako hildakoez, bere erakundea zenak zein zenbait borrokaidek hartutako erabakiez baizik, hau da, gauzak oker egin izanaz, ez gauzak gaizki izanaz. Horrenbestez, Funanbulistaren beldurra omen da egilearen lubakikoendako propio idatzitako kronika, hau da, ETArekin zergatik eta zelan apurtu zuen azaltzeko, agian zuritzeko, baina beti argi eta garbi utzita beste batzuk izan zirela ETAk aurreneko urteetan hartutako bide zuzenetik aldendu zirenak, hau da, abertzaletasun zintzo eta pairakorretik. Gorrindoren lubakitik at gaudenondako, ordea, lekukotza interesgarria izan liteke bera bezalako etakideen ikus/pentsamoldeen nondik norakoak apurtxo bat gehiago ezagutze aldera, hau da, hainbat hamarkadatan euren helburu politikoak indarrez inposatu nahi zizkigutenenak; baina, lekukotza bezala, zer esanik ez, bada ere etsigarri samarra ere, ez baitzaio behin bakarrik ere etsai izandakoaren ikuspuntuak nola edo hala aintzat hartzeko, hots, ulertzeko zein ere onartzeko inolako saio edo asmorik antzematen.

 

Gauzak horrela, nola ez galdetu nire buruari, enegarrenez, euskarazko literatura ETAren aldeko edo inguruko lubaki barrukoendako propio egindakoa den ala ez, hau da, ezer baino lehen ezker abertzale klasiko eta batik bat ortodoxokoa omen den irakurlego batendakoa. Badakit, ezetz, jakina, ez dela halakoa, osorik ez behintzat, badagoela ere ETAren jarduera eta ezer baino lehen bere krimenak, baita ezker abertzalekoen nondik norakoak ere, gogor, zorrotz, zintzo, gaitzetsi egin dituzten euskarazko idazleak. Izan ere, behin baino gehiagotan zerrendatu ditut ETAren zein bere aldekoen lubakikoekin txit kritikoak izandako euskarazko liburuak, eta horrexegatik ere oraingoan ez dut beste zerrenda bat berriro egiteko gogo apurrik. Halere, oso bitxia da gero azken bolada honetan, kontakizunaren leloaz ari garela, argitaratzen diren euskarazko liburu asko eta asko ETAko militante ohiak edo protagonista izatea, eta bat ere ez ETAk eragindako biktimak. Bestela esanda, oso nabarmena da, menturaz adierazgarria bezain harrigarria, euskarazko literaturan borreroak hain maiz protagonista edo gutxienez idazgai izatea, eta erdarazkoan aldiz ETAren biktimak, biktimei buruzko nobelak edota biktimek idatzitako kronika gehienak erdaraz baino argitaratzen ez baitira azken bolada honetan. Edo are gordinagorik esanda: batez bestekoa hain ezberdina dela egiaztatuta, nola ez oldoztu, ondorioztatu, honako hau: euskara ez al da borreroen eremua, borreroak ez direnekoa baina, nolabaiteko heroi edo eukal gudari zintzoen hizkuntza baizik, eta erdara ordea azkenon biktimena, etsaiaren hizkuntza ote? Azken hau, jakina, benetan egia balitz, nik esango nuke euskalgintzak arazo larria duela, oso. Nolakoa gainera, lubakiak berak irensterainokoa, hain zuzen.

 

 

Txema Arinas

Oviedon, 2021/02/19

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.